Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 160. zenbakia

Lisututeko zeregina desagertu aginean?


Gero eta gitxiagoa plantxetan da

Baina, holako atazak neurtzeko datuei erreparauta, Euskal Herriko andrazkoek 12 minutu inguru erabilten dabez egunean erropea lisututeko, hau da, alkondora bi zelan edo halango trebetasunez plantxetako aina denpora. Gizonezkoek, ostera, askoz be denpora gitxiago emoten dabe eurentzat gorrotagarrienetarikoa dan ataza honetan eta batez beste egunean minutu bat erabilten dabela kalkuletan da.

Aldi beratan, gero eta ohikoagoa da tindategira hurreratzea. Aurreko hamarkadan batez be jantzi bi eroaten ziran tintategira urtean; gaur egun, ostera, kopuru horrek gora egin eta hamar bat eroaten dira. Ganera, arrazoietariko bat, aurki, alkandorak ez lisututea da.

Testuinguru honetan, LGk lurrun garbigailua merkaturatuko dau; tximurrak kentzeaz ganera, ur kopuruan % 19 aurreratzen dau eta argindarrean % 21. Edozelan be, etorkizuna lehorketa tuneletan egon leiteke. Esate baterako Estadu Batuetan armairu antzeko bat salgai dago; garbigailutik erropea atara, bertan eskegi eta tximur barik sikatzen da.

Orain, parkatu baina itxi behar zaituet: erropea garbigailutik atara eta eskegi behar dot. Hori bai, sikatu eta gero, alkondora bakan batzuk baino ez dodaz lisutuko.

Begiluzea

Koreako enpresa batek lurruna erabilten dauen garbigailu bat atarako dau Europako merkatura gitxi barru eta, antza danez, erropea tximur barik itxiko dau. Gurera irailean ailegauko da eta 1.500 euro inguruko prezioan merkaturatuko da. Propagandeak dinoana egia bada, etxeko zeregin gatx eta gorrotagarrienetariko bat desagertuko da.

Hiru urteko ikerketa lan baten ostean, Koreako LG konpainiak 'Steam DD Washing Machine' merkaturatu gura dau; enpresako publizidadeak dinoari jarraituz, etxeko tresna honek, beste mirari batzuen artean, erropea tximur barik itxiko dau.

Garbigailua orain dala bost hilebete dago salgai Korean eta Europara udagoien honetan helduko da 1.500 euroko salneurrian; tresna honek erropea garbitzeko ura barik lurruna erabiliko dau. Lurrunak zuntzetan sartzeko gaitasun handiagoa daukan ezkero, erropak eta oihalak ez dira hainbeste nahastetan, hau da, askoz be gitxiago tximurtzen ei dira. Ganera, garbitu ostean, tresna honek lurruna askatzen dau 20 edo 30 minutuan, erropea lisututeko. Egia esan, lurrunaren erabilerea antxinako trikimailua da eta nahiko harrigarria da fabrikatzaileek lehenago erabili ez izana.