Nafarroako banderea Tafallako udaletxean ipini zanekoa
Nafarroako ikurren aldeko burrukea, sarri, euskal abertzaleen ekinaren ekinez etorren eta burruka hori aurrera eroateagaitik ondorio latzak be sufridu behar izan zituen. Santiago Doxandabaratzen kasuan, gerrea etorri zanean, ezin sinistuta, zer pasetan zan bere begiekaz ikusi guran, Iruñeako Gaztelu Enparantzara hurreratu zan Tafallesako autobusean. Han batuta egoan jente piloa ikusita, berehala beste autobus bat hartu eta Iparralderantz, Baionarantz joan zan hain zuzen be. Iparraldeko uriburuan urte batzuk pasau eta 1940ko maiatzean, Venezuelarantz alde egin behar izan eban barriro, kasu honetan Frantzia guztia menperatzen hasita egozan naziengandik alde eginaz.
Baina oraindino istorio honek badauka beste azken atal bat: 1958an, Santiago erbestetik bueltau zanean, barriro ahalegindu zan Nafarroako banderearen aldeko burrukeari eusten. Horretarako, sasoi haretan Tafallako alkate frankistea zanarengana jo eta gogor egin eutson, izan be, udaletxeko balkoian Nafarroako banderea ipinteko agindu eutson. Ez zan ba edonor, ez zan erraz kikiltzen dan horreetarikoa gure Santiago Doxandabaratz.
Asier Madarieta,
Euskal Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.
Egunotan hain erabilia izan dan Nafarroako Legebiltzarrean eztabaidatutako ikur edo sinboloen legea dala eta, lurralde honetako sinboloa dan Nafarroako banderea udaletxetako balkoietan ipinteko izan diran arazoetaz zeozer kontauko dogu.
Guri, gaur egun, holan iruditzen bajaku be, ez daigun pentsau, Nafarroako udaletxeetan bertako banderea, hau da, zapi gorria eta erdian kateez egindako nafarroako armarria dauen banderea, betidanik ipini ahal izan danik. Hain zuzen be, 1920ko hamarkadan ezin zan bandera hau udaletxeetan ipini, nahiz eta Nafarroako banderea izan, Madrileko gobernuak emondako legeek holan galarazoten ebelako. Orduko agintarientzako, Nafarroako banderea, Espainiarrakandik alde egin gura ebenena zan eta, beraz, 'separatisten' banderatzat hartzen zan.
Edozelan be, lege horreekaz danak ez egozan konforme eta kontrako jarrerea erakusten ebenen artean, euskal abertzaleak be baziran. Halan ba, esate baterako Tafalla aldean lehenengo banderearen aldeko apostua egingo ebana, abertzale bat izan zan: Santiago Doxandabaratz.
Santiago Doxandabaratz Tafallan jaio zan 1896an, nahiz eta aitita jatorriz Asparrenekoa izan. Gazte zala, Arturo Campionen liburuak irakurri eta honen eraginez, abertzaletasun mundurantz hurreratzen hasi zan. 1913an Tafallako beste gazte batzuekaz batera (tartean bere anaia Jesus, gero EAJren EBBko Lehendakaria izango zana egoalarik), abertzaletzat jo geinken taldetxua eratu eben; Doxandabaratz anaiek preparautako lehenengo batzar horretan, Manuel Aranzadi abertzale nafarra izan eben gidari eta aholkulari. Ez ziran ez leku ez momentu aproposak abertzaleentzat. Nafarroako Erriberan, jauntxoak eta karlistak ziran nagusi eta horreei aurre egiteko nahikoa indar euken bakarrak sozialistak ziran. Baina ilusinoz eta gogoz, gogor ekin eutsien beharrari Tafallako gazteek, Nafarroako beste hainbat lekutan beste abertzale batzuek egin eben moduan.
Handik urte batzuetara, beharrak bere etekina ekarri eban eta 1922ko apirilean izandako udal hauteskundeetan, Santiago Doxandabaratz Tafallako zinegotzi aukeratu eben. Kargu horretatik ekin eutson Santiagok Nafarroako banderearen aldeko burrukeari.
Udal kargua hartu eta bere lehenengo beharra udaletxeko balkoian Nafarroako banderea jartea izan zan. Horretarako, udaletxeko batzarrean aho batez onartua izan zan proposamena aurkeztu eban. Mozino horretan erabagi eben legez, Nafarroako banderea udaletxe guztietako balkoietan ipini behar zan eskegita. Lehenengo pausua emonda egoan.
Dana dala, Santiagoren egunak zinegotzi zereginetan arin amaitu ziran: 1923an Primo de Riverak estadu kolpea emon eta diktadurea ezarri eban. Diktadoreak hartu eban erabagietariko bat alderdi politikoak galarazotea izan zan, baita Eusko Alderdi Jeltzalea be. Kontuak kontu, Santiago Doxandabaratzek Tafallako zinegotzi kargua itxi egin behar izan eban.
Halan da guztiz be, udaletxetik kanpo egon arren, Santiagok ideiak eta burua argi zituan eta ez eban, ez, atzera egin. Denporea alperrik galdu barik, urte horretan bertan, hau da, 1923an, Frantzisko Xabierren eguna zala eta, Nafarroako patroiaren eguna ospatu beharra egoala eta, udaletxean Nafarroako banderea ipintea pentsau eban Santiagok. Horretarako, herriko aguaziletariko bat topau eta Nafarroako banderea udaletxeko balkoian ipinteko eskatu eutson. Aguazila lehenengoetan guztiz konforme ez baegoan be, azkenean baiezkoa emon, zapi gorria hartu, udaletxera igon eta bertako balkoian ipini eban eskegita.
Herrian arin zabaldu zan barria. Udaletxean Nafarroako banderea egoan zintzilik eta bakar-bakarrik ganera. Jentea zur eta lur egoan eta zer pasauko bildurretan, denporalditxuan ikusi barik ebena ikustera hurreratzen ziran herritarrak plazara, eta bai, egia zan, hara eta hona, haizearen eraginez, Nafarroako ikurra hantxe egoan, udaletxeko balkoian. Holan egon zan eguerdira arte. Orduan, alkateari abisua emon eta aguazilen burua zanak kendu egin eban. Atrebentziaren ondorioak gogorrak izan ziran Santiagorentzat. Sekulako saltsa-maltsea egoala ikusita, Santiagok alde egitea pentsau eban. Autobusa hartu, eta Baionara joan zan. Aguazila be bota egin eben udaletik.
Dana konpondu zan handik zortzi egunera: Santiagoren aitak, semeari ipinitako 25 pezetako isuna edo multea eta aguazilaren soldatea pagau zituan, eta azkenean Santiago Doxandabaratz nasai bueltau zan etxera.