Kulturea  IV. urtea // 159. zenbakia

Agosti Chahoren 'Kantutegia' aurkeztu dau Patri Urkizuk


Bizkaie!

Agosti Chahoren argitaratu bako Kantutegia argitaratu dau orain Susa argitaletxeak, Patri Urkizuk egindako berreskuratze lan bati esker. 1844rako prest eukazan idazle zuberotarrak kantutegia osotzen daben eskuizkribuak eta Baionako inprenta batean ibili zan horreek argitaratzeko lanetan, baina ez eban inoiz bere helburua lortu.

Orain, barriz, Patri Urkizuk 101 abesti batu ditu bilduma horretan. Alde batetik, 'Chahok Chants populaires de la Navarre et des Provinces Basques' liburuan kaleratu gura ebazan 70 abestiak topau daitekez eta, bestetik, Ariel aldizkarian jasotakoak. Gerra eta laudorio, itsas kantuak, baladak, irri eta ziri eta amodiozko kantak batu ditu Urkizuk.

Besteak beste, 'Leloren kantua', 'Jeiki, jeiki etxenkoak', 'Berterretxen khantoria', 'Atharratze jauregian' eta 'Gitarra zartxo bat' abestien letrak dagoz. Horreetako batzuk, beraz, kantari edo autore ezagunen berbak dira, besteak beste, Joxe Mari Iparragirrerenak, Piarres Topet Etxahunenak edota Bordaxurirenak.

Hitzaurrean jarteko, gainera, Chahoren beraren testu bat aukeratu dabe: Trilby aldizkarian 1884ko irailaren 11an argitaratu eban bertsolaritzeari buruzko testua, hain zuzen be.

Ez dago argi zergatik ez eban bere helburua lortu Agosti Chahok, baina ortografia arazoren bat izan ebala uste dau Patri Urkizuk. Ondoren, mende bat baino gehiagoan, eskuz esku ibili dira dokumentu horreek, harik eta Telesforo Monzonengana heldu ziran arte.

Agosti Chaho (Atharratze, 1810 - Baiona, 1858) idazle, hizkuntzalari eta kazetari euskaltzalea eta erromantikoa izan zan. Besteak beste, 'Azti-beguia' (1834) eta 'Voyage en Navarre pendant L´insurrection des basques' (1830-35) liburuak kaleratu ebazan. Berak sortutakoa da Euskal Herri osoan ezaguna dan Aitorren mitoa.