Langileen eguna bake prozesuaren atarian
IƱaki Atxutegi
Danok dakigu zein dan maiatzaren lehenak emon dauen titularrik errazena: sindikatuek banatuta ospatu eben langileen eguna. Hara, batu ezin izate horrek joko handia emoten dau komunikabideetan. Aberri Eguna, Espainiako Konstituzinoa, Langileen Eguna. Beitu zelakoak garan euskaldunok (eta espainiarrak!) erreibindiketako orduan, banderizo hutsak... Soka batekoak ala bestekoak izan, bereizten gaituana beti izaten da batzen gaituana baino inportanteagoa. Hori bai, gustora baino gustorago gabiz 'Batasuna' dinoan pankarta baten atzetik.
Ez dot uste aurtengo Langileen Eguna historiara pasauko danik. Hasteko, langile gehienok zubia etxetik kanpora disfrutetako aprobetxau dogu. Horretan ez dago aldaketarik. Langileen Eguna erreibindikazino eguna izan barik, beste jai egun baten modukoa da. Bestalde, aurten garrantzitsuagoa da mahai azpikoa mahai ganekoa baino. Euskadin zabaldu behar dan bake prozesuaren aurrean agiri bateratua preparetan ei dabiz euskal sindikatu guztiak.
Balio sinbolikoa izango leuke agiriak. Edukiak ez dauela ezer barririk ekarriko uste dot nik. Agiria bera izango da ekarpenik garrantzitsuena. Langileen ordezkari guztiak batuta ikusteak balio berezia izango leuke, hori ez da egunero ikusten eta. Baina arazoak idazkia sinatu eta berehala agertuko litzatekez.
Ez daigun ahaztu, alderdi politikoen modura, sindikatu bakotxak beraren ideologia eta interesak daukazala. Ez dogu erraz ahaztuko sindikatu espainolek gogor burrukatu ebela Gernikako Estatutuan agertzen diran lan alorreko eskumenak ez transferiduteko. Badakizue estadu mailako lan munduko hamaikatxu erakundetan jaun eta jaube dirala. Transferentzia egin ezkero, boterea eta eragina galduko leukie Euskadi mailan, sindikatu abertzaleen mesedetan. Politikagintzan 'alderdikeria' berbea erabilten da alderdi batek baten edo bestearen interesen alde jokatzen dauenean. Arlo honeetan 'sindikalkeria' berbea erabiltea egokia izango litzake.
Gauzak holan dirala, ondo etorria izan daitela sindikatuen babesa bake prozesuaren aurrean. Baina ez daigun ahaztu gero etorri behar dan normalizazino prozesuaren aurrean sindikatuen arteko desbardintasunak handi baino handiagoak izaten jarraituko dabela. Eta interesak guztiz kontrajarriak.