Elhuyar aldizkariaren 1974tik 1979ra bitarteko zenbakiak Interneten ikusgai
Bizkaie!
Elhuyar Elkarteagaz batera sortu zan Elhuyar aldizkaria, 1974an. Urte horretatik 1979ra argitaratutako zenbakiak Interneten dagoz daborduko. Liburuxka txiki eta horixka zan sasoi haretako aldizkaria. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (RSBAP) zientzia-gehigarri modura. 1996an atara eban azkeneko zenbakia Elhuyar aldizkari harek; beraz, hamar urte egin ebazan gaur egungo Elhuyar Zientzia eta Teknika (1986) aldizkariaren ondoan. Orain, urte hareetako lanak eta ahaleginak berreskuratu eta sarean jarteari ekin deutso Elhuyar Fundazinoak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak emondako laguntzinoari esker.
Orduko lanak sortu bezela jaso dira; zenbakiak osorik aukeratu daitekez, edo artikuluka, gero inprimidu, gorde edo, besterik barik, ikusi eta aztertzeko. Aldizkariak eta artikuluak http://www.elhuyar.org/elhuyar_aldizkaria/ eta www.zientzia.net web guneetan dagoz. 2005ean martxan jarritako proiektu honen asmoa da bi-hiru urteren buruan zenbaki guztiak (1996ra bitartekoak) sarean jartea, danon eskura.
Proiektu honegaz, jarraipena emon nahi jako Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariagaz ekindako bideari. 2001ean, Zientzia.net web gunea sortzeagaz batera, Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zenbaki guztiak Interneten jarten hasi ziran. 2005eko apiriletik sarean dagoz Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian orain arte argitaratutako edukin guztiak.
Edozelan be, baeukan Elhuyarrek bestelako ondarerik be eta gaur egungo Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren aitzindari izan zan Elhuyar ha sarean jarteko lanari ekin jako aldizkari haretan jasotako euskera zientifikoa garatzeko eta zientzia euskeraz zabaltzeko. Horrenbestez, ezin hobea izan daiteke tresna hau orain 30 urteko egoerea zelakoa zan eta Elhuyar nondik abiatu zan jakiteko.
Euskerazko dibulgazinoa sustatzeko Elhuyar aldizkaria 1974an jaio zan. Gaur egun euskeraz idazten dan zientzia-dibulgazinoko aldizkari bakarra argitaratzen jarraitzeaz ganera, zientzia-dibulgazinoa beste euskarri batzuen bitartez be egiten dau Elhuyarrek Teknopolis telebista saioan, Quark eta Norteko Ferrokarrilla irratsaioetan, www.zientzia.net, www.zernola.net eta www.basqueresearch.com web guneetan, CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazinoko sarietan, berbaldietan...