Bertsotan  II. urtea // 23. zenbakia - 2003ko apirilaren 1a

Lazkao Txikiri Kantari


Bizkaie!

Lazkaomendi auzoa da au
eta Lazkao herria
eta kantari hasi naizena
abaliñe baserria
zu izan ziñan nere sortetxe
babesa eta tokia
palazio bat etzera baina
neretzat berdingabia.

Aurten, apirilaren 3an 10 urte bete dira Lazkao Txiki hil zala eta, urrian, barriz, Kilometroak, Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia Lazkaon izango da. Data gogoangarri honeek kontuan hartuta, Kilometroetako Kultura Batzordea eta Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea alkarlanean ibili dira bertsolaritzearen inguruan egitarau ederra osotzen. Ekitaldiak apirilaren 3, 4, 5 eta 6an izango dira Lazkaon.

Iztueta Kortajarena, Jose Migel, LAZKAO TXIKI

- 1926ko Irailaren 15ean jaio zan, Lazkaoko, Lazkaomendi auzoko Abaliñe baserrian.

- 1993ko apirilaren 3an hil zan Donostiako Poliklinikan, ebakuntzea egitera joanda.
Lanbidez laboraria, baserritarra zan, pentsu-saltzailea, hain zuzen be.

- Ezkongea.

- 1993ko Bertso Egunean bota zituan azken bertsoak; hurrengo egunean joan zan Donostiako Poliklinikara bihotzeko zainak garbitzeko ebakuntzea egitera; ebakuntzarako kordea kendu eutsen eta ez zan gehiago esnatu.

- 1936an, bederatzi urtegaz entzun eban lehen bertso-saioa. Uztapide eta Zepai izan ziran aurrez aurre. Orduan piztu jakon, antza, bertsotarako-pasinoa. Berasartegaz batez be eta noz edo noz Basarri, Uztapide eta Zepaigaz be ibili zan bertsotan 1950. urtea baino lehen.

- Bertsolari autodidaktea izan zan, lagunartean eta bere erara ikasitakoa.

- Lehenengoz plazan kantari, Legorretan hasi zan, 1942an, bedaiotar bat kantu-lagun ebala.

- Kantukide ohikoenak: Basarri, Uztapide, Zepai, Lasarte, Xalbador, Mattin, Lopategi, Azpillaga, Amuriza, Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Egaña, Jon Sarasua, Euskitze...; hiru bertsolari belaunaldi egokitu jakozan kanturako eta sasoian sasoikora egokitzen asmau eban, guztien errespetua eta mirespena bereganatuz.

- Bat-bateko bertso-sorta ezagunenak: Egunsentiari, Oh baserritxo, Ispiluari.

- Bertsolari-txapelketak:

Txapelketa Nagusia 1962 : 4. geratu zan.
Txapelketa Nagusia 1965 : finalaurrean, Bilbon 1. eta finalean, Donostian 2.
Txapelketa Nagusia 1967 : 4. (Donostian)
Gipuzkoako txapelketa 1962 : kanporaketa Beasainen, 1.; finalaurrean, Eibarren,
1. eta finalean, Donostian, 2.
Gipuzkoako txapelketa 1964 : finalaurrean, Eibarren, 1. eta Tolosako finalean txapeldun.

- Bat-bateko bertsolari jeniala, izenondo asko irabazi dituana bertsolari zein bertsozaleakandik. Berbearen, gorputz espresinoaren eta ahots tonu moldaketearen arteko lotura bikaina lortzen trebea zan eta hiru sasoietako zaleen mirespena bereganatu eban. Umorezko bertsoakaz lotu izan bada be, sentimentuzko bertsoak dira gehienbat jentearen gogoetan geratu diranak.