'Chicago' eta 'Piano-jolea' Oskar sarietako irabazle ukaezinak
Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak mundu erdia harritu eban, 'Chicago' musikala eta batez be 'Piano-jolea' filmak saritzean, beti be Martin Scorsese-ren eta 'Gangs of New York' beraren filmaren kaltetan. Izan be, hamahiru proposamen izanda, Rob Marshall-en pelikulea faborito nagusia bazan be, Scorsese-ren epopeia bigarren lekuan egoan hamar proposamenagaz. Halan, 'Chicago'-k sei Oskar eskuratu zituan, baina Gangs of New York esku hutsik joan zan Kodak antzokitik.
Oskarren 75. ospakizunaren irabazlea, bada, 'Chicago' izan zan, baina arrakasta hori apur bat apaldu zan, kategoriarik garrantzitsuenetan sari bi besterik ez ebala lortu kontuan hartzen badogu, pelikularik eta aktoresarik onenari (Catherine Zeta-Jones) emondako sariak, hatan be. Ganerako lau Oskarrak kategoria teknikoetan jadetsi zituan, hau da, zuzendaritza artistikoan, soinuan, muntaian eta jantzietan.
Ura errotara ezustean eroatea lortu eban filma Roman Polanski-ren 'Piano-jolea' izan zan. Aldizkari honetako beste ale baten esan genduan legez, film zintzo, hunkigarri eta on honek Oskar bat baino gehiago merezidu bai, baina zuzendaria nor zan jakinda, ez genduan holakorik itxaroten. Azkenean, akademiak jarraibide zuzenak erabilita, hiru Oskar emon eutsozan kategoriarik garrantzitsuenetan. Lehenengoa Adrien Brody aktorearentzako sari nagusia izan zan. New Yorkekoak saria lortu eban Wladyslaw Szpilman musikariaren interpretazino bikainari esker. Aktoreak areto osoa zutunik ipintea lortu eban bakearen alde eta gerren kontrako diskurtsoa eginda.
'Piano-jolea'-ren beste bi sariak Roman Polanski zuzendariarentzat izan ziran eta Ronald Harwood-en gidoi egokituarentzat. Poloniar jatorriko zinegile frantsesak tokia kendu eutson zinearen beste maisu handi eta entzutetsu bati, Martin Scorsese-ri, hain zuzen. Polanski-k, dana dala, ezin izan eban estatuatxua jaso, guztiok dakigunez, orain dala 25 urtetik AEBko justiziari igeska jabilkolako, edade txikiko neska baten ustezko bortxaketeagaitik. Alde horretatik ikusita, ezusteko handia izan zan zuzendaririk onenaren saria emon izana, baina egia esan, gehienon eretxiz, lehian egozan pelikularik onena izan zan.
Ez ginduzan horrenbeste harritu Nicole Kidman-i aktoresa-protagonistarik onenaren saria emotea, 'The hours' filmean eginiko interpretazinoa on-ona izan zan eta. Kidmanek, gerreari zeharkako erreferentzia eginaz, 'sasoi honeetan gatxa zala holako sari bat irabaztea baina artea beti izaten dala inportantea eta horrexegaitik egozala bertan' esan eban.
Aitamen mueta honeek saridunik gehienen ahoetan entzun ahal izan genduzan; aurkezleak, bitartean, bakearen aldeko ikurrak soinean jantzi edo keinuak eginda konformau ziran, Susan Sarandonek egin eban legez. Bakearen aldeko mezua zabaldu eban lehenengoa Chris Cooper aktorea izan zan, 'Orkideoen lapurra' filmagaitik zerrendako aktorerik onenaren saria jasokeran. Handik aurrera, mueta honetako mezuak entzun ziran ospakizun osoan, esateko modua, orokorrean, oso apala izan zan arren.
Michael Moore-k, dokumentalik onenaren egileari emondako sariaren irabazleak, aldez aurretik oreka eta neurriaren mesedetan adosturiko jarrera erosoari muzin egin eta Bush zein AEBko gobernuaren kontrako berba gogorrak esan zituan. Aurkezleen kasuan, Gael Garcia-Bernal mexikarrak gidoia alde batera itxi eta 'Frida' film bikainaren musikeari emondako saria aurkeztu baino lehenago, ondokoa adierazo eban: 'mundu baketsua lortzeko beharrizana ez da ames bat, benetako errealidadea baino'. Pedro Almodovar espainiarrak jatorrizko gidoirik onenaren saria eskaini eutsen 'bakearen, giza eskubideen, demokraziaren eta nazinoarteko legezkotasunaren alde behar egiten daben guzti- guztiei'.
Akademiak mezu hori albo batera itxi eta Steve Martin aurkezleak ohiko umorea erabili eban besaulkietan jesarritako aktoreen kontura barre egiteko, baina beti be gerreari ezelako aitamenik egin barik. Peter O´tool handiari Ohorezko Oskarra emon ostean, 75. edizino hau amaitu zan, politikearen arloan lar epela izanda be, justizia egin ebana 'Piano-jolea' saritzean eta 'Gangs of New York' zigortzean.
Joseba Terreros
'Chicago' filmak arrakasta handia lortu eban Oskarren galan, urregorrizko sei estatuatxu jadetsiz. Halan, pelikularik eta aktoresarik onenari (Catherine Zeta-Jones) emondako sariak eskuratu zituan, baina ganerako sari garrantzitsuak eskuetatik joan jakozan. Ezusterik handi eta pozgarriena 'Piano-jolea' filmarentzat izan zan, zuzendaririk, aktorerik eta moldaturiko gidoirik onenari emondako sari garrantzitsuak lortu zituan eta. Porrotik handiena Scorsese-ren 'Gangs of New York' filmak jasan behar izan eban, hamar sari-proposamenetarik ez eban-eta bakar bat be lortu. Ospakizuna arina eta, politikearen arloan, lar neurritsua zein epela, aurretik iragarri zan legez.