Sarean  IV. urtea // 160. zenbakia

Blogger-ak kazetariak ete dira?


Gotzon Plaza,
Informatikoa

Internet-en gero eta ugariagoak dira bai blog-ak eta baita blogger-ak. Daborduko edozeinek daki zer diran baina baten batentzako edo, 'blog' berbea ingelesez itsasontzietan egoan 'bitakora' da. Bitakora hau, normalean egurrezko armairu bat zan lemaren ondoan kokatzen zana eta bertan orratz magnetikoa egoan, itsasontziaren norabidea bideratzeko. Antxina, bertan egoan koaderno batean, itsasontziko pilotoek euren guardietako datuak idazten ebezan: eguraldiaren egoerea, haizearen norabidea, itsasontziaren abiadurea eta holako datuak. Gero, koaderno hau oinarritzat hartuz, kapitainak nabigazinoko egutegia osotzen eban.

Gaur egun, barriz, puntako teknologiaren garaiotan 'blog' berbea Internet-en dagozan orrialde batzuei jagoke. Web gune normalak dira baina bertan era kronologikoan argitaratzen dira ekarpenak. Era berean, 'Blog'-aren egilea 'blogger'-a izango da edo 'blogaria'.

Bakotxak bere gauzak, bere ideiak, burutazinoak, asmoak, amesak, ardurak edo gura dauena ipiniko dau bertan eta mundu guztiak dauka irakurteko baimena eta baita iruzkinak bialtzeko be. Askotan, foroak be zabaltzen dira parte-hartzaile guztien artean. Gauza xume moduan hasi ziran baina gaur egun gero eta garrantzitsuagoak dira, batzuetan euren kalidadeari esker edo ta eretxi sortzaile moduan kontuan hartzen diralako. Berbarako, politika munduan be sartu dira eta gure politikoek gero eta ardura gehiago emoten deutsie holako komunikazino forma barriei: jente asko sartzen da blog-etan eta politikariek kontuan daukiez bertan bata bestearen atzetik doazen eretxiak. Personalak, politikari buruzkoak, dibertigarriak edo serioak, katxondeo hutsa diranak eta bestelakoak dagoz.

Kazetariek, irakasleek zein edozeinek berea egiteko aukerea dauka eta gero eta errazago, horretarako tresna egokiak dagoz merkatuan (batzuk dobanekoak) eta.

Gaiaren harian, AEBetan saltsea sortu da. Nahastau diranak: Apple enpresa erraldoia eta hiru blogger. Arazoa: Apple enpreseak hiru blogger horreek salatu ditu eta epaiketea dago tarteko. Arrazoia: Apple-en esanetan, blogger horreek euren orrialdeetan enpresearen sekretu komertzialak plazaratu dabez eta Apple-ek barriaren iturriak jakin gura ditu.

Pelikula askotan ikusi dogu edozein kazetariren barri bat plazaratu ondoren, informazinoaren sorburua babestu egiten dauela eta ixilpean gordetan dauela konfidentzialtasunari eutsiz. Kazetariek horretarako eskubidea daukie.

Aztertzen gagozan kasuan dudea dago, hau da, blogariek aitatutako kazetarien eskubide horren jaube ete dira?. Pasa dan urtean, auzia epaitu zan Kaliforniako epaitegi batean eta epaia Apple-en aldekoa izan zan; blogariak ez egozala legearen babespean erabagi eban eta. Orduan, euren informazino iturriak ezagutarazoteko betebeharra ezarri jaken blogariei. Dana dala, apelazino bat egin eben eta orain bigarren epaiketa baten zain dago arazoa.