Jon Arretxe idazleak emon deutso hasierea euskerazko lehen wikinobeleari
Wikinobela, euskerazko lehen nobela birtuala
www.wikinovela.org
Bizkaie!
Honezkero Sarean da wikinobela, Deustuko Unibersidadeko Filosofia eta Letretako Fakultadeak bultzatutako ekimena. Wikipedia entziklopedia edegiaren ereduari jarraituz, wikinobelea jentearen ekarpenakaz idazten dan nobelea da. Oraingoan hiru wikinobela jarri dabez Sarean, euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez, bakotxaren hasierako lerroak idazle ezagun batek idatzi ditualarik.
Jon Arretxe basauritarrak euskerazkoari ekin deutso 'Burdinbidez' nobelearen lehen lerroak idatziz. Espido Freire idazle bilbotarra da ingelesezko wikinobelaren lehen idazlea, 'Time runs away' izenburua emon deutso. Azkenik, Juan José Millas valentziarrak hartu dau gaztelerazko eleberri birtuala hasteko lana, 'Vidas prodigiosas' izenburupean. Kontuak kontu, garagarrilaren 24ra arte interneteko erabiltzaileek eleberri honeen idazketa prozesuan parte hartu ahal izango dabe, erregistrau eta euren ekarpenak idatziz.
Ekimenaren arduradunek agertu dabenez, wikinobela talde sorkuntzarako gune zabal, eleanitz eta ez-lineala da, interneteko erabiltzaileen parte-hartzea eta ekarpena behar-beharrezkoak dituana. Eleberriak, garatzen joan ahala irakur daitekez besterik barik, edo nahi izan ezkero, norberak bere lerroak gehitu leikez. Oraingoz, proiektuak harrera ona euki dau eta lehenengo egunetan 3.000 bisitatik gora jaso ditu webguneak.