Goizeko Kabiko Aitor Elola eta Daniel Puellesek ordezkatuko dabe Bilbo
Bizkaie!
Alcorta & Marti Berasategui Lehiaketa Gastronomikoaren Bilboko finalean Goizeko Kabiko Aitor Elola eta Daniel Puelles sukaldariak nagusitu dira 'Grillean erretako makailao zatia, txintxorta, arandanoen ura eta arroz baltz integralezko gailetakaz' errezeteagaz. Gauzak holan dirala, epaimahaiaren arabera, Bilboko errezeta irabazlea egin daben sukaldariek lehiaketearen final nagusian Bilbo ordezkatuko dabe datorren bagilean, Logroñoko Juan Alcorta upategian egingo dan saioan.
Ganerako sariak ondokoak izan dira: plater tradizionalean, Indusi Jatetxea izan da irabazlea; tradizional-barritzailea kategorian, Trapaga Batzokia; ardao baltzagaz egindako errezeta onena mailan, La Arboledako Maite Erretegia; publikoaren sari nagusia Davaro Kafetegiarentzat izan da; dekorazino onena saria Oncarada Marisqueriarentzat eta azkenik, errezeta barritzailea atalean, Goizeko Kabi.
Danetara, 125 parte-hartzaile izan dituan Alcorta & Marti Berasategui Lehiaketa Gastronomikoaren Bilboko finalean zortzi sukaldari lehiatu dira: Clun Nautico, Goizeko Kabi, Aizian Jatetxea, Indusi Erretegia, Mendi Taberna, Arteaga Jatetxea. Artxanda Jatetxea eta Trapagako Batzokiko sukaldariak, hain zuzen be.
Hitzordua, gaur (apirilak 24) izan da Bilboko Guggenheim Jatetxean eta goizean errezetak egiteko astia izan ondoren, 13:30ak aldera epaimahaiak (Mikel Zeberio, ardao eta gastronomian aditua, Angel Iturbe, Leioako Ostalaritza Eskolako irakaslea, Mikel Garaizabal, Gasteizeko Gamarra Ostalaritza Eskolako sumilerra eta Aitor Basabe, Bilboko Arbola-Gaña Jatetxekoa) hartu dau erabagia.
Alcorta & Marti Berasategui Lehiaketea Euskal Herriaren ondaretzat hartzen diran errezetak berreskuratzeko ahaleginean, Juan Alcorta upategiaren eta Martin Berasategui sukaldariaren ekinbidea da.