Euskerarik ez Europan
Enrique Baron Crespo Espainiako sozialisten ordezkariaren arabera, barriz, 'guztiz deitoragarria da horrelako ekimen politiko eta kultural bat espainiarra eta katalana den Aleix Vidal-Quadrasengatik atzera botatea'. Bernat Joan ERCko eurodiputatuak 'iraingarritzat' jo dau Europako Parlamentuaren Mahaiak hartutako erabagia. 'Egoera umiliagarria da Katalunia lako komunidade batentzat', adierazo dau. Bere ustez, Espainiako Gobernuak be 'gehiago egin eikean eta ekimen hau Estadu gai bilakatu beharko litzateke'.
Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak be Europako Parlamentuan herritarrek erakundeakaz izaten dabezan idatzizko hartu-emonetan hizkuntza ofizialak erabilteko aukereari ezezkoa emotearen ganeko eretxia plazaratu dau: 'Euskereak Europan ofiziala izan behar dau, bestela bigarren mailako hizkuntza izango da beti', adierazo dabe Kontseiluko bozeroaleek. Kontseiluaren arabera, erabagi horren ondorioz, 'normalizazinoan aurrera egiteko eragozpen barri bat daukagu'.
Zenbat eragozpen barri sortuko ete jakuz normalizazinora ailegatu aurretik?
Xabier Paia
Euskerea inozko parajeen egon da Europatik azken egunotan. Hipotesi batzuek orain milaka urte Europako gune batzuetan kokatzen eben, eta beste hipotesi batzuek Europako Hizkuntzen zerrendan kokatzen eben gaur egun. Zoritxarrez, milaka urteko hizkuntza zaharrak ezingo dau etxetik urten ondino.
Europako Parlamentuaren Mahaiak euskereari, katalanari eta galegoari ateak zarratu deutsoz. Ate hori zabaltzeko giltza Espainiako Alderdi Popularreko (PP) Aleix Vidal-Quadras katalanak eukan, baina ezezko botoa emon eban: botazinoan zazpi boto eskakizunaren kontrakoak izan dira, eta sei, aldekoak. Eta demokrazian gauzak holan dira (ez beti baina): boto baten gorabeherak milaka hiztunen eskubideak zapaltzeko beste balio dau. Proposamenak aurrera egiteko, Aleix Vidal-Quadras PP alderdiko ordezkari katalanak bi aukera eukazan: abstentzinoa edo proposamenaren aldeko botoa emotea. Botazinoan bardinketea jazo izan balitz, Europako Parlamentuko Mahaiaren presidentearen botoak erabagiko eukean, Josep Borrell katalanaren aldeko botoak, baina ez zan holan izan. Aleix Vidal-Quadras jaunak ezetz esan eban.
Beraz, azkenean, Europako Parlamentuko mahaiak ukatu egin dau Espainiako Gobernuak egindako eskaria eta komunikazino idatzietan herritarrek Europako Parlamentuagaz ezingo dabe erabili euskerea, galegoa, katalana eta valentzierea.
Europako Parlamentuaren Mahaiak egindako botazinoan Borrell presidenteak, presidenteorde sozialistek, Berdeak taldeko eta Europako Ezker Batuko ordezkariek aldeko botoa emon dabe. Aleix Vidal-Quadras-ek (PP) eta ganerako ordezkari popular eta liberalek, barriz, kontrako botoa emon dabe, Parlamentuko iturrien arabera. Ezezko horrek aurrerabiderik gabe itxi dau Espainiako Gobernuak egindako eskaria eta ganerako bide guztiak be zarratuta lotu jakoz. Argi dago alderdi bakotxak bere erispideak izango dauzela botoa emoterakoan, baina norbere taldearen ideologiaz aparte, noizerik behin komenigarria litzateke besteen eskubideak kontuan hartzea. Antza danez, Alderdi Popularrak eskubideak baino baliabideak izan dauz kontuan. Izan be, Aleix Vidal-Quadras PPko politikariak azaldu dauenez, erabagia 'arrazoi teknikoetan' baino ez da oinarritzen; arrazoitu dauenez, Europako Ganberak ez dauka 'baliabide nahikorik' hizkuntza koofizialak interpretetako eta itzultzeko. Orduan, Europak ez daukanez dirurik interpreteei pagetako, euskaldunok gaztelaniaz egin beharko dogu berba. Ostera, ez leuke bardina esango berak ingelesez egin beharko baleuz nekazaritza, industria eta berbarik gatxenak oinarri daukien batzordetako eztabaidak. Baina, jakina, hori ez da kasua, eze horretarako dirua sobran dago.