Bertsotan  IV. urtea // 159. zenbakia

Bizkaitarren % 14 bertsozaleak dira


Xabier Paia

EAEko herritarren % 17k bertsozaleak dirala dinoe (% 4k sano zaleak eta % 13k nahikoa zaleak). Datu horreen arabera, bizkaitarren % 14 bertsozaleak dira (% 3 sano zaleak eta % 11 nahikoa zaleak) eta % 53 ez da zalea inondik inora. Euskal Autonomia Erkidegoko kasuan, % 34k dinoe ez dirala sano bertsozaleak eta ia erdiek (% 47k) ez dirala bape bertsozaleak.

Eusko Jaurlaritzearen soziometroak ikerketa bat egin eban urte honetako zezeilean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren olatuaren ostean aparra zelakoa dan jakiteko. Datuek bertsolaritzearen egungo errealidadea ezagutzeko aukerea emoten dabe.

Danetara, 2.872 lagunek (612k Araban, 1.278k Bizkaian eta 982k Gipuzkoan) erantzundako itaunen emoitzeari jarraituz, bertsozaletasuna handiagoa da Gipuzkoan Bizkaian eta Araban baino. Zaletasun hori, ostera, % 20koa baino handiagoa da 64 urtetik gorakoen artean. Inkesten erdiak baino gehiago telefono bidez egin dira, eta besteak etxeetan egin dabez aurrez aurre.

EAEko hiru herritarretatik bik (% 63k) inoz bertso-saioren bat telebistaz ikusi dabela esan dabe; heren batek (% 34k) zuzenean ikusi dabela, eta %17k irratiz entzun dabela dinoe. Hortaz, hedabideek egungo bertsolaritzearen espektroaren oligopolioa daukie biztanleen % 66ri jagokenez. Datu hori sano deigarria da. Horren arabera, baldintza extrapolagarrietan, telebistan ala irratian agertzen ez diran bertsolariak ez dira ezagun gitxienez biztanleriaren % 66rentzat. Eta kontuan hartzen baldin badogu espektroaren oligopolioak ganera bertsolari kopuru zehatz bat erakusten dauela beti, ondorioa da hedabideek ez dabela egungo bertsolaritzearen errealidadea islatzen. Jakina, horreek danak extrapolazino logikoak baino ez dira.

Datuen analisiagaz jarraituz, zenbat eta handiagoa izan euskerearen ezagutzea, baita bertsozaletasuna be, orduan eta sarriago entzuten dira bertsolariak. Horren ondorioz, zonalde euskaldunetan bertso-saio kopurua handiagoa dala pentsau leiteke.

Herritarren ia erdiek (% 49k) eurentzat bertsolaritzea herri kultura dala dinoe, %22k gure tradizioa dala, %13k arte mota bat dala, eta %10 baino gitxiago dira ondokoak esandakoak: ikuskizuna dala (% 6), kontu zaharkitua dala (% 2) edota adierazpen modernoa dala (% 1). Ganera, biztanleriaren gehiengo zabalak (% 82k) pentsetan dau euskal kulturearen barruan bertsolaritzeak garrantzia daukala: % 41en eretxiz garrantzi handia eta beste % 41en ustez garrantzitsua da besterik barik. Bakarrik % 8k uste dabe ez dauela ezelako garrantzirik euskal kulturaren barruan. Bertsolaritzearen garrantziaren ustea edadea jaitsi ahala zabaltzen da, euskerearen ezagutzea handitu ahala, eta bertsozaletasuna handitu ahala be.

EAEko herritarren % 44ren ustez, erakunde publikoek orain arteko moduan bultzatu eta babestu beharko leukie bertsolaritzea. % 34k gehiago babestu beharko leukiela pentsetan dabe eta bakarrik % 5ek dinoe gitxiago babestu beharko leukiela. Herritarren erdiek baino apur bat gehiagok (% 58k) zeozer entzun eben BECen 2005eko abenduan izandako Bertsolari Txapelketa Nagusiko Finalaz. Biztanleen % 27k, ezelako erantzunik eskatu barik, badakie eta gogoratu dabe Andoni EgaƱa zana finalaren irabazlea. Eta % 10ek Unai Iturriaga bigarren tokian lotu zala adierazo dabe.

Datu inportanteak dira plazaratutakoak, baina ondino bere Bertsozale Elkarteak Txapelketa Nagusian martxan jarritako azterketa sozialaren emoitzen zain lotzea komeniko da, balorazino sententzialak egiten hasi aurretik.