The matador
Julian Noble soldatapeko hiltzailea da, Mexikora bertaratu behar izan dana munduan barrena egin ohi dauzen 'lanetariko bat' beteten. Herrialde honetan lagun bat egin eta bere lanbidearen barri emongo deutso.
Honako argumentu hau irakurrita, drama gogor bat eta odolez zipriztinduriko film bat topauko dauela uste dauena guztiz oker dabil. 'The matador' komedia baltza da, ia-ia indarkeriarik bape erabilten ez dauena eta mamina aktoreen karisman nahiz alkarrizketa argi, bizi eta txinpartatsuetan oinarritzen dauena. Edozelan be, osogaiok ez dira pelikula ona eratzeko baizen sendoak eta nahiko argi ikusten da Shepard-ek behar baino gehiago luzatu dauela hainbesterako emoten ez dauen istorioa.
Bestalde, ez da Pierce Brosnan-ek James Bond-en antitesian izan leitekean antzezpen batean jarduten dauen lehenengo aldia, baina egia esan film honen dohainik handiena aktore honen lan bikaina izan da. Horrenbestez, 'The matador' filmaren ganean aitatu daitekeen gauzarik onena zera da: irribarreren bat edo beste egiteko aukerea emoten deuskun azaleko komedia baltz arina dala, baina bestelako asmorik ez dakarrena. Ez zarie abroziduko, baina seguru ikusi eta atoan ahaztuko jatzuena.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Richard Shepard.
- Herrialdea: AEB, Alemania eta Irlanda.
- Iraupena: 97 minutu.
- Antzezleak: Pierce Brosnan (Julian Noble), Greg Kinnear (Danny Wright), Hope Davis (Bean), Philip Baker Hall (Sr. Randy), Adam Scott (Phil Garrison), Dylan Baker (Lovell), Portia Dawson (Guenivere), Jonah Meyerson (10 urteko mutikoa), Maureen Muldoon (Gretchen), Antonio Zavala (Barman).
- Argazkia: David Tattersall.
- Muntaia: Carol Kravetz-Aykanian.