Bertsotan  II. urtea // 23. zenbakia - 2003ko apirilaren 1a

Egunkaria aurrera!


Doinua: 'Meles Terrae' (Sarasua Anaiak)

Mogimentua bada
gure inguruan
nork jakin ze arrazoi
daukien buruan.
Sartu dira etxe ta
bulego barruan,
goizeko orduetan
lapurren moduan.

Paper eta agenda
kopuru zabala
ordenadoreena
be ez da makala.
Danok sentidu gara
lapurtuak hala,
geure etxean sartu
balira bezala.

Guretzat euskeraren
lagun ta behargin
beste batzuentzako
erratz bako sorgin.
Zalantzapean jarriz
itxi dabe arin,
eguneroko lanak
egiten deutse min.

Gure aurka egiteko
suabe-suabe
moldatu gura dabez
makina bat lege.
Momentuz idatzizko
prentsa dabe xede,
laster pentsamentua
galazoko dabe.

Batzuk txalo egin dabe
beste batzuk txistu
euskalduna izateak
dau hainbat arrisku.
Gugan ezingo dabe
zalantzarik biztu,
guk badakigulako
nortzuei sinistu.

Ez deuskue esango
zelan egin dantza
ez dabe itzaliko
gure esperantza.
Proiektu eta talde
on baten ardatza,
jausi arren barriro
altxatzean datza.

Iratxe Ibarra

Labur-labur:

- Arabako Bertsolari Txapelketea
Dulantziko kanporaketan Iker Agirre izan zan onena. Bigarren Irati Anda eta 3. Serapio Lopez, hainbat urtetan txapelketan parte hartu barik egon ondoren. Hurrengo kanporaketa Bastidan jokatuko da datorren zapatuan, apirilaren 12an; aurrez aurre izango dira: Zigor Enbeita, Andere Arriolabengoa, Alberto Martinez, Iñaki Viñaspre, Ane Ibarrola eta Iker Zelaia.

- Nafarroako Bertsolari Txapelketea 2003
Amets Arzallusek laugarren txapela jantzi eban Lesakan. Ametsen ondoren, Sustrai Colina 2. sailkatu zan eta Xabier Silveira hirugarren.

- II. Abra Saria (Getxo)
Txapelduna Jon Martin oiartzuarra izan zan eta Iñigo Izagirregaz jokatu eban buruz burukoa. Hirugarren, Miren Ibarluzea mungiarra geratu zan.

- Bertsulariak Ikastolarat V. Kanpainea
Bigarren itzulia martxan honezkero.

'Ez deuskue esango
zelan egin dantza
ez dabe itzaliko
gure esperantza.
Proiektu eta talde
on baten ardatza
jausi arren barriro
altxatzean datza'

Iratxe Ibarrari eskatu deutsagu Egunkaria zarratzearen inguruan bertso sortea idatzi daian eta aurreko horreek dira sortearen amaierako gogoetak. Iratxe Ibarra markinarrak 28 urte ditu, Euskal Filologia ikasi eban eta gaur egun UEMAko euskera teknikaria da Aulestin. 1992an hartu eban parte lehenengoz Bizkaiko Txapelketan eta 1994, 1998, 2000 eta 2002ko finaletan izan da markinarra. Azken txapelketan bizkaieraz kantau eban, polito kantau be. Bertso jarrietan ez da asko aritua, baina gure eskaereari gustura erantzun deutso. Aikoazan Egunkariari eskeini deutsozan berba neurtuak.

Iñaki Aurrekoetxea