Euskaldunok munduan  II. urtea // 23. zenbakia - 2003ko apirilaren 1a

Edorta Jimenez: 'Aberria bihotzean bizi dabe'


Horren lekuko izan da NABOren (Ipar Amerikako Euskal Erakundeen Alkartea) afaria. Hori bai, afariari ekin aurretik aita gurea errezau eta aitaren egin da. Euskeraz. Afalosteko bertsolarien jarduna ez da danontzat ulergarria izan. Halan da guztiz be, gustora txalotu dogu horreena. Niri neuri, hori dana baino ikusgarriagoa egin jatana afarira batu diran jenteen era eta kera desbardinak ikustea izan da. Afaldu aurretik taldean joan gara Renoko mortua hasten daneko ertzean dagoan ‘eusko artzainaren omenezkoa’ ikusten –Nestor Basterretxeak– egindakoa eta bidean jente desbardin horreetariko batzuekaz egoteko zoriona izan dot. Euskal Herria, hemen, bihotzean bizi dabe. Bestela, amerikarrak dira, eta harro.

Bestela, monumentuak berak eztabaidea sortuarazo eban. Horretan irudikatu gura dan artzaina abstraktuegia dala eta hemengoek zeozer tradizionalagoa gura izango ebela dinost hemengo barri polito dakian batek.

Artzainaren omenezko hori ez da Nestor Basterretxearen lan bakarra hemen. Unibersidadeko liburutegi nagusiko sarreran haren beste lan bat bada eta, horren gerizpetan hartzen dot goizeroko kafea. Batzuei honezkero paisajearen osogarri jaku hori. Bestela, Mikel Lertxundik be badauka lanen bat edo beste inguruotan.

Ez dakit artista horreen lanak ikustearren Nevadaraino joateak merezidu dauen. Hara joatekotan, beste barik hango zeru oskarbia eta mortu zabala ezagutzearren joan leiteke norbera. Bada, halantxe egiteko minez nago, ia Basque Library kutunaren alboan dagoan ‘Center for Basque Studies’ horretako lagunak bisitetan dodazan. Edo, beharbada, lagunak bisitetearren bueltauko nintzateke hara, eta bide batez Piramide Lake lako lekuak bisitau.

Lagun horreen guztien izenak ezin aitatu, ostera. Halan da ze, izan beitez lerro honeek Renon gure eta munduko gaietan ikertu, eztabaidatu eta irakatsi egiten daben taldearen omenezkoak eta agurrezkoak. Bidebagekeriaren itzalak haraino zabaldu gura diran honetan, zuen minez nagoala esan neike.

Edorta Jimenez

OHARRA: Edorta Jimenez idazleak denporalditxua egin dau Nevadan, Renon, eta hango kontu eta lagunen minez idatzi ditu lerrook. Renon emon dituan hilebeteotan Ernest Hemingway eta bere lagun euskaldunen ganeko ikerketak egin ditu; izan be, laster egongo da plazan gai horren ganeko liburua.

Inguruan mortua, goian ortze zabala eta bere barruan kasinoek osotzen daben urigunea, behin han egon danari nekez ahaztuko jako Reno uria. Itsasoaren maila baino mila eta bostehun metro gorago, airearen gardentasuna erregalu ederra da, birikiek eskertu egiten daben oparia.

Reno herritxu handi bat dala esan leiteke, arnasten dana, aire garbiaz ganera, herri txikietan izaten dan nasaitasuna da eta. Nasaitasun hori uriaren industria nagusia diran kasinoakaz bat ez datorrela esango leuke edonork. Baina halantxe da, eta miraria emoten dau. Mirari moduko hori are nabarmenagoa da Unibersidadeko campusean. Hor, inor ez da arrotza.

Etorkinek sortua, Nevadak etorkinen estadua izaten segiduten dau. Hor dira mexikarrak Campuseko jantoki apalean beharrean, eta horren goiko jantokian hortxe dira asiarrak. Horreek ikusten dodazan aldiro gogora etorten jataz halako batean hona etorri ziran euskaldunak. Horreetako baten etxean bizi nazalako da, beharbada. Ze bai, Joe, hemen Joseri esaten deutsen moduan, hirurogeiko hamarkadan etorri zan hona artzain.

Goizetan, Joe eta biok Renoko uriguneari begira egiten dogu gosaria. Euskeraz. Horretara, euskeraz idazten nabilenak barri-barri urteten deust. Nire lantokira ailegetan nazanerako gure berbetearen hori belarrian daroat dantzan. Eta horrelaxe ekiten deutsat goizero, Nevada Renoko Unibersidadeko Basque Library dalakoan. Zapatu eta domeketan be hona etorten naz. Euskal Herriaz behar dodan informazinoa berton daukat, Gordon Douglas edo Jon Bilbao lako gizon jatorrei esker sortu zan lekutxu honetan. Hemen batzuetan euskeraz egiten dogu, batez be liburutegiaren ardurea dauen Martzelino Ugaldegaz. Tarteka, ostera, horren laguntzaile jatorriz greziarrari, Dee lagunari, euskeraz egiten deutsat. Ikasten dabil, Nancy edo beste batzuk dabilzan legez. Ez dira asko Linda Whiteren euskera eskoletan gure hizkuntza hau ikasi guran dabilzanak. Ibili dabilzan horreek ikasiko balebe, ostera!

Gurea lako hizkuntzeari eustea ez da zeregin erraza. Joek lagunduta ulea ebaten noa eta, hara!, lanean diran hiru gizonen arteko bat jatorriz bizkaitarra da. Eta egin egiten dau. Bizkaieraz. Ez lar, ostera. Euskerea ondo menperatzeko nire moduko beste bezero batzuk beharko leukezala, dinost.

Hizkuntzeari eustea hain gatxa izanda, hemengo euskaldun seme-alabek euron jatorriko beste osogarri batzuei egiten deutsee jaramon. Halan ba, dantzeak arrakastea dauka. Arrakasta horren lekuko, Ameriketako euskaldunen alabea dan Kate eta bizkaitarra dan Manuren ezkontzan izan dot.

Ezkontza ekitaldi bitxirik eta hunkigarririk inoiz ikusi izan badot, Kate eta Manurena. Bitxia, ingelesez eta euskeraz egin dalako, beharbada. Hunkigarria, afariaren osteko dantzaldian hor hasi diralako dantzan mutilak eta gizon gazteak, hemen dantza-taldeek baino egiten ez dituen dantza horreetako bati ekinaz hasi be. Sekula lehenago ezagutu ez dodan moduan. Omenaldi moduko bat be bada afal osteko dantzaldia, izan be Kate bera da eta Renoko gaztetxuen dantza taldearen arimea.

Esan barik doa hemen, dantzakaz batera, mahaiaren ingurukoetan bizi dirala jaioterriko aireak. Aire usaintsuak.