Pearl Jam taldea Gasteizko Azkena Rock Jaialdian
The Cult
The Cult talde ingelesak joko dau Gasteizko Azkena Rock Jaialdiaren 2006. urteko edizinoa aurkezteko biran, eta bi kontzertu eskainiko ditu Madrilgo La Riviera aretoan (bagilaren 4an) eta Bartzelonako Razzmatazz aretoan (bagilaren 5ean). ARF'06 jaialdia abuztuaren 31n eta irailaren 1ean eta 2an izango da Arabako uriburuan.
Gotzon Uribe
Laurogeita hamargarren hamarkadako rock musikeak emon dauen talderik esanguratsuenetarikoa da batzuentzat. Seattle uriko Pearl Jam taldea Gasteizko Azkena Rock Jaialdian izango da datorren irailaren 2an.
Grunge legez ezagutzen dan mobimentuaren partaide zuzenak izan dira Pearl Jam, Nirvana, Tad edota Mudhoney taldeakaz batera. Musikearen munduan 15 urte beteten dabez aurten eta disko barria maiatzean plazaratuko dabe, ‘Pearl Jam’ izenburuagaz. Diskoa 13 kantuz osotuta dago eta aurrerapen abestia ‘World Wide suicide’ da. Seattleko ‘Estudio X’ grabazino estudioan grabau dabe lana, Adam Kasper produktorearen gidaritzapean.
Sorreratik, 1991. urtean, taldeak 60 miloe disko saldu ditu mundu osoan eta estudioko zazpi disko plazaratu ditu, baita zuzeneko lan bi, disko bikotx bat eta abesti ezagunenakaz osotutako lan bat. Hiru urte eta erdi egon da taldea disko barririk atara barik eta orain, zortzigarrena, diskoetxe barri bategaz plazaratuko dabe, ‘J records’ izenekoa, BMG multinazionaleren zigilu txiki bat.
Hamabost urteren ostean, taldeak bat eginda jarraitzen dau eta oraindino martxan dagozan garai hareetako bakarrenetarikoak dira. Disko barriko abestiak taldearen lehen garaietara eroaten gaitue, doinu indartsuago eta rockeroagoetara.