Jan-edanak  IV. urtea // 160. zenbakia

Txokolatea, paradisuko jatekoa?


Txokolatearen inguruko mito ezagunenak:

- Txokolateak loditu egiten dau: txokolateak azukera eta gantz asko daukanez, kaloria asko ditu eta, beraz, neurrian kontsumidu behar da, izan be, neurriz jan ezkero, ez dau loditzen.
- Aknea areagotzen dau: txokolatea eta antzeko elikagai gantzatsuek ez dabe garau eta zaldarren agerpenagaz ezelako zerikusirik, dietan irunsten dan gantza ez baita bilgor-guruinetan metatzen.
- Karies edo txantxarra areagotzen dau: luzaroan, kariesaren sortzaile edo eragile nagusitzat jo izan dira txokolatea, azukerea eta beste hainbat gozoki be baina lotura hori ez da zuzena, tartean bestelako elementuak be badagozalako, besteak beste, elikagaien ukutua eta aho-higienea.
- Menpekotasuna sortarazoten dau: txokolateak menpekotasunezko kontsumoa eragiteko gaitasuna daukala ez dau inolako ikerlanek frogatu. Arazoa bestelakoa da: txokolatea kontsumiduteak sentsazio atsegina sortzen dau eta menpekotasuna sentiduten ei dauen personea sentsazino horren bila dabil. Gorago esandako moduan, txokolatearen serotonineak eragin positiboa dakar animo-egoeran, izan be, gozokiak kontsumiduteak endorfinen askapen-mekanismoak estimuletan dituala egiaztatu da: eragin horrek, persona batzuei gozokiak jateak egonezina arindu eta lur-jote egoerei aurre egiteko unean laguntzen deutsela ulergarria da, nahiz eta une batekoa izan.
- Burukominen sortzailea da: kakaoak eta txokolateek, migraina-episodioen agerpenagaz lotu izan diran substantzia batzuk (berbarako tiraminea, histaminea eta feniletilaminea) daukiezan arren, migrainearen eragileak faktore asko dira eta substantzia horreen parte-hartzea ezin izan da oraidino zehaztu.

Laburbilduz, hona hemen gomendioa: bildurrik barik jan txokolatea, disfrutau baina gehiegikeriak baztertu.

Amaia Laforga,
Dietetika eta Gizaki Elikaduran diplomaduna

Txokolatea kakaoan oinarritutako elikagairik ezagunena eta zabalduena da. Jente gitxi dago txokolatea gustetan ez jakonik. Txikitatik hasten dira gurasoak umeei txokolatea emoten. Energia-iturria da eta neurrian jan ezkero, ona dala dinoe.

Historian atzera eginaz, 600. urterako aztekek eta maiek ondo ezagutzen eben txokolatea. 1519an Hernán Cortesek txokolatea probau eta Ameriketatik honantz ekartea erabagi eban. Mende bat geroago juduak izan ziran txokolatea Euskal Herrira ekarri ebenak, izan be, 1609an juduek Baionan edegi ebezan kakaoa lantzeko lehen lokalak. Luis XIV.ak Baionan egiten zan txokolatea jan eta handik Europako herri danetara zabaldu eban. Kakao-arbolatik babea hartu eta xocoalt izeneko nahastea egiten eben.

Txokolate berbearen jatorriari buruz, bi aukera nagusi dagoz: batetik, nahualtetik eratorritako xococ (mingots) eta atl (ura) berbakaz osotua; bestetik, berbearen jatorria maia izan leiteke, chokolhaa (edari beroa) berbea oinarrian hartuta.

Azteken kondaira batek dinoanez, kakao-haziak paradisutik datoz eta gizakiak boterea eta zintzotasuna lortzen ditu hazi horreek janda.

Txokolatea kakao zuhaitzaren (Theobroma cacao) fruitu hartzitu eta txigortua erabiliz produziduten da. Gusto mingotsa dauka. Ondoren, azukerea eta beste osogai batzuk erabiliz, gozotu eta barra formea emon edo edari moduan preparetan da (txokolate urtua, beroa edo hotza). Hau zan aztekek eta lehen kontsumitzaile europarrek txokolatea hartzeko euken jatorrizko modua.

Txokolate muetak

Txokolatea oso ezaguna eta erabilia da, bere aldaera guztietan. Itxura eta gusto desbardineko txokolateak produziduten dira, erabilitako osogaien portzentajearen arabera. Gainera, txigortzerakoan erabilitako tenperaturearen eta denporearen arabera, gustoa aldatu egingo da:

· Txokolate mingotsa: kakao haziak baino ez dituana, beste osogairik barik.
· Txokolate baltza: esnerik bakoa, kakao portzentajea % 35ekoa izango da gitxienez.
· Esnedun txokolatea: esne-hautsa edo esne kontzentratua daroa osogai moduan. Kakao kopuru txikiena %25 izango da.
· Txokolate zuria: kakao-mantekaz egina. Ez dauka kakaorik.
· Txokolate erdizuria: sukaldaritzan erabilia.
· Estalkia: kakao-manteka ugaridun kalidade handiko txokolateak.

Batzuetan menda, laranjea edo mailukia gehitzen jako. Txokolate-tabletek kakahueteak, hurrak, intxaurrak, karamelua edo arroz harrotua be izaten dabe eta likorea be izan leikie.

Txokolatearen eragina

Txokolateak, kakaoaz, azukeraz, lipidoez eta proteina begetalez ganera, botiken eragina daben beste substantzia batzuk be baditu, berbarako, tebrominea, kafeinea, feniletilaminea eta serotoninea. Tebromineak nerbio-sistemea bizkortu, esfortzu muskularra erraztu, apetitua areagotu eta bihotzari lana eginarazoten deutso. Horregaitik, kirolari askok lehiatzen hasi aurretik txokolatea jateko ohiturea izaten dabe. Bestalde, kafeineak, nekearen aurreko erresistentzia luzatzeaz ganera, jarduera intelektuala areagotzen dau. Horrezaz ganera, txokolatea jan ezkero, serotina gitxiago galtzen dogu eta horrek antidepresiboen eragina dauka gorputzean. Txokolatea ez da, beraz, edozelako jatekoa. Sarri esaten da sari legez jasoten dugun erregalua dala, umore onez jarten gaituala, etsipenei aurre egiten laguntzen deuskula eta bizigarria dala. Maitasun-kontuan be badauka eraginik: bikoteagaz maitekorrago eta eztitsuago bihurtzen ei gara, eta ganera, afrodisiakoa dala esaten da.