Euskalgintzearen egoerearen zertzeladak (I)
Testuinguru horretan sakonduz, eragileen arteko hartu-emonak batzuetan gatxak, besteetan, abegikorrak, normaltasunaren barruan hartu eta ondo kudeatu behar dira, halan da be, euskerearen egoerea hobetzeko, kosta ahala kosta, une bakotxak ahalbideratzen dauen lankidetzea eta kolaborazino mailea ondo kudeatzen jakin behar da. Bada, euskalgintzeak indarrak metatzera bideratutako estrategia batean bere lekua zein dan jakin behar dau, osterantzeko eragileek euren betekizunak bete daiezan, eragile papera ondo bete behar dau eta modu autonomoan, interferentzia albait gitxien tarteko dirala, jokatzeko gauza izan behar dau. Baita be, euskal eta erdal esfera soziokulturalak bakarka eta eremu autonomo gisa ezin har daitekezanez, euskalgintzeak erdal eremura heltzeko eta euskerearen aldeko dinamikara erakarteko mezuak, jokabideak, estrategiak eta taktikak finkatu behar ditu.
Erramun Osa
Lurraldez lurralde DESbardintasunak igarten badira be, euskereak mendeetan ezagutu ez dauen lurralde hedadurea eta hedadura funtzionala lortu ditu azken hamarkadetan. Halan da be, hizkuntzea funtzino gehiagotara zabaltzea lortu dan arren, aldi berean, orain arte belaunez belaun transmisinoa ahalbidetu daben funtzinoak ahuldu jakoz euskereari (lurralde batzuetan, besteak beste, familia eremuan euskerearen transmisino katea eten egin da, e.a., bada, kareletik ataratea lortzen dauen ur are gehiago kuberta azpitik sartzen ete jako euskereari?). Bada, euskerearen biziraupena ahalbideratzeko, besteak beste, diglosia1 edo euskera/erderen artean oreka barri bat topetea erabagiorra da.
Testuinguru horretan, euskalgintzea une honetan geldiune batean dago bai azterketa, diskurtso, estrategia bai norabide aldetik. Oraindino be, 80ko hamarkadan batutako eta lehenago ereindako haziaren uztearen frutuak ari gara jasoten, hala eta guztiz be, errentak agortu ohi dira barritzen eta eguneratzen ez badira. Euskalgintzan horren ezagunak diran 'gitxi gara', 'batu beharra dogu' eta antzeko baieztapenak, besteak beste, ezintasunaren edota batzuetan inertzia batera mobidu izanaren ordaina dira, baina, nire eretxiz, ez dira erabat egia. Izan be, biztanleriagaz alderatuta, hedadura ekonomikoa zein bestelako erispideak kontuan hartuta, euskalgintzea ez da, oro har, mobimentu ahula, ez eta eremu urria be. Kontua beste bat da, baina.
Euskerea belaunaldi batetik bestera igaro ahal izateko hiztunak ez eze erabilera esparruak indartzeko xedez, euskalgintzako alkarte eta erakundeek, bakotxaren zeregina, ikuspegia, balioak-eta xedeetara heltzeko egin beharreko pausuak be argi izan behar ditue, era horretara, bakarka garatu ezin dituen edota danon artean garabidean garatzea komenigarriak izan leitekezan egitasmoak aurreikusiz, hasikerea-amaierea izango daben egitasmo zehatz horreei begira, askotariko eragileakaz aliantza estrategikoak indartuz. Horretan kokatzen da, nire eretxiz, euskalgintzeak egun dauen ikuspegi eta aurrerabide ezaren oinarria.
Beraz, euskalgintzan, paradigma aldaketea da bultzatu beharrekoa; jokabidez, estrategiaz, ikusmoldez desbardinak garanok ez dogu printzipioz batu behar, ezpada bakarka burutu ezin doguzan edo, beharbada, estrategikoki bakarka burutzea komenidu ez diran egitasmoak eta euskerearen biziraupena ahalbideratzeko garrantzi handikoak izan leitekezan eremuei ekiteari begira, egitasmo zehatzak aurrera atarateko. Euskal/erdal esfera soziokulturaletan zein ekonomikoetan jarduten dogunok batu behar dogu, bakotxak egiten dakian horretatik sinergiak baliatuz eta azken emoitzeari balio erantsia gehitzea bilatuz.
Horretarako, baina, konfrontazino eta lehia giroko dialektikearen ordez askotariko eragileen arteko lankidetzea –kritikoa batzuetan, baina, lankidetzea– eta kolaborazino giroa –ez menpekotasunezkoa– eregi behar dogu euskalgintzan. Izan be, euskerearen bilakaeran kontrako jokerea daben administrazino eta alderdiak albo batera lagata, alderdi euskaltzaleak kudeatzen dauzan instituzinoen aldetik, behin baino gehiagotan, orain aztertuko ez doguzan arrazoiak dirala bide, administrazinoen egitekoa gehiegi azpimarratzeko eta gizarte zibilaren esku hartzea murriztuteko, gitxiesteko, alboratzeko edota ordeztuteko jokerearen alboan, aldi berean, ustez gizarte zibilaren kide izanda be, badira alderdi batzuen posizinoetara labaindu ez eze alderdi horreen unean uneko xede eta estrategia politikoen zerbitzura eta arabera jokatu/jokatzen dauenik be. Bada, orain arteko bilakaerea aztertzeko orduan, baita etorkizunera begirako ildoak be zehaztuteko orduan, besteak beste, jokabide horreek zuzentzen ahalegintzea erabagiorra suertau leiteke. Beraz, euskerea beste zeozer lortzeko tresna beharrean, bere biziraupena ahalbidetzeko, guztiontzat xede bilakatzea ezinbestekoa da.
(1) Diglosia aitatzen dogunean, jatorrizko kontzeptuaz gabilz, hau da, ez gara diglosia esanahia itxuraldatzearen altzora asmau diran diglosia glotofagiko, diglosia simetriko/asimetriko, diglosia funtzional eta antzerako kontuez ari, diglosiak hizkuntzen konpartimentazinoaren ingurumarian daukan jatorrizko esangurearen ganean gabilz hemen. Kontzeptu honeek argitzen ahaleginduko gara hurrengoan.