Kulturea  IV. urtea // 159. zenbakia

Arriaga eta Unamuno XIX. mendeko bilbotarrak buztarturik


Bizkaie!

Juan Crisostomo de Arriaga eta Miguel de Unamuno, Bilbon XIX. mendean jaio ziran bi jeinurik handienak, anaituta geratuko dira Udaleko Kultura eta Euskara Sailak eta Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU/UPV) Esperientzia-Gelek alkarlanean bultzatu daben ekimenari esker. 'Arriaga-Unamuno, bi bilbotar unibersal' da apirilaren 27rako antolatu daben jardunaldiaren izenburua. Bertan, berbaldi bi eskainiko dira goizean, eta poema-irakurketa bat barruan hartuko dauen kontzertua arratsaldean.

Ekimena Juan Crisostomo de Arriagaren jaiotzearen 200. urteurreneko ekitaldien barruan antolatu da, Udaleko Kultura eta Euskara Sailak efemeride hau ospatzeko ekitaldiak bultzatuko ditu eta urte osoan. Kasualidadez, Miguel de Unamuno, 'Esklabu zoriontsuak' obrearen egilearen bataiarri berean bataiatu eben, Bilboko Zazpi Kaleetako Joan Santuen parrokian, hain zuzen. Eta bada bi personaia honeek bat egiten daben beste jazoera bat, musikariak txikitako urte batzuk emon ebazalako ia 60 urte geroago idazlea jaio zan etxe berean, Erronda kaleko 16an.

Uriko bi seme argi honeen omenezko jardunaldia jente guztiarentzat zabalik egongo dan ekitaldi akademiko batez abiatuko da, 11:30etatik aurrera, EHU-UPVko Esperientzia-Geletan (Banco de España kaleko 2. zkia.). Sorkunde Frances Vidal, Literatura-doktorea eta gai honetako irakaslea Geletan eta Irakaslego-Eskolan, Unamunoren profil biografikoa zirriborratuko dauen berbaldia emoteaz arduratuko da, idazleak Bilbon emon ebazan urteetako oroitzapenak berreskuratzeko ahalegina eginez, besteak beste, 'Paz en la guerra' nobelea edo 'Recuerdos de niñez y mocedad' idazlan autobiografikoa. Aitatutako unibersidade-zentroetan Musikearen Historia irakasten dauen Camelia Calvo Ibarretxek, bestalde, Arriagaren bizitza eta lana aztertuko ditu jarraian eskainiko dauen berbaldian.

Goizeko bi berbaldi horreek, bata eta bestearen biografia errepaseteaz gan, bi personaia honeen bilbotartasun sakona be azpimarratuko dabe, horixe baita, zein bere lan-esparruan, unibersal bihurtu ebazana. Gogoan izan behar da, gainera, XIX. mendeko Bilbo haretan gerrea izan zala nagusi: 1808an Napoleonen inbasinoa eta urte batzuk geroago, bi karlistadak.

Jardunaldia amaitzeko, arratsaldez dobako kontzertua eskainiko da, 20:00etatik aurrera, Joan Santuen parrokian. Emonaldiak Arriagaren doinuak eta Unamunoren olerkiak buztartuko ditu, guztiak erlijinoari loturikoak eta neurri handi batean 'Velazquezen Kristoari' izenburuko bere poema ezin preziatuagotik ataratakoak.

Bilboko Katedraleko Musika-Kaperako Orkestra eta Gizon-Korua arduratuko da musikaz, Oscar Gonzalez Gasquet kapera-maisuaren zuzendaritzapean. Programea 'Asko eta ezer ez' —Arriagaren lehen lan ezaguna—, 'O Salutaris', 20. Obertura eta 'Stabat Mater' obrez osotuta egongo da. Horregaz batera, Arriaga jaio zan garaian musika-talde honen kapera-maisu izan zan Nicolas Ledesma omenduko da, honek ksortutako 'Miserere' ospetsua tarteko dalarik.

Ekimen honetan Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailagaz alkarlanean jardun daben Esperientzia-Gelak Euskal Herriko Unibersidadearen barruan garatutako proiektua dira, unibersidade-kulturea Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea helburu dauena. Kontuak kontu, 55 urtetik gorako herritarrentzat, Giza-Zientzietako Unibersidade Titulua eratu dau.