Sarean  IV. urtea // 160. zenbakia

Microsoft-ek errekurtsoa jarri deutso Europako Batasunaren legeari


Gotzon Plaza,
Informatikoa

Hamairu epaile batu dira MIicrosoft enpresa erraldoiaren errekurtsoa aztertzeko eta honen gainean erabagi bat hartzeko. Erabagi garrantzitsua izango da bai Europako Batzordearen alde edo Microsoft-en alde egiten badau be.

2004an Europako Batasunak Microsoft-en kontra hartutako ebatzia honakoa izan zan: Microsoft-ek Windows produktuetako Media Player sistemea kendu egin behar ebala eta, hori egin ezean, monopolio moduan jokatuko leukela Microsoft-ek ze munduan dagozan ordenadoreen % 90 edo % 95-ek Windows sistemea darabile eta ez legoke beste enpresentzat biderik euren produktuak (Media Player-en antzekoak diranak) saltzeko. Kontuak kontu, monopolioarena legearen kontra doa.

Ganera, EBren arrazoibidea zan Microsoft-ek informazinoa gorde egiten dauela konpetentziako enpresei ez erraztuteko euren produktuen garapena. Era horretara, konpetentziako produktuek ez dabe funtzionetan Windows sistemagaz.

EBren erabagia Microsoftek bere softwarea saltzeko estrategia aldatu behar ebala izan da eta, horrezaz ganera, 497 miloe eurotako multea be jarri deutso.

Erabagiaren aurrean, jakina, Microsoft-ek errekurtsoa aurkeztu dau. Oraingoan, Microsoft-ek ikusentzunezko softwarea (Media Player) bere Windows sisteman sartzeko hartutako bide hau legez kontrakoa dan ala ez epaituko da. Komisinoak 2004. urtean hartutako ebatzian, legez kontrakoa zala erabagi eban.

Beste alde batetik, epaileek Microsoft-en beste errekurtso bat entzungo dabe: Europako Batasunak bere momentuan ebatzi eban, amerikar enpresak informazinoa sekretupean gorde ebala konpetentziako enpresen produktuek Windows sisteman ez funtzionetako. EBren arrrazoibidean, informazinoa beste enpresei emoteak konpetentziarako bideak zabalduko leukezala esaten zan eta produktu guztiek balioko leukiela Windows sisteman erabilteko.

Dana dala, oraindino ez da ezer erabagiko. Adituen ustez urtebete barru edo etorriko da azken ebatzia.