Chicago
Azkenengoz, musikearen garrantzia be azpimarratuko neuke; honetan bete-betean asmau dabela esan behar da. Guztiagaz be, ederto eginiko gauzen zerrendea txikia ez bada be, filmak huts egiten dau edozein istorioren osogai nagusietan: argumentuan, gidoian eta interesa sortzeko ahaleginetan, hatan be.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Rob Marshall.
- Herrialdea: USA.
- Urtea: 2002.
- Iraupena: 113 minitu.
- Interpretazinoa: Catherine Zeta-Jones (Velma Kelly), Renée Zellweger (Roxie Hart), Richard Gere (Billy Flynn), John C. Reilly (Amos Hart), Queen Latifah (Matron Morton), Christine Baranski (Mary Sunshine), Dominic West (Fred Casely), Lucy Liu (Kitty), Deirdre Goodwin (June), Denise Faye (Annie).
Ez dakit zein dan arrazoia, baina musikalek makina bat sari eskuratu dabe zinearen historian. Oraindino nahiko harrigarri egiten jaku 'Gigi'-ren moduko filmek bederatzi Oskar jadetsi izana, baina argi dago akademiaren kideek ez dirana eretxi berekoak. Alde horretatik, beraz, akademiak betiko koherentziaz jokatu eta, hamahiru izendapen emon ostean, pelikula hau sei Oskarrez saritzea erabagi dau.
Rob Marshall-en estrenaldi zinematografikoa ikusgarria izan da eta daborduko 'Moulin Rouge' musikalak igaz lortutako arrakastea gainditu dau. Horregaitik, gehientsuenek aurtengo denporaldiko ezusteko arraskatarik handiena dala adierazo dabe. Baina, egia esan, nire uste apalean, ez da hainbesterako. Izan be, itxurearen aldetiko ikuspuntu huts batetik ikusita, pelikuleak begien gozamenerako aukerea emonagaitik, ez dot pentsetan orain arte entzundako laudorioak benetakoak izan daitekezanik, batez be kontuan hartzen badogu argumentuari indarra emoten deutson arrazoi bakarra musika-apaingarri eta ikus-entzunezko artifizioetan datzala.
Kamerearen mobimentuak nahiko klasikoak izan arren, 'Chicago'-ren eszena arinei adi, ikuslea zurtz eginda egongo da; muntaia, bada, izugarri ona da eta modu bikainean tartekatzen dira kontakizunaren errealidadea eta protagonista batzuen pentsamentu, gurari eta sentimentuak. Autortu beharra dago bikaintasunaren pasarte labur horreek on-onak dirana (kasu baterako, txotxongilo moduan mozorroturiko personen agerpena sano egokia da).
Beste alde batetik, ostera, pelikulearen argumentua oso sinplea da eta gehiegitan ikusitakoa: 'dan-danak balio dau helburua arrakastea lortzea bada'. Ganera, Velma eta Roxie-ren gorabeherak ez dira lar biziak eta ohiko foiletoiak dakarskuez gogora. Gidoia be ez da apartekoa eta alkarrizketa zorrotz nahiz ukutu dramatikoagoak faltan hartzen doguz. Zirku handi baten bizi diran azaleko persona honeek irudikatzean, zinismoa be ez da modu aproposean erabilitako tresnea.
Renée Zellweger-ek hainbat unetan interpretazino zoragarria beteten dau (adi egon epaiketan autortzean gehiegikeriaz antzezturiko eszeneari) eta Richard Gerek ohi baino hobeto egiten dau; edozelan be, ondoen egin eta beste guztien ganetik agertzen dan aktorea Catherine Zeta-Jones da. Eszenan sartzeko modu ikusgarria eta dantza zein kanta zoragarriak gorabehera, pertsonaia lotsabako horren narruan paretako egindako interpretazinoa oso maila onekoa da; halandaze, ezin deutsagu ezer be kendu aktore honek irabazitako Oskar sariari.