Rosa Miren Pagola (Deustuko Unibersidadeko Hizkuntza Politikarako Erretoreordea): 'FonAtari, euskal fonetikearen ikertzaile zein euskerearen zaleentzat informazino eta komunikabide gunea da'.
FonAtari, euskerearen hotsen ganeko Interneteko lehen ataria
Gaiaren ganean gehiago jakiteko Rosa Miren Pagolarengana jo dogu.
1. Zeintzuk dira FonAtari-ren helburuak eta aurreikuspenak?
Hainbat izan dira helburuak. Nagusiena interneten euskerearen maila fonikoaren zabalkunderako zein ikerketa zorrotzak egiteko baliagarria izan daitekeen tresna oso bat sortzea zan, gaiaren inguruko oinarrizko erreferentzia izateko. Beste alde batetik, euskerearen euskalkien aberastasunaren erakusgarri izango diran laginak gorde eta bitarteko egoki baten bidez zabaldu gura genduzan. Labur-labur esateko, Internet Sarean euskerearen eta, batez be, hizkuntzearen fonetikearen atari bat eratzea eta eskaintzea izan da gure asmoa.
2. Webgune hau filologo eta ikertzaileentzat pentsauta dago?
Bai, baina ez dago adituei bakarrik zuzenduta. Ikerlanetarako zein gizarteko zabalkunderako erabili daitekezan material linguistikoak eskaintzen dira. Adituek fonetika akustikoaren inguruan hainbat datu eta deskribapen topauko ditue, hau da, euskerearen soinuen azterketa esperimentala. Baina irakaskuntza ertaineko irakasleek, euskaltegikoek eta, oro har, adituak ez diranek, euskerearen soinuen aldaera guztietako corpus multzoa topauko dabe, eta euskereari buruzko informazino ugari be bai: egoerea, historia, sailkapena eta bestelako kontu batzuk. Horrezaz ganera, erabiltzaile guztiek, euskal fonetikearen ikertzaileek eta euskera zaleek, informazino eta komunikabide gune bat izango dabe.
3. Oraingoz euskeraz eta ingelesez egin daitekez kontsultak, baina laster aukera gehiago be emongo dozuez, ezta?
Bai, aurki gazteleraz be egongo da. Epe luzeagoan, barriz, frantsesez ipiniko dogu.
4. Zein izango da FonAtari kudeatzeko erea? Edukiak eta informazino barria jaso ahala sareratuko dozue?
Ahal dogun neurrian edukiak osotzen eta barriak sartzen joango gara. Alde batetik, FonAtariren presentzia sarean sendotu gura dogu: aurkezpena, hedapena, kideen preminei erantzunak emon, foroaren sustapena eta, bestetik, webeko edukiak gaurkotu, gehitu eta zehaztu: bibliografia eta ahozko bildumen datu basean, barrien saila, etab.
5. Euskal fonetika eta fonologiaz lan asko egin da; baina, hemetik aurrera, zeintzuk izan daitekez egitekoak?
Euskerearen esparrura lotuz, hainbat dira oraindino dagozan eginbeharrak. Hotsen azterketa akustiko asko dago oraindino egiteko. Horrezaz ganera, lanketa prozesua hasita badago be, deskribapen artikulatorioak, gaur egungo teknologiaz baliatuz, garapen handia behar dau.
6. Deustuko Unibersidadeko Hizkuntza Politikarako Erretoreorde zaranetik, zeintzuk izan dira erronka nagusiak eta emondako pausuak?
Orain dala hiru urte, Deustuko Unibersidadeko Euskerearen Normalizazino Plana onartu eta indarrean jarri zan. Ordutik, neurri handi batean, euskerea komunikazino tresna bihurtu dala esan daiteke, zerbitzuetan euskerea erabilteko aukerea eskainiz eta, ondorioz, erabilereari jagokonez, aurrera pausu handiak igarten dira. Bestalde, euskerea, irakaskuntza mailan, ikasketa gehienetan sartu da eta horregaz ikasleei euren heziketan lanbideko hizkuntz gaikuntzea bermatzeko aukerea eskaini jake.
Deustuko Unibersidadeak Bizkaiko Aldundiaren laguntzinoagaz garatu dauen 'FonAtari' izeneko euskerearen hotsen ganeko Interneteko lehen ataria oraintsu aurkeztu dabe.
FonAtari webguneak euskerearen fonetikearen gaineko informazino osoa eta euskereagaz eta euskalki guztiakaz lotutako materiala batu dau gorago aitatutako Interneteko helbidean.
Euskerearen historia, jatorria, zatiketa dialektala edota ezaugarri fonikoei buruzko informazino zabalaz ganera, soinuzko 8.000 artxibo inguruko euskerazko soinuen analisia be topauko dau erabiltzaileak, euskalki guztien adibide esanguratsuakaz, oinarri bibliografiko osoagaz, arlo honen ganeko ikasketa bilduma bategaz eta adituentzako komunikazino foro bategaz.
Lantaldean, FonAtari webgunean beharrean, besteak beste, Rosa Miren Pagola, Deustuko Unibersidadeko Hizkuntza Politikarako Erretoreordea, Ana Elejabeitia, Deustuko Unibersidadeko Fonetika Laborategiko Zuzendaria eta Alexander Iribar aitatu laborategiko teknikaria ibili dira.