Euskaldunok munduan  II. urtea // 22. zenbakia - 2003ko martiaren 15a

Euskal heraldika eta genealogiaz


Gai honetaz gehiago jakiteko, hona hemen Mikel Belaskoren artikulua:
'Abizenak eta grafiak'

Gaur egun, gure herrietako izenak, persona izenak eta abizenak, agiri ofizialetan idatziz jaso dira eta arau zorrotzek arautzen dabe euren erabilerea. Dana dala, hau guztia nahiko barria da. Berbarako, Nafarroako herri baten izenaren antxinatasuna 1.500 bat urtekoa da eta 1.000 bat urtean izan da idatzia; era berean, etxe batena orain 500 edo 600 urtekoa izaten da eta denpora tarte horretantxe idatzi da. Halan da be, euskal ortografia 1973ra arte ez zan finkatu eta Real Academia de la Lengua Españolak XIX. mendera arte ez eban arau ortografikorik argitaratu. Gauzak holan dirala, herriei jagokenez, 700 urte baino gehiagoko tartean izenak idazteko moduan ez zan araurik egon eta, ganera, gure kasuan egoerea larriagoa zan, izen asko jatorriz euskerazkoak izan arren, gaskoieraz, gazteleraz eta frantsesez idazten ziralako. Egoera horrek eragin zuzena izan dau euskal literaturan be, urte askotan Espainiako edo Frantziako ortografiaren arabera idatzi dalako euskeraz.

Arazo nagusiak

Erdal grafiagaz idatzitako euskal izenak

1. Izen bera amaierako -a mugatzaileagaz edo hori barik, hau da, agiriaren arabera herri, etxe edo abizen bera Elizaldea edo Elizalde legez agertzea posible da.
2. Izen konposatuetan, lehenengo osogaiaren amaierako -e holan agertu daiteke ala -a, agiriaren arabera: Larrezabal eta Larrazabal.
3. Izen konposatuetan, lehen osogaiaren amaierako -o holan ala -a, beti be, agiriaren arabera: Fagoburu eta Fagaburu.
4. Izen konposatuetan, lehen osogaiaren amaierako -i agertu daiteke ala ez: Iturrialde eta Iturralde.
5. Lehen osogaia bokalez amaitzen bada eta bigarrenak be hasierako bokala badauka:
 A + o, gehienetan -o-, Errekondo, eta Errekaondo.
 A + e, gehienetan -e-, Otegi, baina Otaegi be bai.
6. Agiriaren eta dataren arabera, etxe izen baten amaierak ondokoak izan daitekez: Arotzarena, Arotzena, Arotzenea, Arotzenekoa.

Euskal fonetika eta morfologiaren aldaerak

1. Euskereak baditu gazteleraz eta frantsesez ez dagozan hotsak: tz, ts, z, s, x. Beraz, Elizaga lako izen bat, holan ikusi geinke: Elissague, Elisaga, Eliçaga, Elizaga...
2. b/v alternantzia ohikoa da: Echeverria, Echeberria.
3. y/i alternantzia: Iturriberri eta Yturriberry
4. Gaztelera zaharrean x hizkia gaur egungo euskerazkoa legez ahoskatzen zan, gero j albeolar bilakatu zan. Euskal abizenak idazterakoan bi hots horreetako edozein irudika daiteke. Beranduago j grafia nagusitu zan: Elexalde eta Elejalde.
5. h era arbitrarioan erabiltea. Erdi aroan f bitartez be adierazoten zan: Ferriete (Harrieta). Hegoaldean, ostera, agertzen danean, era arbitrarioan erabilten da: Huarte, Uarte, Uharte, Ugarte.
6. ge, gi hotsak gue, gui/guy adierazoten dira; eta ke, ki hotsak que, qui.

Idatzizko hizkuntzara egokitzen zan izena

1. Euskal -u amaierak, gazteleraz -o agertu daitekez: Aramburo.
2. Euskal -a amaierak, frantsesez -e idazten dira: Elissague.
3. Euskal -e amaieretan, frantsesez amaiera hori galtzen dabe, batez be, -t- baten atzetik: Espelette.
4. -zk- letra multzoa -squ- bihur daiteke: Esquíroz.
5. Hasierako bokalak galtzea: Rotaeche, Chávarri.
6. Amaierako -l bokalizetea, Iparraldean: Larcevau (Larzabal), Mendibieu (Mendibil).
7. -El,. -La, edo Le- hasten diran abizenak erderazko artikuluekaz nahasita agertzen dira: Rañeta (Larraineta).
8. Euskal abizenek erdal d- aurrizkia hartzea: Aoiz> Daoiz, Urruti> Durruti, Agerre> Daguerre.

Euskal forma herritarrak ez dira jasoten

1. Doneztebeko (Nafarroa) euskaldun batek abizentzat herriko erderazko izen ofiziala hartuko dau: Santesteban.
2. Herriaren ahoskatze euskalduna ez da sekula ikusten abizenetan: Lazkao (Lazcano), Undixo (Undiano), Galdixo (Galdiano), Gorza (Güesa), Sartze (Sarries), Orzaize (Osés)...
3. Gaur egungo toponimoen euskal formea ez da agertzen zuzenean abizenetan: Aranaz, gaur egun Arantza deitzen dan herritik.

Abizenak itzultzea

1. Historian dokumentauta dago euskal abizenak itzuli egin dirala kidekoak izan ala ez: De Miguel (Mitxelena), Palacios (Jauregi). Dana dala, ez da oso ohikoa.
2. Gaur egun, kontrako jokerea dago.

Abizen bat ikertu gura izan ezkero, datu honeek guztiak kontuan hartu behar dira. Bilaketan ez da bakarrik begiratuko gaur egungo formea, izenak jaso leikezan gorabehera ortografiko guztiak aintzat hartu beharko dira. Edozelan be, aldaera horreek azalekoak dira eta miaketa genealogikoan ez dira esanguratsuak; belaunaldiz-belaunaldiko dokumentazinoa da zorrotz aztertu beharrekoa. Genealogista gizajo batek bere abizena hamaikatxu eratan idatzita topau leike: Etxeberria, Echeberría, Echeverría, Echeberri, Echeverri, Etcheverry, Etcheberry, Etcheberria, Etcheverry, Etxaberri, Etxaberria, Echaverria, Echaverri, Chaberri...

Bitxikeria legez, hona hemen Nevadako Iparraldeko telefono gidatik harturiko benetako kasu bat: han topau doguz Echevarria (11), Echeverria (13), Etcheberry (3), Etcheverria (2), Etcheverry (11), Etxeberri (1).

http://www.euskalabizenak.com

Munduko edozein txokotara joan eta euskaldunak edo euskal jatorrikoak topau geinkezala ez da kontu barria eta Internet Sareak eskaintzen dituan aukerak aztertzen be ez gara orain hasiko. Muga asko apurtu eta distantziak 'laburtu' ditu Internetek eta gaur egun edozer kontsultau daiteke bertan, baita euskal heraldika eta genealogiaz be. Oraintsu egin dau urtebete euskal genealogiaz arduratzen dan www.euskalabizenak.com web guneak; Lizardi Multimediako Fernando Lopez Permisan jn.ak sortu eban igazko zezeilean. Kontsultak euskeraz, frantsesez eta inglesez egin daitekez eta esan daigun urtebeteko tarte horretan Euskal Herri osoko 300 leinu baino gehiago aztertu dituela.

Euskalabizenak.com Heraldika, Genealogia eta Nobiliariazko sei hilebetekaria da eta 31 kolaboratzaile inguruk egin dabe bat proiektuagaz; horrezaz ganera, webgune honetarako artikuluak idatzi dituenak be asko dira, besteak beste, Mikel Balentzegi, Xabier Cabantous, Christine Fagalde, Alejandro Milberg, Marta Ruiz Ayestaran edo Mikel Belasko.