Jokin Azkue (HABE): 'euskerearen bizitasunak nabarmen egin dau gora, gaur egun maila soziokultural eta sozioekonomiko guztietan dago euskerea'
Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen 20. urtebetetzea aurten: zorionak!
HABE, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren menpeko autonomiadun erakundea da, Eusko Legebiltzarraren 29/1983 Legeak sortua. Oinarrizko helburua helduen alfabetatze-euskalduntzea sustatzea da.
Euskerearen kalidadea hobetze bidean, euskalduntze-alfabetatze arloa homologetea izan da azken urteotako pausurik garrantzitsuenetarikoa, baina erronka gogorrak dagoz orain. 96ko datuakaz konparauta, besteak beste, hezkuntza ereduen eta azken urteotako jaiotza tasa txikien eraginez, gaur egun 11 mila ikasle gitxiago dabilz euskaltegietan eta, giro horretan, estrategia barriak zehaztu eta abiarazo behar dira. Euskerea ikasi edo mailea hobetu gura dauen ikaslearen beharrizanei egokitzea eta gaur egungo sarea berregokitzea nahitaezkotzat joten dira. Esangura horretan, HABEk laster aurkeztuko dau euskaltegien bideragarritasun plangintzea. Kontu honeetaz guztietaz berba egiteko Jokin Azkue, HABEko Zuzendaria konbidau dogu.
1. Zorionak 20. urtebetetzean. Momentu ederrak bizi ondoren, krisialdia be agertu da. Zertan aldatu da helduen alfabetatze-euskalduntzea azken urteotan?
Bai. Egia da azken bozpasei urteotan beheranzko jokerea dagoala ikasleen matrikula-kopuruan. Aldaketa hori da, beharbada, begi-bistakoena. Baina badira beste hainbat aldaketa urteen joanean jazo diranak. Momentu ederrak bizi izan dirala? Bueno, orain dala 20 urte gaur baino ikasle gitxiago ebilen euskerea ikasten. Horrezaz ganera, euskera-irakasleek ez eben, ezta urrutitik be, gaur egun eskura doguzan baliabideak. ETB bere hasi-masietan egoan eta Internet fikzino-zientzia zan. Euskalduntze-alfabetatzearen jarduna arlo askotan aldatu da eta matrikula-jaitsierea aldaketa horreetariko bat da. Orain euskera-irakasleak jantziago dagoz lehen baino. Ikasleriak, lehen ez bezela, hizkuntz behar berezituagoak ditu: lan-arloko euskerea etab; beste alde batetik, ikasleak edadetuagoak dira. Nire ustez, euskalduntze-alfabetatzean, gizartearen beraren aldaketen isla besterik ez da agiri. Hor ditugu B eta D ereduak, besteak beste.
2. Euskerearen normalizazino prozesuan, zeren besteko garrantzia dauka helduen euskalduntze-alfabetatzeak?
Garrantzi handia dauka, duda barik. Gaur egun danok ezagutzen dogu euskaldunbarri bat baino gehiago euskerea helduaroan euskaltegi batean ikasi dauena. Hainbat sektoretan, ganera, garrantzi hori are eta handiagoa da hezkuntzan, esaterako. Euskaltegietan ibilitako guztiek ez dabe, jakina, EGAren pareko hizkuntz gaitasunik lortuko, baina 3. edo 4. urratsean ikas-prozesua bertan behera itxi dauena be ez da deseroso sentiduko etxean bere seme-alabek telebistan marrazki bizidunak euskeraz ikusten dituenean. Hainbat eta hainbat azterlanetan bistaratzen danez, gurasoek bigarren hizkuntzearen aurrean daben jarrerea eragin handikoa da seme-alabek hizkuntza horretan erakusten daben errendimentuan. Horregaz esan gura dodana da oso bidezkoa begitantzen jatala euskalduntzearen eraginkortasuna gainditzen diran mailen arabera neurtzea, eta, geroago, erabilerearen arabera. Baina arrakastea hain begien bistakoa ez dan kasuetan be euskerea ikasten jarduteak badauka gizartean, jarreretan-eta, balio erantsia.
3. Euskaltegien bideragarritasun plangintzearen harian zeozer aurreratu zeinke?
Ikusten ari gara beharrak aldatzen doazela eta behar horreei erantzun beharko jakela aurrerantzean. Lehen esan deutsudan legez, ikasle-taldeak gero eta berezituagoak dira. Gero eta gehiago dira lan bila gure erkidegora datozenak, batzuen lehenengo hizkuntzea gaztelania da, baina beste batzuena ez, biztanleriaren edadearen batez bestekoa gero eta gorago doa, teknologia barriak gero eta maiztasun handiagoz agiri dira geure eguneroko bizimoduan...; beste alde batetik, gero eta argiago ikusten da euskalduntze-alfabetatzea osogai bat dala hizkuntza bizibarritzea helburu dauen plan zabalago batean eta osogai guztien arteko loturak etenik bakoa behar dauela izan, hizkuntzearen erabilerea jomugea izanik.
4. Euskerearen erabilerearen ganeko datuak ez dira onak. Euskereari indarra edo prestigioa emoteko zer egin behar litzateke?
Ez dot pentsetan erabilerearen ganeko datuak txarrak diranik. Euskerearen erabilerea gero eta handiagoa da. Horixe erakusten deuskue eskuarteko datuek. Ez dogu ahaztu behar, bestalde, euskerea erabilteko, jakiteaz ganera, berbalagun euskaldunak be behar doguzala, hau da, gizarte-sare euskaldunak behar doguzala. Gaiaren harian, zenbait lekutan, batez be uri handietan, hiztun kopurua igon arren, dentsidade demolinguistikoak ez dau erabilerea gura beste errazten. Badago hor, beraz, lan egin beharra.
Bestalde, ez hain aspaldi, euskerea baserritar eta arrantzaleen hizkuntzea zan. Gaur egun, barriz, euskerearen bizitasunak nabarmen egin dau gora. Orain 40 urteko ikasle unibersitario euskaldunak gitxi ziran eta gehien-gehienak alfabetau bakoak. Gaur, ostera, asko dira eta gehienak alfabetauta dagoz. Esan gura dot, gaur egun, euskerea, maila soziokultural eta sozioekonomiko guztietan dagoala. Aldaketa hori oso garrantzitsua da euskerearen mesedetan.
Hizkuntzeari prestigioa emoteko zer egin behar geunken galdereari erantzuna emotea ez da erraza; hizkuntza baten prestigioa aldagai askoren eraginpekoa da, bere funtzionaltasuna aitatu geinke eta hor hizkuntzearen kalidadea dogu bete-betean, hiztunak eurak, literaturea, komunikabideak, etab.; horreei guztiei erreparau behar jake.
5. Azken urteotan matrikulazinoen beherakadea etenik bakoa da. Zerk eragin dau krisialdi hau?
Gure ustez, beherakada hori ez jako eragile bakarrari zor. Badira-eta, hipotesi moduan bederen, beheranzko joera horregaz loturea izan leikien hainbat aldagai: hezkuntza-ereduen eragina, ikasleen edadea, langabezia-tasea, aurreko urteotan euskaltegietan ikasten ibilitako ikasle-kopuru handia, etab.
6. Ikasleak euskerea ikasteko beharrizana ikusten ez badau, nekez hurreratuko da euskaltegira. Ikasleak erakartea euskaltegien beharra edo ardurea da ala beste batzuen inplikazinoa be beharko litzateke?
Danon egitekoa da. Euskerea Biziberritzeko Plan Nagusia abian dago eta hor aurreikusten dira euskerea sustatzeko hainbat eta hainbat neurri. Eta plan hori aurrera eroatea Eusko Jaurlaritzeari ez eze Foru aldundiei, udalei eta euskerea sustatzea xede daben hainbat alkarteri be bajagoke.
7. Teknologia barriek, multimedia sistemek sekulako iraultzea ekarri dabe eta autoikaskuntzea da gero eta ikasle gehiagok aukeratzen dabena. Hor ete dago etorkizuna?
Abiada handiagoagaz edo txikiagoagaz, teknologien garapena gizartearen atal edo sektore guztietan igarten da, eta euskalduntze-alfabetatzean be erabilten doguz, jakina. Ikasleriaren beharrak gero eta berezituagoak dirala kontuan harturik, teknologia barriek aukera aparta eskaintzen dabe irakaskuntza bakoizturako eta, susmoa daukat, gero eta zer-eskaini ugariagoak izango dituela. Galdereari erantzuteko, ez dakit zehatz etorkizuna hor bakarrik dagoan, baina argi daukat gero eta sendoagoa dan zutabe bat dala.
8. Zorionez herrietako berbakera, euskalki eta azpieuskalkiek aparteko indarra hartu dabe. Euskalkiek ze leku behar leukie euskalduntze-alfabetatzean?
Euskaltegi bakotxak dauka Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK) bere egoereari egokitzeko ahalmena, batez be bigarren eta hirugarren zehaztapen-mailetan eta, bete-betean sartzen dira hor euskalkiak. Euskera batua irakasteak ez dau esan gura lekuan lekuko euskerea bazterrean itxi behar danik. Badakit orekea topetea ez dala beti erraza izango, baina Bizkaiko ikasle bati amona esanarazotea berak txikitan, baita gaztelaniaz be, amama esaten ebanean, esaterako, ez jat bape bidezkoa iruditzen.
9. Hemetik hamar urtera, zelan ikusten dozu helduen euskalduntze-alfabetatzearen egoerea?
Bistan da, lehen esan dodan legez, eskaria gero eta dibersifikatuago datorrela. Beraz, bihar-etzi, ez dogu beharbada lehen beste ikasle izango. Dana dala, segurutik oso behar desbardinetako ikasleak izango dira (hizkuntz beharrak, edadea, jatorrizko hizkuntza desbardinak...). Gauzak holan dirala, eskari barri horreei guztiei erantzuteko moduan egotea da gure erronkea. Materialak, irakasleen prestakuntza-planak, estrategia barriak, abiaburu orokorrak diseinau eta beharrizana ikusten danean, kasuan-kasuan, egokitzapenak bideratu beharko dira.
Koldo Isusi Zuazo