Informazinoa & desinformazinoa
Baina gu uritar sinpleak baino ez gara. Arduratzekoa izaten da txosten eta hausnarketa sakonak egiteko dagozanak sinplekeria eta topikoetan jausten ikustea. Horra Palestina, Txetxenia edota Euskal Herriaren ganean esaten dana. Nagi intelektuala oso zabalduta dagoan gaixotasuna da, eta bai mundua ulertzeko interes faltea be. Bestelako interesak, ostera, sobran dagoz munduan zehar.
IƱaki Atxutegi
Zabaldu daigun egunkaria, Euskaldunon Egunkariaren faltan, berbarako Egunero baina bardin beste edozein egunkari. Piztu daiguzan telebista eta irratia (edozein telebista kanal edo irrati kate). Irakeko gerrea da nagusi komunikabideetan. Holako gerra potolorik ez dagoanean behintzat, sarritan betegarri modura agertzen dan Nazinoarteko Sekzinoak nagusitasuna hartu dau hedabideetan.
Egonezinik gagoz hurrengo parte militarra noz etorriko zain. Ez dogu ezer sinisten, edo halan esaten dogu, baina egiaren eta guzurraren artean bereizten jakingo dogulako itxaropena ez dogu galtzen. Irakeko herri eta urietan egunotan bizi daben giza hondamendia sekulakoa dala badakigu zeozelan, nahiz eta horren gaineko erreferentzia askorik ez izan eta doguzan apurrak apropos bideratutakoak izan. Jakitun gara hainbat ume umezurtz eta goseak jota dabilzala Iraken, badakigu bonba eta misil bizkor horreek ez dabela jakingo personak eta gauzak bereizten. Inork esan barik, esan barik geratzen dan hori benetan pasau edo pasauko dala badakigu ondo.
Sasi-informazino horreek munduko beste tragediak bigarren lerrora bialtzen ditu. Palestinako tragedia ahaztuta dago. Ahaztu dogu Ariel Sharon lodikotea. Afganistanen AEBetako soldaduek egindako operazino militarraren ganean gauza handirik ez deuskue esaten. Konturatzen ez bagara be, Txetxeniako gatazka odoltsua aurrera doa.
Begi-bistan dogu gaur eguneko kazetaritzearen ezaugarrietako bat, hau da, atentzinoa ez dala luzaroan mantentzen leku jakin batean. Barriak arin, uste baino arinago erreten dira. Hori dala eta, errealidadearen edo benetan pasetan danaren ganeko azaleko kontuak baino ez doguz ezagutzen, kontu horreek baino ez deuskuezalako helarazoten. Hortik aurrera joateko eta zeozer gehiago jakin gura izan ezkero, denporea eta ahalegin handia behar dira. Nekez azaltzen edo erakusten deuskue gatazka baten sorrerea, ez deuskuez argi azaltzen ikusten doguzan astakerien arrazoiak eta batek jakin arazoaren amaierea erakusten ete deuskuen. Tragedia bere gordintasunean dagoenean, irudi gogorrak etxe barruraino sartzen jakuz, ezelako anestesia barik.
Bateren batek esan leike fikzinoa eta errealidadeaz jaubetzeko bardin jokatzen dogula. Danok praktiketan dogun 'zapping' horri esker, pelikula edo programa bat baino gehiago ikustea eguneroko kontua da gure etxeetan. Saltoka goaz kanal batetik bestera, argumentuetan larregi sakondu barik. Eszena zati horreekaz gure 'pelikulea' osotzen dogu eta ikusi ez doguna gure kontura beteten dogu.
Informazinoa eskuratzeko ez dago aldaketarik: irudiak ikusi egiten doguz adierazpen batzuekaz lagunduta. Gure aurreretxien filtrotik pasau ta 'pelikulea' montauta dago, bere argumentu, pertsonaia on eta gaiztoakaz.