Kulturea  IV. urtea // 160. zenbakia

‘Mundua lo dagoen bitartean’, Harrapazank programearen azken ekitaldia


Bizkaie!

Harrapazank programeak (Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak bultzatu eta Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak koordinau eta diseinautakoa) azken ikuskizun biak aurkeztu ditu: ‘Ander eta Graun’ komiklipa eta ‘Mundua lo dagoen bitartean’ performancea. Daborduko azkena taularatzea baino ez da falta, pasa dan barikuan Bilborock aretoan komiklipaz gozau ahal izan eben-eta bertara hurreratu ziranek.

Martiaren 4an hasi zan Harrapazank programea ‘The Uski´s’ eta ‘Etxe’ rock taldeen kontzertuakaz. Apirilaren 7an, rap musikea eta bertsolaritzea buztartzen ebazan ikuskizuna eskaini eben Unai Iturriaga, Aritz Soun System, Igor Elortza, Wanka, Jon Maia, DZ eta Daddy Jeff musikari eta bertsolariek. Ostean, apirilaren 28an, Egoiz Lasa eta Ixabel Agirresarobe aktoreek komikitik eszenara eroan ebezan Iñaki Martiarena ‘Mattin’ marrazkilariaren istorioak.

Orain, beraz, azken ekitaldia falta da: ‘Mundua lo dagoen bitartean’ performancea. Nerea Garmendia, Iban Garate, Agurne Anasagasti, Mikel Losada eta Felipe Barandiaran aktoreek irratsaio batean oinarritutako obrea antzesten dabe. June (Agurne Anasagasti), istorioaren protagonistea, ideiak ordenau eta bizitzaren bidea topau guran dabil. Lagunek eta ingurukoek irratsaiora deituko dabe haren arazoak azaltzeko eta urtenbideren bat topetako. Holan azaldu eban Agurne Anasagastik aurkezpen-ekitaldian.

Geratzen dan ikuskizuna be, ganerakoak legez, Bilboko Bilborock aretoan izango da bariku honetan, hilak 2. Sarrerea 2 euroan dago salgai Zabalguneko Gazteentzako Informazino Bulegoan, Bilborockeko txarteldegian eta BBKren Teleka kutxazainetan.