Euskerea berbagai  IV. urtea // 159. zenbakia

Pazientziaz


Erramun Osa

Aurreko baten, Euskal Herrian edegi barri dan prozesua bururaino eroateaz berba egiten eban politikari ezagun batek. Zuhurtziaz beteriko berbak dira horreek guztiak. Halan da be, normalizazino politikoari buruz holakoak esaten badira, euskerearen indarbarritzeari buruz ari garanean ez ete geunke antzeko ikuspegia izan behar?

Izan be, errazagoa da status politikoan aldaketak gauzatzea gizartean baino. Ikusi bestela, hamarkada luzeak iraun eban diktadura batetik, inguruabar demokratikora igarotzeko pausuak ze azkar emon ziran edota diktadureak bertan behera itxi eban Jaurlaritzea bera be, zelako epe laburrean lortu zan barriro eratzea. Sasoi bateko hazurdura juridikoak egoera barrietara ekarteko ezinbesteko abiapuntua, azken baten, borondatea da. Hizkuntza kontuetan, ostera, ofizialkidetasuna lortzea kontu bat da, halan da guztiz be, gitxiengo batek erabilten dauen gitxiagotutako hizkuntza bat indarbarritzea ez da aurrekoagaz batera jazoten dan zeozer bakarrik.

Geure hizkuntzeari jagokonez, euskerearen alde agertzea, maila desbardinetan haren onarpena lortzea, garrantzitsua izanda be, ez da nahikoa. Horrezaz ganera, danetariko alkarteak eta herritarrak hizkuntza horretara hurreratzea eta, zabaltzen joan daiten, pausu eragingarriak emotea ezinbestekoa da, baita be, bere indarbarritzeari traba egiten deutsen kontzentrazino demolinguistikoa eta desoreka funtzionala orekatu daitezen ahaleginduz, bide batez. Holan, herritar bati euskerearen alde dagoan itauntzen bajako, gitxi batzuk albo batera lagata, gehiengo zabal batek euskerearen aldeko dala eta ha bultzatzeko neurriak hartzea egokia dala esango deutsu, baina, euskerearen alde zer egiteko prest dagoan itaundu ezkero, euskerarik ez badaki, ikasteko prestutasuna dauen edo antzeko kontuak agertzen bajakoz, denporarik ez daukala, horretarako edaderik ez daukala edo ikasteko sasoia pasau egin jakola, seme-alabak dabizela ikasten eta era horretakoak entzungo doguz zaparradan.

Batzuek euskeraz dakien herritarrek hizkuntzeari deutsen leialtasuna azpimarratuko dabe, leialtasun horrek, instituzinoen aldetik, pareko jokabiderik ez daukala azpimarratuz. Halan da be, euskera kontuetan aurrera egitea gura bada, lau erispide litzatekez, aldi berean, azpimarratu, jorratu eta bultzatu beharrekoak, nik uste. Batetik, euskeraz dakienei euskeraz ahalik eta jardun eremu gehienetan erosotasunez eta egokitasunez egin daien, lantzean-lantzean, aukerak eskaini egin behar jakez; bestetik, euskerarik ez dakienei, euren esku-hartzeak daukan garrantzia agertu eta euskerearen aldeko agertzen dan erdal eremu hori euskerara hurreratzeko ahaleginak biderkatu egin behar dira, euskerea horreei ailegatu dakien ahaleginduz; hirugarrenik, normalizazinoa bilatzen dauen hizkuntza politikeak, lehengo joerak eraldatu eta astintzearren, deserosoa izan behar dau, eta gauzak holan, indarbarritzeko gitxienekoak zeintzuk diran behin eta barriro azaldu behar jakoz gizarteari, onarpena landuz, edozelako hausturarik izan ez daiten; azkenik, hizkuntza politika mailakatua, koherentea, buztartua, edonon eragiteko ahalmena daukana eta lege gerizpe egokiaz babestua eratzea ezinbestekoa da.

Laurogeiko hamarkadan ezarri ziran EAEn hizkuntza politikea babesteko haga nagusiak. Adostasun horretatik kanpora, besteak beste, ezker abertzalea geratu zan. Harrezkero, ostera, alderdi sozialistea bera be, behin baino gehiagotan, abian jarritako politiken kontra agertu da. Gauzak holan dirala, testuinguru politiko barriak gatazka politikoa bideratzeko abagunea eskainiko dauen ikuskizun dogula, horrek luze joko dauela eta gure hizkuntzeari horrenbeste itxaroteak mesederik ez dakartsola jakinda, euskerearen alorrean adostasun barri eta are zabalago bat eregiteko ahaleginak egin beharko geunkez.

Halan da ze, zeintzuk dira euskerea indarbarritzeko ahaleginean, adostasuna ekarri leikien oinarriak? Zeintzuk litzatekez eregi beharreko haga barriak? Horra hor, luze barik, erantzuten ahalegindu beharreko itaunak.