BBKn kantetan dauenik bada
Orain bizkaie! topau zeinke
internetaren bidean,
igual bertsotan hasiko jatzu
jarri ezkero parean.
Nabigatzaile bertsozalea,
atrakau eizu gurean;
hamabostero sortak batean,
artikuluak bestean,
bertsoak eta bertsoen barri
izango dozu sarean.
Iñaki Aurrekoetxea
Bizkaian bada bertsolari gazteen erreferentzia bihurtu dan sariketea: Bertsolari Gazteen BBK Sariketea. Aurton hamargarren edizinoa jokatu da eta zenbaki polita begitandu jat, finalari ez eze sariketearen ibilbideari be errepasoa eginez, bertsotan atalari urtekerea emoteko. Ez dot aurrera egingo baina, martiaren 22an jokatutako finalean irabazle izan zan Ipar-Uribeko taldeagaz akordau barik: Iker, Joanes, Miren, Xabier, Etxahun eta Fredi, zorionak eta eutsi goiari!
Udabarria hastekoa dan sasoian jokatzen da txapelketa hau eta ez da kasualidadea izango, Bizkaiko bertsolari gazteen loratzearen lekuko egiten gaitualako. Egia da oraindino berdeegi dagozan aleak entzun izan doguzala, baina noz edo noz hasi beharko! Igor Elortzak, Unai Iturriagak eta Aritz Lopategik be sariketa honetan bota zituen hasikerako bertsoak. Egia da be, bertsolari gazteek eskolarteko txapelketea dabela erreferentzia nagusi baina BBK sariketan jentaurrean lehenengo berbak inprobisetako askoz be motibagarriagoa dan ezaugarria topetan dabe: taldeka jokatzen dala. Eskualdeko bertsolariek osotutako taldeetan parte hartzen dabenez, merituak zein hankasartzeak taldean banatzen ei dira eta bertsotan hasi barriak diranen larregizko tensinoa baretzen laguntzen ei dau. Sariketearen ezaugarri bereizgarria da, urtez-urte bertsogintza gaztearen soloan bere arloa mantentzera eta berton ereiten dabilzanentzat erakargarri bihurtzera eroan dauena.
Hasikera gorabeheratsuak
BBK finantza-erakundearen Euskera Zerbitzua izan da hasikeratik sariketearen sustengatzailea eta Joserra Bilbao eta Jon Lopategi jarri geinkez ekimenaren bultzatzaile nagusi legez. Asmo polita zanak urte batzuk behar izan zituan antolakuntza mailako egonkortasuna lortzeko. Taldeak zehaztuteko erispideak, bertsolarien aukeraketeak, saioetarako ordutegiak eta bestek burukomin batzuk sortu zituen arren, baegoan ekimenaren arrakastea berandu baino lehenago ziurtatu behar eban parebako bikotea: ideia ona eta finantza-baliabideak eskura. Ez dago sobran BBKren iturri emonkorra eskertzea, ez. Antolakuntzea fintzea baino ez dau eskatzen holako oinarri aberatsak eta hirugarren edizinorako sariketea merezidu eban martxan ebilen. Azken urteotan antolakuntzea hiru erakundek egiten dabe: BBK-k, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Parte-hartzaileek Bizkaiko bertsogintzearen gaur egungo isla diran sei eskualdetan banatuta kantetan dabe: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Ipar-Uribe eta Lea-Artibai. Helduen Bizkaiko Txapelketearen aurreko Eskualdeetako Txapelketak be euretan eskualdeetan jokatzen dira.
Ipar-Uribek aurten bai
Igazko edizinoan be faboritoak ziran eta ez eben finalean txapela janzterik izan. Aurten hasikerako agurretatik argi itxi eben igazko zorrak kitatzera etozala eta Busturialdeko taldeari irabazteko gose horren konbidatu duin baino duinagoa egitearena tokau jakon. Hamazortzi urtera bitarteko adin-taldean Busturialdetik Amaia Jauregizar, Ander Elortegi (finalistarik gazteena) eta Jon Rementeria eta Ipar-Uribetik Iker Gangoitik, Joanes Igeregik eta Miren Ibarluzeak kantau eben. Adin honetan bertsoaren erritmoa oraindino finkatu barik dabe bertsolariek, baina finalean jardun ebenek gauza politak erakutsi zituen, aurreko saioetakoa baino erritmo eta maila txukunagoa agertuz. Ipar-Uribekoek errenta laburtxua lortu eben hemen. Hamazortzitik hogeita hirura bitartekoek saioari falta eban gatz puntua emon eutsien; izan be, esperientzia gehiagoko bertsolariak igon ziran taula ganera: Busturialdetik Iker Belaustegi eta Anertz eta Igor Muniategi anaiak eta Ipar-Uribetik Etxahun Lekue eta Xabier eta Fredi Paya anaiak (Igorrek eta Fredik Euskal Herriko Txapelketa Nagusian parte hartu eben igaz). Saio bizia osotu eben honeek eta txapeldun urten ebenek gaztetxuetan baino errenta luzeagoa lortu be. Azken emoitzea hor dago, baina lehiaren ondorioak baino gehiago, hamabi bertsolariek erakutsitako jarrereak eta egindako beharrak merezidu dabe nire arretea. Zorionak danoi! Eta ez dodaz ganerakoak ahaztu: Arratiarrak txapeldunei nagusien mailan saio partziala irabazi izanak eta Iñaki Iturriozek bizkaiera txukunenaren saria eskuratu izanak kontsolauko dauz; Bilboaldekoak, Durangaldekoak eta Lea-Artibaikoak saio bana irabazi eta bertsolari barriak plazaratuta ez dabe ba gitxi egin!
Eskatzea libre
Lehenengo eta bat, sariketea denporan luzatzea proposatuko neuke. Gaurko formatuan saio bi eta gehienez finala jokatzen dau talde batek (danetara, zazpi saio) eta talde askotan kantetako aukera polita izan eta kantau barik geratzen da gazte asko. Liga modukoa antolatu ezkero, danak danen kontra, taldeek bosna saio jokatu ostean bi onenek finalean kantauko leukie. Danetara, 16 saio. Eta saioak goizez eta ikastetxeetan egin beharrean, iluntzeetan herri eta auzoetara zabalduko neukez. Aukera gehiago emongo leukez bai kantetako, bai eskualdeen arteko hartu-emonak lantzeko, lekuan lekuko bertso-eskolen inplikazinoa bultzatuz. Badakit aurrekontu handiagoa beharko litzatekena, baina ahaleginak merezidu dau. Bertso-eskolak ez dodaz debalde aitatu. Bertsolari gazteakaz eta orokorrean bertsolaritzearen transmisinoagaz egiten dan beharra bertso-eskolen inguruan egiten da, eta holako ekimenak motibagarriak dira bertako ikasle, irakasle zein arduradunentzat. Gaiak preparau, saioak herrian antolatu, bertsolariak mimau, aurkezleak sortu....Behar politak dira taldean egiteko, taldeka jokatzen dan sariketa baterako.