Atxagak euskeraz idazteak zer dakarren adierazoko dau New Yorken
Iratxe Ormatza
Bernardo Atxaga euskaltzain izentau barriak barriro be munduaren zati bat zeharkatu eta euskal kulturearen barri emongo dau, izan be, New Yorken egongo da PEN idazleen alkarteak gonbidauta. PEN idazleen alkartea munduan zabalduta dago eta literaturan aurrera egiteko, adierazpen askatasuna defendidu eta nazinoarteko literatura-adiskidetasunaren alde egiteko behar egiten dabe. Euskal Herriko idazleek be PEN alkartea eratu eben joan dan urtean.
'Pen World Voices' da New Yorkeko Nazinoarteko Literatur Jaialdiaren izena. Apirilaren 25ean hasi eta 29ra arte idazle ugarik parte hartuko dabe errezitaldi, alkarrizketa, mahai-inguru eta berbaldietan. Horren bidez, literatureari, sormenari egingo deutse gorazarre. Zabaltze ekitaldian, Shalman Rushdiek aurkeztuta, Orhan Pamuk egile turkiarrak 'The Arthur Miller Freedom to Write Lecture' izenburuko berbaldia eskainiko dau.
'Komunikabide nahasiak: Idazleak euren hizkuntzetan', hori da Atxagak parte hartuko dauen mahai-inguruaren izena. Apirilaren 27an, Columbia Unibersidadean egingo dabe mahai-ingurua, eta hizkuntza gitxituetako idazleek jardungo dabe: Boris Akunin georgiarra, Raymond Federman frantses-amerikarra, Yiyun Li txinatarra, Agi Mishol hungariarra, Hwang Sok-Yong korearra eta Dubravka Ugresic kroaziarra.
Idazle franko egongo dira jardunaldietan. Salman Rushdie AEBetako PEN alkarteko lehendakaria izan da azken urte bietan, eta berbaldia egingo dau Arthur Miller idazlearen inguruan. Toni Morrison, Gioconda Belli, Zadie Smith, Martin Amis be han izango dira kontinente guztietako idazleakaz batera. Euren artean egongo da Frank Bidart olerkaria. Bidart Kalifornian jaio zan euskaldun familia batean. Gaur arte, bost poema liburu plazaratu dauz. Horreetariko bat 'Desire' izan da, eta Liburuaren Sari Nazionala eta Krikari Zirkuluaren Sari Nazionala jaso ebazan; horrezaz ganera, Pulitzer sarirako izentau eben. AEBetako olerkari onenen artean dago.
Atxagak beste mahai-inguru batean parte hartuko dau: 'Howl for 50 years'” edo 'Garrasi 50 urtez'. Beragaz batera, Frank Bidartek parte hartuko dau, beste idazle batzuen artean. Mahai-inguruaren izenak berak adierazoten dauenez, mahai-inguruaren ildoa orain dala 50 bat urte zabaldu zan: Allen Ginsberg-ek idatzitako poema bat jentaurrean aurkeztu eben 1959an. Olerkiak hiru zati daukaz, eta lehen zatia da ondoen ezagutzen dana. Bertan, idazlearen eta lagunen esperientzien barri emoten dau: olerkariak, artistak, jazz musikariak, drogazaleak, paziente psikiatrikoak. Bigarrenean, AEBetako egoerea aztertzen dau, eta hirugarrena, ostera, bere lagun Carl Solomon-i zuzenduta dago. New York ospitale psikiatrikoan ezagutu eban Solomon, eta bien esperientzietan sakontzen dau idazleak. Poema bera ezaguna egin zan lantzen eban berbakereagaitik: kalekoa da, eta sexuari eta drogei eskainitako pasarteak dagoz, nahiko era zuzenean idatziak. Hori dala-eta, Ingalaterran AEBetan baino lehenago argitaratu eben. Eta AEBetan bertan epaiketara jo eben, lizunkeria leporatuta. Epaiketea irabazteaz gan, ohiartzun zabala izan eban poemeak. Orain horren harira, antolatzaileek poemea gogoratu gura izan dabe, kontrakultura globalaren sorrerearen dokumentua dalakoan.