Bilbo periferia bihurtu da astebetez
Egitarauari begirada arin bat emoten badeutsagu, ekitaldi interesgarri franko topauko ditugu: gaurtik hasita, goian aitatutako estreinaldia nabarmendu beharrekoa da, baina, gainera, 19:30etan, Grifiren dokumentalak emongo ditue San Frantziskoko Sarea gunean; eta 22:00etan, Palankan, 'Cortes y confección' emonaldia egongo da. Bihar, hilaren 3an, 17:00etan, egunero lez Zubiak ekitaldia egingo da Cantalojasen, eta 19:00etan, Zazpi Kaleetako La Bolsa aretoan, Zibechik berbaldia emongo dau: 'La mirada horizontal. Clase, capitalismo, poder'. Eguenean, 11:00etan hasita, Swoon eta Armsrockek tailerra (leku kopuru mugatua) emongo dabe Palankan; 20:00etan berbaldia egingo dau Zibechik Likinianon, 'Genealogía de una revuelta. Viaje hacia los movimietos contrahegemónicos de América Latina' gaia hartuta; azkenik, Bilborocken ondoan dagoan ANTI liburu-dendan 'El taxista ful' lana eskainiko dabe, 22:30ean. Barikuan, berbaldi eta proiekzino bana: 19:00etan La Bolsan, 'El grito del impoder' berbaldia emongo dau John Hollowayk; 22:00etan, Sarean, 'Can Tunis' lana ikusteko aukerea egongo da. Zapatuan, hilaren 6an, 11:00etan beste saio bat egingo dau Hollowayk, 'Cambiar el mundo sin tomar el poder' gaia hartuta, eta 13:00etan, uriko hainbat espaziotan, Swoon eta Armsrocken tailerra (mugatua) egongo da. Amaitzeko, domekan, 10:30ean eta Abandoko estazinoan, 'Defensa en construcción' izeneko ibilbide gidatua egongo da AmatauTVren eskutik, Burdinazko Garrikotik. 22:00etan, Erriberako Merkatuko zubian, Zubiak ekitaldiak amaierea emongo deutso aurtengo Periferiak jardunaldiari, Bilbori jagokonez behintzat. Izan be, urriaren 3tik 7ra bitartean, Donostian jarraituko dau abentura interesgarri honek. Eta, beharbada, hurrengo urtean bosgarrenagaz gozauko dogu.
Julen Gabiria
Gauzak ondo egiten diranean, pausu txikitik pausu txikira joan arren, erritmoa geratzen ez danean, ekimenek emoitza onak eukiten ditue sarritan. Ez beti, baina pasetan da. Eta oingoan be, laugarren biderrez, pasau da: Periferiak jardunaldien laugarren edizinoa geure artean da, lehengo astean hasi eta hurrengo domekara arte. Hasikera gogor eta neketsu hareek ez ditue erraz ahaztuko Ixiar Rozas eta Dario Malventi antolatzaileek, baina kostauko jake ahaztutea, era berean, pausu txiki horreek ze sendo emon dituen eta, ondorioz, noraino heldu diran: gauzak ondo egitearen emoitzea da. Modu horretan lortu ditue holako konbidatuak ekartea urterik urte, eta modu horretan lortu dabe instituzino batzuek be euren aletxoa ipintea ekimen honetan.
2003an hasi zan abentura hau, Italiako Livornon. 2004an, barriz, Euskal Herrira etorri zan Periferiak jardunaldia, eta geroztik hemen dago, Bilbo eta Donostia arteko joan-etorrian. Eta aurten be Bilbo izango da jardunaldion espazio nagusia.
Baina zer da, zehatz esateko, Periferiak? Euren web orrian (www.periferike.org) azaltzen dabenez, 'Periferiak ekintza da, eta horizonte barriak proposatzen ditu: esperientzia barriak, jakite hibridoen laborategi bat anizteko eta finkatzeko gai izango dan bilakaera baterako'. Oindino zehatzago esateko, eta euren berbak erabilita, 'zubiak, antzerki ekintzak Bilboko zubietan, tailerrak, berbaldiak, arte laborategiak, dantza, dokumentalak'. Eta argi geratu ez bajatzue, preparau daben egitarauari begiratzea baino ez dogu, edo konbidau dituen personen izenak errepasetea baino ez: John Holloway, Ken Bugul, Swoon, Raúl Zibechi, Dionisio Cañas, Emine Sevgi Özdamar, Ramón Vera, Idoia Zabaleta, Filipa Francisco, Alberto Grifi, Claudio Feliziani, Iñaki Uriarte, Oier Etxeberria, LaRessistens, Antzerkiola Imajinarioa, AmatauTV...
Izen horreetako asko ez dira, beharbada, sorkuntza eta pentsamentu 'mediatikoaren' oihartzunetan burrundara handiena sortzen dabenak, baina ezin da ukatu punta-puntako sortzaile eta pentsalariak dirala euren esparruetan. Besteak beste, Ken Bugul senegaldarra (Mariètou Mbaye Biléomaren gatxizena da Ken Bugul) Afrikako idazlerik interesgarri eta aktiboenetako bat da; Alberto Grifi gaixorik dago eta ezin izango da Bilbora etorri, baina zinegile honen pelikulen zikloa eskainiko da eta, modu horretan, agerian geratuko da zelako ikuspegi personal eta sortzailea daukan bere filmeek erakusten dituen mobimentu sozial eta politikoen inguruan; Raúl Zibechi kazetari uruguaiarrak urian sortu diran subjektu sozialak aztertu ditu azken urteotan: indioak, lurrik bakoak, gazte pobreak...; John Holloway irakaslea da Pueblako (Mexiko) Gizarte Zientzia eta Humanidadeen Institutuan, eta sakon aztertu ditu teoria marxistea eta zapatismoa; Emine Sevgi Özdamar turkiarra ospe handiko idazle, antzerkigile eta aktorea da: bere obra gehienak autobiografikoak dira, eta emigrazinoaren bidean ipinten gaitu hainbat hizkuntzatara itzulitako bere nobeletan; Dionisio Cañas idazle eta artista espainiarrak, hainbat liburu idazteaz gainera, poesian oinarritutako performance, ekintza eta instalazino asko egin ditu. Zerrendatxo honegaz amaitzeko, Ramón Vera mexikarra herri indigenen bizimoduaren gaineko 'Ojarasca' aldizkariko kidea da.
Parte-hartzaileen zerrendea ikusita, bistan dago Periferiak jardunaldien antolatzaileek diziplinen arteko sormena sustatu gura dabela, izan be, esparru horretan topetan ditue 'proposamenik interesgarrienak, oraina zalantzan ipinten dabenak'. Hortik dator 'jakite hibridoen laborategiaren' ideia: esperientzia, eretxi eta ezinegonak trukatu gura ditue: 'periferia, gauzak inguratzen dituan begiradea, iraganera eta memoriara so egiten dauen begirada bat da, baina esperientzia erreskatetako ahalegina be egiten dau; orainari begiratzen deutso eta oraina zeharkatzen dau, bertan eragiteko. Eta esperientzia ezagutza konpartidu eta kolektibo lez ikusten dau, berba bi horreek asko interesetan jakuz eta'.
Igazko moduan, aurten be 'Zubiak' ekitaldia izango da jente gehien erakarriko dauen ekintzetako bat: bertan, eta Bilboko zubiak eszenatoki lez hartuta, zenbait ikuskizun eskainiko dira. Gainera, ikuskizun horreetako asko beren-beregi sortu dira ekitaldi horretarako. Bertan parte hartuko dabenen artean, aitagarria da Idoia Zabaleta eta Filipa Franciscok '‘Dueto'’ estreinauko dabela gaur, maiatzaren 2an, 17:00etan, Areatzako zubian. Bestetik, maiatzaren 6an, Swoon eta Armsrock artistek ikuskizuna emongo dabe uriko hainbat espaziotan.