Kulturea  IV. urtea // 160. zenbakia

Elhuyar Fundazinoaren Basque Research webguneak IV. Tesien Saria abiarazo dau


Bizkaie!

Elhuyar Fundazinoaren Basque Research webguneak IV. Tesien Saria jarriko dau martxan datorren maiatzaren 1ean. Unibersidadean egiten dan ikerketea gizarteratzea eta, batez be, ikertzaile gazteen lanak ezagutarazotea dira sariketearen helburu nagusiak. Horrenbestez, doktoretzea amaitu barri daben ikertzaileen lanak saritu gura ditu Basque Research webguneak.

Lehiaketearen antolatzaileek jakinarazo dabenez, bi sari banatuko dira: sari nagusia eta bigarren saria. Sari nagusiaren irabazleak ordenadore eroangarri bat jasoko dau, Sistek Informatica y Microsistemas etxearen laguntzari esker; bigarren sariaren irabazleak, barriz, Euskal Autonomia Erkidegoko landetxe batean bi lagunentzako astegoiena irabaziko dau, Nekatur alkartearen eskutik. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 31n amaituko da. Euskal Herriko Unibersidadea eta Mondragon Unibersidadea dira sariketearen babesleak.

Zientzia edota teknologiako doktore-tesien laburpenak bialdu behar dira sariketara, 2005ean azterketa gainditu eben tesienak beti be, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Ipar Euskal Herriko edozein unibersidadetan aurkeztuak. Laburpenek ez dabe 3.000 karaktere baino gehiago izan behar, eta argazki edo irudi bat be bialdu daiteke.

Euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez aurkeztu daitekez lanak. Hizkuntza batean baino gehiagotan bialdu daiteke laburpena, eta bertsino horreek guztiak argitaratuko dira. Kontuan izan behar da doktore-tesien laburpenak era erakargarri eta ulergarrian argitaratu behar dirala. Bost lagun arituko dira epaimahaian; zientzia edo teknologia ikasketadunak dira danak eta dibulgazinoan adituak.

Aurkezten diran lan guztiak bagilaren 1etik aurrera egongo dira ikusgai www.basqueresearch.com webgunean, eta bagilaren 15ean jakinarazoko dira irabazleen izenak. Oinarriak www.basqueresearch.com web-orrian dagoz ikusgai.