Museo barria New Yorken
Gotzon Plaza,
informatikoa
Nor dago New Yorkera joateko asmoagaz? Ba, bazoaze eta teknologia gustetan bajatzue, badago beste aukera bat uri erraldoi horretan.
Gauza asko ei dago ikusteko New Yorken. Ni ez naz egon baina holan esan deust andreak. Eraikin erraldoiak, denda ikaragarriak, munduko herrialde guztietako arrazak, hizkuntzak, jazkerak, janariak.... Museoak (Guggenheim, MOMA), teatroak eta zinemak (Brodway) eta gura dozun guztia.
Oraingoan, New Yorkeko MOMIk (Museum of the Moving Image) http://www.movingimage.us/site/site.php bideojokoei eskaini deutse erakusketa iraunkorra: bideojokoak eta euren garapena. Museo honek baeukan honetan esperientzia ze 1989an gai horregaz lotuta egozan erakusketak antolatzen hasi zan. Halanda be, egia esan, sasoia izan da erakusketa iraunkorra preparetako.
Nahiz eta historia oso laburra izan, gaur egun ikaragarrizko negozioa bihurtu da eta miloeka lagunek jokatzen dabe bideojokoakaz. Hazkunde arinenetarikoa daukan negozioa da, aisialdia eta teknologia buztartuz eta planeta osoa merkadu moduan hartuta. Adibide moduan, aurtengo martiko datuak bakarrik kontutan hartuta, Estadu Batuetan 499 miloe dolar gastau dira bideojokoetan.
Asko aldatu dira bideojokoak denpora gitxian. Pentsau daigun lehenegoko bideo jokoa 1966 urtean sortu zala. Hasierakoa Ralph Bauer-ek asmau eban, telebisino baten antzerakoa zan eta guztiok gogoratuko dogun Ping Pong-eko jokoa egoan.
Gero, 70-80ko hamarkadetan estralurtarren makinatxuak etorri ziran. Nork ez dau jokatu holako partida bat tabernaren batean lagunari itxaroten gagozala?
Ordutik aurrera teknologiak salto handiak egin ditu eta bideojokoen munduak be pisu propioa hartu dau enpresa askorentzako. Bide barriak be jorratu dira eta gaur egun edozein dendatan topau geinkez eta munduko uriburuko museo batean be lekua daukie.