Bidaide  IV. urtea // 160. zenbakia

Zoramena


Mr. Liu beti gainean geunkan gizona zan. Latindarrak beti dabiz berandu’ pentsaurik, geugaz 15 minutu lehenago gelditzen zan laguna. ‘Denpora gitxi daukagu’ esaldia sarri-sarri erabilten eban geugaz eta hasieran hasarre eta urduri ebilen arren, aurrerago, filosofiaz eta umore puntu bategaz hartzen eban gure patxadea.

Mr. Liuri denpora guztian ikusi deutsagu eskuko telefonoa belarrian ezpanetan irribarrea eukala. Gure eskabide guztiak onartu eta pentsetan ez genduzan gauzak lortu deuskuz baita haren betebeharrakaz zerikusirik barik be. Azkenean, BBC edo CNNko agureakaz baino hobeto pasau dauela geugaz autortu euskun.

Oraingoz, behintzat bidaia honetako gure personaia da, kostako jaku parekorik topetea gure ibilbidean, gure Mortadelo partikularra da, taiwandar bertsinoan, jakina.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama

Listo. Amaitu zan. Taiwanen 10 egun egin doguz aurretiaz pentsautakoa baino egun bi gehiago presinopeko beharragaz eta ohiz kanpoko zoramenagaz ganezka. Tarte horretan, herrialdeko presidenteordea, Anette Lu eta Kuomintang, oposizinoko alderdiko diputadu bat alkarrizketatu doguz.

Dana dala, danetara, 24 alkarrizketa egin doguzan arren, herrialdearen errealidade desbardinak hurretik ezagutzeko eta leku ederrak bisitetako astia be hartu dogu. Kinmen ugartean egon gara, Txinatik 4 bat kilometrora dagoan ugartean eta 1949an Asiako erraldoiak Taiwanegaz burruka gogorrak izan ebazan lurralde bakarrean, hain zuzen be. Ejerzitoa horniduteko erabilitako tunelak eta Txinako Fujian probintziako kostaldearen aurrez aurre dagozan bunkerrak ezagutu doguz.

Kontuak kontu, gerrea ez da lehenaldiko kontua bakarrik. Kinmenen gaur egun 8000 taiwandar soldadu bizi dira eta prest dagoz txinatarren inbasino posible baterako. Inbasino errealik ez baina oraingoz ekonomiaren alorrean igarten da erasoaldia.

Taiwaneko ekonomiak bizi dauen egoeraz jaubetu zaitezen, izoztutako jatekoa eta pantaila zapalak produziduten dituan Chin Mei izeneko enpreseak ateak zabaldu deuskuz. Kamera eta guzti, aitatutako enpresako TFT pantaila zapalen produkzino gunean sartzen lehenengo kazetariak izan gara. TFT pantailen produkzinoan munduko liderra da Taiwán eta bisitea benetan interesgarria izan da. Hautsaren kontrako traje zuri baragarriak jantzi eta aire boladen tuneletik pasau ostean, fikzinozko munduan sartzea sano dibertigarria izan da: argiak, soinuak eta etorkizunetik datozen lagunakaz topo egitea; euren lana mundu osoko etxeetan topau geinke: telebista eta ordenadoreetarako monitore zapalak.

Zur eta lur itxi gintuana, munduko erresoluzino handieneko pantaila zapala izan zan (ia-ia 9 miloe píxel); hurreratu arren, ez jako punturik atzemoten. Horrezaz ganera, ukimenezko planetako pantaila handienagaz be (40 hazbete) jolasean ibiltea be sekulakoa izan zan; mihize erraldoia da eta, beste aukera batzuen artean, pintzelagaz zuzenean marraztu edo irudiak egin daitekez. Edozelan be, harrigarriena papelaren lodierako pantailak dira, patrikeran eroateko modukoak; adituen esanetan, datorren hamarkadarako euki geinkez eskuartean.

Bidebatez, marken kontua desmitifiketako esan gura neuke Chin Mei enpreseak goi teknologiako markarik ezagunenetarako produziduten dituala pantaila zapalak eta danak oinarritzen dirala kalidadeko estandar beretsuetan. Zuhur ibili, beraz.

Azkenik, Kaohsiung bisitau dogu, Taiwaneko bigarren uririk handiena, Bilboren antz handia daukana. Bizkaiko uriburuaren antzera, Kaohsiung uri industriala izan da eta orain birmoldatzen dago turismoari eta beste jarduera eta alor batzuei bidea zabaltzeko. Egokitzapen edo birmoldaketa horrezaz Kaohsiungeko alkateseagaz egin dogu berba, Deng ekintzaile eta Taiwaneko mobimentu independentistako sortzailearen (bere burua hil eban askatasun faltea salatzeko) alargunagaz, hain zuzen be.

Yeh alkateseak argi esan euskun Taiwaneko etorkizuna ugartean bizi diran 23 miloe lagunek erabagiko dabela eta ez, ostera, kanpoko indarrek. Esangura horretan, berbarako Portugalek baino bi aldiz herritar gehiagoko herrialdeak, etenik barik mehatxatuta dagoan herrialdeak nazinoartearen errespetua eta arreta merezidu dituala zehaztu euskun.

Bidaia honetako bigarren kronikea amaitu aurretik, Mr. Liu. Weiling Liu aitatu behar dot derrigor. Protokoloko gure ofiziala, geuk komisario politiko legez ezagutzen doguna izan da, Gobernuko Informazino Bulegoko laguna, herrialdean egon garan 10 egunetan geugaz egon dan morroia. Suberte handia izan dogu ze persona atsegina da eta lagun handiak egin gara, aurrez aurre lehenengoz topo egin genduanean, ondokoa esan euskun arren: ‘gazte-gazteak zarie, 60 bat urteko lagunak espero nebazan!’. Lehen esandako moduan, emozino, prisa eta beharraz ganezka ibili gara baina Liu jn.aren laguntzinoagaz errazagoa izan da dana eta tartean, barre algara batzuk be egin doguz, batez be, Chin Mei enpresako presidentearen auto erraldoian gindoazela, zurrunga zaratatsua egin ebanean edota berbaldietako baten disidente txinatarrak isiltzen ez ziranean jarri eban arpegia ikusi genduanean. Bere portaera guztiz zuzena zan eta, era berean, naturaltasunez jokatzen eban. Horren erakusgarri, El Salvadorreko ordezkaritza bategaz afaltzen egon ostean, agurraren momentuan musu bi emon geuntsezan emakumezko danei eta Liu jn.ak harriduraz begiratu euskun, berak be gura ebala adierazoz. Dana dala, Liuk eskua luzatu eta emakumeek bostekoa emon eutsen. Ondoren, ‘niri zergaitik ez deustie musurik emon?’ galdetu euskun eta guk erantzun geuntson eskua luzatu barik, musua emoteko pausua berak emon behar ebala. Liuren erantzuna: ‘ez jat gustetan holako pausuak emotea’. Gau osoan, erdi galduta ibili zan anekdota horri bueltak emoten.