Zinea  IV. urtea // 160. zenbakia

Inside man


Lee zuzendariaren lan barri hau, orain arte egin dauen komertzialena, Estadu Batuetan egindako beste thriller horreetariko bat dala emoten dau, baina behin ikusi eta ostean inork ez dau pentsauko iruzur egin deutsienik. Izan be, zinegile eztabaidatu baizen bikain honen trebetasunak eta Hollywood-eko ohiko entretenimentua buztartu ostean sortu dan emoitzea izugarria izan da. 'Inside man' filmak sare gozogarri batean atrapetan dau ikuslea, gidoi bizkor, burutsu eta argi bat bidelagun.

Era berean, honako pelikula hau Spike Lee-ren ohiko istorio politikoetariko bat ez dan arren, zuzendariak ez dau galdu umorearen ildotik gizarte kritika zorrotzak sartzeko aukerea. Kontakizuna aberasten daben pasarte honeek, bada, filmaren umorearen zati dira eta amaierara arte jakingurea sortu eragiten deuskun suspensea orekatzeko osogai ezin hobeak.

Bestalde, aktoreen zerrendea ikustea besterik ez dago, antzezpen lanak zelakoak diran jakiteko. Ganera, ekintzea ez da indarkerian oinarritzen, ezpada film osoan arian-arian garatzen diran izakeren eta buru-argien burruka ikusgarrian. Azken batean, energiaz, abilidade teknikoz eta sendotasun narratiboz betetako filma dogu; edonori gomendatzeko modukoa, benetan.

Joseba Terreros

- Zuzendaria Spike Lee.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 129 minutu.
- Antzezleak: Denzel Washington (Keith Frazier detektibea), Clive Owen (Dalton Russell), Jodie Foster (Madeline White), Christopher Plummer (Arthur Case), Willem Dafoe (John Darius), Chiwetel Ejiofor (Detective Bill Mitchell), Kim Director (Stevie), James Ransone (Steve-O), Peter Gerety (Coughlin kapitaina), Victor Colicchio (Collins sargentua), Peter Frechette (Peter).
- Gidoia: Russell Gewirtz.
- Argazkia: Matthew Libatique.
- Muntaia: Barry Alexander Brown.