Barriketan  IV. urtea // 159. zenbakia

Anette Lu: 'Txina mehatxua da mundu osoarentzat'

Anette Lu, Taiwaneko presidenteordeari egindako alkarrizketea, Bizkaie!-rentzako primizia

Ibilera sendoagaz baina arpegian irribarrea daukala sartu da presidentetza-jauregian. Bostekoa, luzea eta zintzoa izan da. Aurrez aurre jesarri gara sofa erosoetan eta dozena bat lagun, gobernuko ofizialak, lepozainak, inteligentzia zerbitzukoak eta nire lankide eta kamara-operadore Alex Domínguez begira daukaguz. Alkarrizketa hau lortzea nekosoa izan da Bizkaie!-ko ale honetako ‘Bidaide’ atalean azaltzen dodan legez eta tentsinoa eta urduritasuna giroan dagozan arren, konzentrazinoari eutsi eta hasteko prest nago.

Primizian, beraz, hona hemen, Txinaren kontra berba gogorrak darabizan Anette Lu, Taiwaneko presidenteordeagaz egindako barriketaldia, segurutik El Pais egunkariak osorik argitaratuko dauen alkarrizketearen laburpena.

Aditu askoren eretxiz, Taiwán lehertzeko zorian dagoan herrialdea da. Txinak Taiwán inbadidu leikela pentsetan dozu?

Ez daukat bape dudarik Txinak Taiwanen inbasinorako ideia darabilela buruan; gogoan hartzea besterik ez dago igaz Txinak onartutako Sezesinoaren Kontrako Legea edota azken aldian armategia horniduteko egin dauen neurriz kanpoko gastua. Taiwanera zuzendurik dagozan misilak hogei aldiz gehiago dira azken hamarkada honetan eta lurraldean dituan soldaduen kopurua bikoiztu egin dau.

Gatazka edo aurrez aurreko giro horrek mundu mailako gerra bat sortarazo leikela uste dozu?

Txinaren asmoak argi dagoz, ahalik eta botere gehien eskuratu gura dau eta hori lortzeko ez dau bide baketsurik erabiliko. Horregaz dana esanda dago.

Nazinoartearen erreakzinoa zein izango litzateke zure ustez? Ez ikusiarena egitea, akaso?

Zorionez, ez dot uste nazinoarteak ezikusiarena egingo leukenik. Dana dala, Txinak Taiwanen inbasinoa gauzatuko baleu, argi daukat komunistek aukera hori aprobetxauko leukiela ingurualdeko itsasoan zeozelako nagusitasuna eskuratzeko eta pazifikoko beste herrialde batzuen kontra egiteko. Nire eretxiz, Txina mehatxu argia da munduarentzat.

Oraingoz ez dot uste holakorik pasauko danik baina aukera hori gogoan hartu eta sarritan aztertu dogun gaia da. Ganera, nazinoartearen laguntzino larregi be ez daukagula esango neuke.

Horixe da, beharbada, taiwandarren ardura nagusienetakoa. Zelakoa da Taiwán herrialdeagazko nazinoartearen jarrerea?

Gaur egungo injustizia handienetakoa da. Datu legez baino ez bada be, planetan diran 193 herrialdetatik Taiwan bakarra da Nazino batuen Erakundean ahotsik ez daukana eta, gauzak holan dirala, 23 miloe lagunek, zeozelan, duintasuna galdu dabe munduaren aurrean. Lotsagarria da. Ez deuskue itxi Osasunaren Mundu Erakundeak antolatutako bilera eta kongresuetan parte hartzen eta, berbarako, begi bistakoa da Txinak baino serioago jokatu dogula SARS eta hegaztien gripearen kontrako burrukan; azken finean, mundu mailan garrantzi handiko gaiak politikeagaz nahastau dira eta hori hanka-sartze larria da.

Halan da be, Taiwanek Estadu Batuen eta Japoniaren babesa dauka. Zelan jokatuko leukie herrialde horreek Txinak Taiwan inbadidutea erabagiko baleu?

Zenbait akordio sinatuta daukaguz herrialde horreekaz eta zeozelan Taiwanen seguridadea bermatuta dagoala uste dot, izan be, bai Estadu Batuek eta bai Japoniak be estadu arazotzat hartu gaitue. Badakit inbasinoari aurre egiteko indar armatuak bialduko leukiezala ze ezarritako ordenaren urraketea argia izanik, euren egonkortasunerako eta seguridaderako be arriskutsua eta mehatxugarria izango litzatekelako.

Beste alde batetik, ustezko inbasino horren ondorioz, Taiwanek gaur egun produziduten dauen teknologian etena balego, munduak nabarmen igarriko leuke, golpe gogorra izango litzateke.


Ekonomia aitatu dozu. Nazinoarteak Txinaren suspertze ekonomikoaren aurrean men egin edo burua saldu eta Giza Eskubideakazko errespetua aldarrikatzerakoan isilik gelditzea erabagi dauela pentsetan dozu?

Bai. Duda barik. Txinak hazkunde ekonomikoaren mozorroa jantzi dau gobernuei eta enpresei txantajea egiteko. Oraintsuko Google kasua aitatzea edo gogoratzea, besterik ez dago, izan be, erregimenaren zentsurea onartu dabe txinatar merkatu mamitsuan burua sartu ahal izateko. Gaiaren harian, Txinako boom ekonomikoa Taiwanentzat ez eze, mundu osoarentzat da arriskutsua eta, batez be, garapen bidean dagozan herrialdeentzat.

Giro horretan, Taiwanek zer egin leike herrialdearen ekonomia mehatxu horretatik babesteko?

Barritzen eta barrikuntzak sartzen eta suspertzen jarraitu behar dogu, I + D edo ikerketa eta garapenean inbertsino handiagoak eginaz eta goi teknologiaren alorrean burua erakutsiz geure aliatuakaz alkarlanean; horren erakusgarri, oraintsu AEBgaz batera zenbait satelite meteorologiko aireratu doguz. Esangura horretan, Taiwan ikerketearen alorra izan daiteke eta Txina munduaren fabrikea.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama