Bidaide  II. urtea // 23. zenbakia - 2003ko apirilaren 1a

Maroko (III)

Taneriak eta narru-tintatzaileak


Narruen negozioa

Tanerietatik bizi diran guztiak ez dira txarto bizi. Narruaren salmenteak produkzino prozesuko kostuaren gaineko % 2000ko irabaziak dakarz. Onura horreek jabearentzat gehienbat baina garraiolariarentzat eta, azpigaratutako herri batzuetan, saltzailearentzat be izaten dira. Bien bitartean, tintatzaile-artisauek ia-ia esklabutza giroan behar egiten dabe eta protestarako eskubide barik, izan be, aukerarik edo atxakiarik txikiena ikusten dabenean, jabeek beharginak kanporatzea ohiko kontua da eta, kasurik gehinetan, beharginen etxeak be taneriaren jabeenak izaten dira. Marokon lan baldintza negargarriak eta soldata txikiak egon arren, berbarako okelearen prezioa nahiko karua da (Euskal Herriko prezioen parean) eta, ondorioz, nahiko ohikoa eta arriskutsua izaten da beharginek narru batzuk ostutea eta gero familiako emakumeek jantziak egin eta saltzea.

Esandakoak esanda, narru-tintatzaileen bizimoduak argi erakusten deusku lan arloan eta gizarte mailan, Marokok zelako egoerea bizi dauen; duda barik, Afrikako herrialderik aurreratuenetariko bat da Maroko baina gaur egun ez dauka zerikusi handirik lehen mundutzat hartzen dogun horregaz. Herrialde musulman guztietan legez, gizonezkoa da nagusi gizarteko sektore guztietan eta emakumezkoen egitekoa, mundura umeak ekartea, umeak eta edadekoak jagotea eta etxeko beharrak egitea da. Zorionez, Rabat uriburuan, Casablancan edo bestelako uri handi batzuetan, gizarteak eboluzionau egin dau eta gizon eta emakumeen arteko aldeak txikiagoak dira.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.

OHARRA BIZKAIE!:

Zigor Aldamaren 'Asiako Hego-ekialdea' erakusketa (40 argazki) Bilbon dozue ikusgai Liburuaren Etxean, Kolon de Larreategi, 41ean. Erakusketea apirilaren 15era arte egongo da zabalik.


Fez edo Marrakex lako urien eta, oro har, Marokoren giza erakarpenik handienetakoa narru-tintatzaileen beharra hurretik ikustea da. Herrialdeko ogibiderik zaharrenetakoa da eta orain 7000 urteko erreferentziak dagoz. Halan da be, teknikeari jagokonez, Erdi Arotik ez da aurrera pausu askorik igarri. Tintatzaileak tanerietan behar egiten dabe, etxe barruetako patio antzekoetan; likidoz betetako ontzi handiak egoten dira leku horreetan narruak garbitu edo tintetako. Patio horreek urietako medina edo alde zaharretan egoten dira normalean eta sentsazinoak nahastau egiten dira: alde batetik, lilurea eta, bestetik, enpagua. Lilurea, denporan atzera egiten dalako eta orain hirurehun urteko eszenak ikusi geinkezalako eta enpagua, barriz, tintatzaileen behar egiteko baldintzak negargarriak diralako: egunean hamabi bat ordu egin behar izaten ditue aitatutako likidoetan busti-busti eginda eta, kasurik gehienetan, azala kaltetzen daben likidoak izaten dira: garnua, kaka eta bestelako azido batzuk. Taneria horreen itxurea ilargiko kraterren antzekoa da baina koloreen aldetik askosaz aberatsagoa; kolore desbardinetako likidoz betetako ontziak egoten dira eta ikuskizuna ilargiko gris hutsak eskaintzen dauena baino ederragoa. Inularreko argiagaz kolore guztiek urre-kolorea hartzen dabe eta izerditan busti-busti eginda egoten diran tintatzaileen irudia be magikoa izaten da. Egunez eguzkiak gogor joten dau eta sarritan tintatzaile hasibarriek insolazinoak eta makalaldiak izaten ditue. Egun argiko orduetan eszena ez da hain erakargarria izaten baina errealistagoa bai ostera.

Tintaketearen prozesua

Animaliei narrua kendu ondoren, uriko tanerietara eroaten da garbitzeko eta tintetako. Tanerietako ontziak kolore eta ezaugarri desbardinetakoak izaten dira: lehenengo eta behin, zurietan sartzen dira narruak garbitzeko eta gelditu diran ule arrastoak kentzeko; lehen prozesu honetan, azidoak erabilten dira, besteak beste, ganaduaren garnua eta usoaren kaka. Narrua garbi dagoanean, koloreetako ontzietara eroaten da. Ontzi horreetan, kromo gatzak, tinta naturala, arrain-orioa eta animalien koipe eta garunak gordetan ditue. Narruak tintau ondoren, tanerietako patioetan, estalki legez erabilten dituen lastozko teilatuetan ipinten ditue sikatuten. Ondo sikatuta dagozanean, medinako kale estuetan zehar astoetan eroaten ditue kamioiak sartzen diran lekuraino; tintatutako narruak Europan berbarako oso estimaduak dira.

Tanerien ingurualdeak

Esandako moduan, tintatzaileen beharleku diran taneriak Marokoko erakarpen turistiko esanguratsuenetakoak dira. Fez eta Maroko urietan taneriak erraldoiak eta ikusgarriak dira eta inguruetako etxeak produktuak zuzenean saltzeko aprobetxetan ditue. Jake, babutxa, sandalia, txano, zorro edo boltsak..., edozer topau leiteke eta prezio interesgarrietan ganera. Kontuak kontu, turista talde guztiek ez dabe Marokotik alde egiten taneria bat bisitau barik eta, duda barik, Japoniako turistak dira deigarrienak, izan be, sudurrean menta orria dabela hurreratzen dira taneria inguruetako sundea arintzeko; ikuskizuna sekulakoa izaten da, batez be, japoniarrak talde handietan joaten diralako eta sarritan barregarria be izaten da. Tanerietara 'lehen munduko' milaka turista hurreratzen dira baina tintatzaileen lan baldintzei ez deutse jaramon handirik egiten. Barre algarak entzuten dira askotan eta turisteak artisauagaz ataratako argazkia gura izaten dau. Taneriak souvenir edo oroigarriak erosteko lekua baino ez dira askorentzat eta Erdi Arora atzera salto egiteko leku aproposa. Beharleku horreetan gizonezkoek baino ez dabe behar egiten (emakumeentzat galarazota dagoz) eta hamabi ordu ingurukoa izaten dan eguneko beharraren truke, hilean 150 € baino ez ditue irabazten. Gainera, kontuan hartu gizonezko horreen soldateagaz, batez beste familiako bost kide inguruk jan behar dabela eta, beraz, atara kontuak.