Ardaoren kontsumoak behera egin dau
Labur-zurrean, datu horreekaz guztiakaz ondorio bi atara geinkez: alde batetik, mahaiko ardaoaren kontsumoa beherantz doala, nahiz eta gehien kontsumiduten dan ardaoa izan (% 60) eta, bestetik, ardao kontsumitzaileek beste ezaugarri batzuei erreparetan deutsela gero eta gehiago, batez be, ardaoaren kalidadeari.
Imanol Sarasola,
enologoa
Espainiako Nekazaritza sailak emondako datuen arabera, ardao kontsumoak % 4´4ko jaitsierea izan dau 2005ean, 2004an baino 53´22 miloe litro gitxiago kontsumidu baita. Bestalde, dirutan sarrera igoerea izan da, % 5´9ko igoerea, hain zuzen be, hau da, 2004an 2.795´06 miloe euroko sarrerak izan baziran, 2.005ean 2.959´35 miloe euro izan ziran.
1987tik 2005era bitartean, azken 19 urteotan, ardao guztiak kontuan hartuta, danetara, estaduan 669 miloe litroko galerea izan da ardaoaren kontsumoan, ardaoaren kontsumo osoaren % 36´9 izanik galerea, hau da, urtero batez beste % 2´7 jaisten joan dalarik.
Aitaturiko bi hamarkada horreetan, ardao kontsumoak jaitsiera eta igoera nabarmenak izan ditu; jaitsierarik handienak ondoko urteetan emon ziran: 1988an, % 10´8; 1991an, % 8; 1995ean, % 6´9; 1989an, % 6´2 eta 2001ean % 5´9; beste alde batetik, kontsumo igoerarik handienak, 1996an, % 8´1; 1997an, % 7´3; 1993an, % 2´3 eta 1998an, % 1´6 izan ziran.
1987tik 2005era bitartean, mahaiko ardaoaren kontsumoaren jaitsierea 727miloe litrokoa izan da. Gauzak holan dirala, personako urtero 36´4 litro kontsumidutetik 16´06 litro kontsumidutera pasau gara.
Jatorrizko ardaoen kontsumoak gora egin badau be, igoera hau ez da nahikoa izan aitaturiko galerea bardindu edo orekatzeko. Hemeretzi urteotan, % 53´2 igon da jatorrizko izendapeneko ardaoen kontsumoa. 1987an 245 miloe litro kontsumidu ziran eta 2005ean, barriz, 375.
Estaduan jatorrizko izendapeneko ardaoen kontsumoa batez beste 2´6 litrokoa da persona bakotxeko eta hortik gorakoa Extremadura, Murtzia, Gatzela-Mantxan eta Errioxan; Galizia, Kantabria, Aragoi, Nafarroa, Kataluinia, Balearretan eta Andaluzian batez bestekoa kontsumiduten da eta Asturias eta Kanarietan bajuagoa da kontsumoa.
Salneurriari jagokonez, ardaoaren batez besteko prezioak gora egin eban 2005ean, hain zuzen % 11´2 aurreko urteagaz konparauta. Izan be, litroko 2´33 eurotik 2´59 eurora pasau da. Ardaoen artean, jatorrizko izendapenekoek % 3´8ko igoerea izan dabe eta mahaiko ardaoek % 6´7koa.