Peru Magdalena: 'ez dot gizakiaren miserien kontra burrukan ibilteko gogorik'
Peru Magdalena (Durango, 1980) idazle eta margolari gazteak ‘Lile’ liburua plazaratu barri dau Elkar argitaletxeagaz. Literaturaz, sorkuntzaz eta bizitzaz egin dogu berba, eta durangarrak ‘Lile’ liburuan erakusten dauen bizipoz bera agertu dau.
1. 'Lile' liburu freskoa da, gitxitan ikusten dan moduko ausardia daukana. Nondik abiatu zara lan hau egiteko orduan, zertan oinarritu zara?
Pozten naz freskoa eta ausarta iruditu bajatzu, ze nik itxi gura neban liburu bat bizia, norbaitengan bizitza eragingo ebana; ez liburu batzuek daukien zurruntasunez, edo, nire ikuspegitik, bizitza faltaz. Beste alde batetik, barrura begitu gura neban; edo, begira ibili barik, barrukoari urteten itxi. Oinarri absolutotik abiatu naz: nigandik, baina orokorrera eta zabalera begira, personaia baten eta mundua ikusteko era baten bitartez. Azken aldian bolada baten bizi naz, eta biziteko eta munduan egoteko era bat topau dot, nahiko neurea eta ederra iruditzen jatana. Bolada horretan idatzi dot liburua.
2. Margolaria be bazara. Bolada honetan, zure idatzien eta margoen estiloak bat datoz?
Estiloak ez dakit, baina fondoa bai, eta sortzeko bultzada hori be bai. Bardinak jataz bietarako. Enbor bereko adar bi, esango neuke.
3. Zertan ikusten dozu zure burua inplikatuago: literaturan ala pinturan?
Kontua da nigan ez dagoala holako disoziazinorik. Ez ditut desbardintzen. Batzuetan, sortzeko bultzada hori dator, eta berak aukeratzen dau bere bidea. Uste dot ez jakola buelta askorik emon behar. Bueltak emoteak, niri behintzat, hil egiten deust sorkuntzea esku artean. Oso gitxitan egiten ditut gauza biak batera. Normalean, batetik hasten bazara, hortik zoaz eta ez zara beste ezertan hasten. Eta hori da bidea, nigan behintzat: zuloetatik jausten itxi, barrukoari urteten itxi; zintzo eta biluzik eta, posible bada, arrazoiaren filtroa kontuan hartu barik. Beste alde batetik, adierazpideak edo teknikak ez dira garrantzitsuak. Hor egoten da nahasmena sarritan, 'ondo' idatzi edo 'ondo' pintau gura horretan. Hori sekula ezin da helburua izan. Zeozer euki behar dozu, eta azkenean, zeozer horri zabalik egon ezkero, berak topauko dau kanporatzeko modua. Sorkuntza puruan, niri iruditzen jat begitu baino ez dodala egiten, hedabidea nazala.
4. Hain zuzen be, hor aitatu dozun gauza bat da liburuaren ezaugarririk nagusienetakoa: barrukoari urteten itxi deutsazula, uholde baten moduan. Barruan zeunkan guztia emoteko bildurrik ez bazendu lez...
Bai, halantxe da. Ez dot bildurrik euki. Zergaitik euki behar dogu bildurra ba? Bildurrez sortzea, emoten dozuna beti kalkuletan eta neurtzen ibiltea... hori ez da sortzea. Sortzea ez kalkuletea da, ez neurtzea, ez jakitea. Sortzeko momentuan ez dago helbururik, ez dago planifikazinorik. Ikuspuntuak eta personaiak pentsatuegi badagoz, asuntoak bizia galtzen dau.
5. Pizarnik, Yupanqui, Girondo, Hesse, Dante eta Andrés Calamaro dira liburuko ziten egileak. Baina zure idazketearen atze-atzean Julio Cortázarrik esperimentalena be igarten da.
Zelan ukatu hori! Bai, Julito lagun handia dot. Hur-hurreko laguna. Hur-hurreko lagunek asko eragiten gaitue bizitzako plano guztietan, eta Cortázarrek be eragingo eustan. Mundu eta literaturako joera baten anai sentiduten dot.
6. Oin dala gitxi Unai Elorriagagaz be konparau zintuen, kritika baten.
Bai, Ibon Egañaren kritikan. Esan behar dot, lagunen bat arduratuta etorri jatalako eta Egañak liburua ez jakola gustau esan dauelako, tajuzko kritikea iruditu jatala niri. Liburua irakurri eta barruratu dau, sentidu dau nondik doazen tiroak. Gero, kontua da bera oso desbardina dala bizitzagazko, eta normala iruditu jat gustau ez izana. Berak beste gauza batzuk bilatzen ditu literaturan. Eta, jakina, nire liburuan ez ditu topau. Ni oso bestelakoa nazala sumatzen dot. Kritika lez bota dituan batzuk, adibidez, lora lez hartu ditut nik. Eta Unai Elorriaga bera be, nigandik hurrago dagoala igarri dot Ibon Egañarengandik baino. Horrek ez dau esan gura Egañak egin eban konparazinoa hain zuzena danik. Oso lau egin ebala uste dot. Badagoz Unairena eta nirea desbardintzen dituan hainbat eta hainbat alderdi, baina hori beste kontu bat da.
7. Liburua hasi eta amaitu, antzeko esaldiagaz egiten dozu: 'Gero eta gehiago dira', 'gero eta gehiago gara'. Nortzuk 'dira' hasierako horreek, gero 'gara' bihurtzen diranak?
Benedettik dino poema baten 'hay una sola grieta decididamente profunda / y es la que media entre la maravilla del hombre y los desmaravilladores'. 'Dira' edo 'gara' horreek gizakiaren mirari edo marabillara hurreratu gura dogunok gara, edo hurreratzeko antzerako bidea aukeratu dogunok. Ze ni konturatzen naz gero eta lagun gehiagok dogula bizitzagazko joera alai eta sortzaile bat izateko gogoa, gizakiaren marabilla horretara heldu eta hor biziteko gogoa, trabak eta frenoak eta alperreko kontuak alboratuz. Nik ez dot gizakiaren miserien kontra burrukan ibilteko gogorik. Nik miseria horreetatik aparte bizi gura dot. Eta gainera, uste dot hori dala miseria horreek desagertzeko erarik onena. Nigan, adibidez, aspaldi ez dira agertzen inbidia, mesfidantzea, gogaitasuna eta holakoak, eta hori da aparte nabilelako, ez kontra.
8. Idazleak konpromiso bat hartu behar dauela dinoan ustearen kontrako ideia da hori, ala bateragarria da konpromisoaren ideiagaz?
Aitatu deutsudan gizakiaren marabilla horren alde noa ni, bizitearen ederrean uger egingo dauen gizaki horren alde noa. Gizaki humanoagoa, munduagazko eta albokoagazko hurrago dagoana, eta ez albokoa izorratu eta zapalduko dauena. Gizaki errebeldea beti, jakina. Eta izateko era marabilloso horren dardara daroan literatura gizakiaren funtsera helduko da, eta horrek maiteminduko dau gizakia bizitzagaz apur bat gehiago, eta lagunduko deutso bizitearen alde entregetako pasinoari. Eta bizitza hau errotik defendidu nahiak eroango dau gizakia, beharbada, orden orokorra apurtu eta kalean biluztera, edo metrailetea hartzera. Marabilla horretara heltzeko, baina, plano bi dagoz: bata definituagoa eta praktikoagoa, eta bestea poetiko eta espiritualagoa, esan daigun. Ni, beharbada, gehiago mobiduko naz plano poetiko-espiritual horretan. Idazle batzuk nik baino askoz be gehiago emongo dabe plano horretan, baina badakit gizakiaren norabide berean goazela. Eta norabide hori, funtsean, ezkerra da. Eta igual ezker gehiago igarriko dot Miróren koadro baten, idazle ezkertiar baten testuetan baino.
9. Ze hartu-emon dago zure pinturearen eta zure literaturaren artean?
Hartu-emon zuzena da, totala esango neuke. Edo, gehiago oraindino: esango neuke ez dagoala hartu-emonik, biak bat diralako nigan. Lagun bategaz euskeraz berba egitea lakoa da: bategaz hika egingo dozu eta besteagaz zuka, baina biakaz zabiz euskeraz, eta zure memorian hori geratuko da, berba egin dozula. Eta idatzi eta pinteteagaz be antzeko zeozer jazoten da nigan. Kanpotik ikusita, oso desbardinak iruditzen jakoz jenteari, baina nik sentiduten dot asunto berean nabilela, fondoan gauza bera dirala.
10. Ondorioz, esan daiteke zure testuak piktorikoak dirala, eta zure margoak narratiboak?
Igual bai. Liburuko ipuin batzuetan konturatzen naz, esate baterako, ez nengoala idazten: pintetan nengoala. Iruditzen jat ipuin batzuk Kleeren kuadro horreen modukoak dirala, akuarelaz egindako lorategi horreen modukoak: koloreak dagoz, brotxazoak edo laukitxoak, eta bakotxa keinu bat da, baina osotasunean beste zeozer usaintzen da.
11. Zer emoten deutsu sorkuntzeak, eta zer emon gura zeunskio sorkuntzeari?
Lehen esandakotik, niri sorkuntzeak laguntzen deust bizitzarako sensibilidade bat lortzen. Eta azkenean bizitzeak eta sorkuntzeak bat egiten dabe. Bide amaiera moduko bat da, eta gero ez dago biderik. Norbera dago, eta mundua. Eta zoragarria da, ze sorkuntzeak ez badau bizitzarako balio, ez dau ezertarako balio. Sorkuntzea ezin da definizino eta modetan kabidu. Sorkuntzan ezin da hierarkia edo demokraziarik egon; egitura horreek gizakiarenak dira, eta sorkuntzeak naturearen egitura moduko bat euki behar dau. Edo egitura falta bat. Eskuetatik egin behar deusku iges, berari segika leku zoragarrietara heldu gaitezan. Guganaino heldu gaitezan. Eta zer emon gurako neuskion sorkuntzeari... nik uste dot beragan zintzo, biluzik eta basati entregetea dala emon geunskion guztia.
Julen Gabiria