Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 159. zenbakia

Energia nuklearraren ganeko eztabaidea gori-gori


Begiluzea

Energia nuklearraren aldeko ardura hau ez da sortu bakar-bakarrik baliabideen urritasuna eta energiaren lehengaien prezioaren igoera handia dirala eta. Produkzinoagaz eta kontsumoagaz zerikusia daben jarduerak be CO2ko emisinoen % 91,7ren eragileak dira eta azken horixe da negutegi efektuaren eta planetearen beroketearen erantzule nagusienetariko bat. Paradoxikoa izan arren, Kiotoko Protokoloa da energia nuklearraren aldekoek aldarrikatzen daben mezu nagusia, energia honek gas kutsatzailerik sortzen ez dauelako.

Edozelan be, produkzino atomikoak ez dau arazorik larriena konpondu: oraindino ez dago hondakin erradioaktiboak desagertuarazoteko ezelako sistemarik. Bestalde, zentralen segurtasuna ezbaian dago eta adibide modura Txernobilen jazotako izurria agertzen jaku.

Herrialde garatuen erabagi sendoa

Dana dala, munduko zortzi herrialderik aberatsenak daborduko energia nuklearraren alde agertu dira. 2005ko garagarrilean Gleneagles-en egindako gailurrean talde honetako buruzagiek energia mueta hau bultzatzeko ekintza plan bat berbatu eben, klimearen aldaketea atxakiatzat hartuta. Handik gitxira, 2006ko martiaren 16an, klub honetako ministroek (Estadu Batuak, Japonia, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Kanada, Errusia eta Italia) alkarregaz egindako komunikatu batean jakinarazo dabe energia nuklearra epe luzerako hornikuntzea ziurtatzeko alternatiba bakarra dala. Estadu Batuek eta Errusiak are gehiago adierazo dabe; euren eretxiz, NBEk ikuskatu beharreko nazinoarteko sistema bat eratu behar litzateke, mundu osoan elektrizidadea bermatzeko bide bakar lez.

Honako hau ez da nazinoartean energia nuklearraren alde harturiko lehenengo ekimena. Txinak eta Indiak, munduko hazkunde ekonomikorik bizkorreneko herrialdeek, arlo nuklearra euren mugen barruan zabaltzeko plangintza zehatzak ezarri dabez. Estadu Batuetako Nazino Kontseiluaren txosten batek aurreikusten dau 2020rako Txinako energia eskaerea % 150 handitu eta Indiakoa bikoiztu egingo dala. Herrialde bien biztanleria mundu osokoaren ia erdia dala kontuan hartuta, igoera hori upealakoa da. Beijing-ek datozen 20 urteotan 40 edo 50 bat zentral nuklear eregitea aurreikusita dauka.

G8ko energia ministroek euren komunikatuan adierazoten dabenari jarraituz, erregai fosilek munduko industria energetikoaren oinarria izaten jarraituko dabe gitxienez XXI. mendeko lehenengo erdialdean; guztiagaz be, herrialde garatu guztiak independentzia energetiko handiago baten bila dabiz. Petrolio eta gasaren prezioek gora segiduten dabe. Europako Batasunean salneurriok ia bikoiztu egin dira azken urte biotan eta behera egiteko aurreikuspenak sano ezkorrak dira, eskariaren gehikuntza ikusgarria eta hornitzaile handien ezegonkortasuna (Irak eta Iran) dirala eta.

Kontuak kontu, Andris Piebalgs EBko Energia Komisarioak urtarrilean aurkezturiko eurobarometroaren arabera, europarren % 48k uste dau batasuneko menpekotasun energetikoa murrizteko urtenbidea eguzki energiaren garapenean dagoala; herritarren % 12k baino ez dabe pentsetan energia nuklearra fidagarria danik.