Martia bete lehia
Gipuzkoan Orixe saria
Gipuzkoan ugari dira bat-bateko sariketak. Egunotan Añorgako Orixe sariketea jokatu da, Euskal Herri mailako sariketea, 25-30 urteko 18 bertsolari konbidatuk parte hartu dabela. Tartean izan dira Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra eta Arkaitz Estiballes bizkaitarrak be. Hiru kanporaketen ostean, finalerako honako sei bertsolariak sailkatu ziran: Iñaki Zelaia, Estitxu Eizagirre, Iñigo Manzisidor 'Mantxi', Aritz Zerain, Andoni Otamendi eta Asier Otamendi. Gipuzkoarrak danak. Martiaren 16an, Añorgan jokatutako finalean, Estitxu Eizagirre izan zan onena Andoni Otamendi eta Iñaki Zelaiaren aurretik. Laugarren Iñigo Manzisidor geratu zan, 5. Iñaki Zerain eta azken postuan: Asier Otamendi. Finalean sari berezia emoten jako, entzuleen ustez kartzelako gaian bertsorik onena bota dauen bertsolariari. Horretarako, botazino bat egiten da entzuleen artean eta irabazlea Andoni Otamendi izan zan.
Udabarria dakarren hileak hiru txapel be itxiko ditu bertsolari gazteen buruetan. Bitartean, Bizkaiko tabernetan txapel bete bertso entzungo da, txapel bete sosaren truke.
Iñaki Aurrekoetxea
Bertsoa udabarrian sartu da. Sasoi honetan makina bat saio, sariketa eta txapelketa loratzen da euskal herrietan zehar. Gehienbat loraldian diran bertsolari gazteak urtengo dira lehiara...parkatu, plazara. Izan be, lehiaketak dira gazteei bertsogintzan nor izateko aukerea emoten deutsienak. Badira salbuespen atseginak halanda be.
Martian, saioez ganera, Euskal Herrian zehar sariketa asko dago jokoan. Egin daigun lurraldekako errepasoa, etxetik hasita.
Bizkaian: BBK Sariketea, Abra Saria eta Txapel Bete Bertso
Batetik Bertsolari Gazteen XI. BBK Sariketea dogu ganean. Tradizino bihurtu dan sariketa hau taldeka jokatzen da eta berton Bizkaiko sei eskualdetan banatuta kantetan dabe bertsolari gazteek. Eskualdeak Durangaldea, Lea-Artibai, Ipar-Uribe, Bilbo, Txorierri eta Arratia dira. Bakotxean sei bertsolarik kantauko dabe, bi taldetan banatuta: 3 gaztetxo (18 urtera artekoak) eta 3 gazte (23 urtera artekoak). Lehen saioa martiaren 18an izango da Durangon, institutoan, eta bertako taldea eta Bilbokoa lehiatuko dira. Finala apirilaren 12an izango da Bilboko Kafe Antzokian. Gogoratu daigun igazko edizinoa Txorierriko taldeak irabazi ebala.
Abra aldetik sariketa barriagoa jatorku. Igaz hasitako bideari gustua hartuta, Algortako Bertsolari Eskoleak II. Abra Saria antolatu dau. Euskal Herri mailako sariketa hau saio bakarrean jokatzen da eta aurten 18-23 adin tarteko 6 bertsolari konbidau ditue: Ekaitz Larrazabal algortarra, Miren Loizaga sopeloztarra, Miren Ibarluzea mungiarra, Jon Martin eta Iñigo Izagirre gipuzkoarrak eta Manex Agirre arabarra. II. Abra Saria martiaren 29an izango da, zapatuan, 19:00etan Areetako Andres Isasi Musika Eskolan.
Sariketetaz aparte, hor dago Txapel Bete Bertso ekimena, martian zehar beste 14 saio izango dituana. Bertsolari gazteek eurek antolatutako ekimen hau urtarrilean jarri eben martxan, plaza gitxi egiten daben bertsolari gazteei jentaurrean kantetako aukerea emoteko. Antolatzaileek lehenengo bi hilebeteetako 31 saioen ostean balorazino oso ona egin dabe, bertsolariak gustora ibili ei dira, tabernetan entzule asko eta barriak batu dira eta saioak eskatzen hasi diran tabernariak be agertu dira. Hurrengo asteburuari begira, 20an Bilboko Kafe Antzokian izango da saio bat eta 21ean Berrizen, Sondikan, Gernikan, Bermeon eta Sopelan. Hilaren amaieran, 28an Mungian eta Balmasedan eta 29an Durangon eta Lekeition.
Nafarroako Txapelketa 2003
Martiaren 10ean emon jakon hasikerea, Elizondon, urtero jokatzen dan Nafarroako Txapelketeari. Iparraldeko bertsolariak be hartzen dabe parte txapelketa honetan. Elizondon Sustrai Colina igazko txapeldunordea gailendu zan, Elizagoien eta Zelaietari alde nabarmena atarata, aurten be txapela janzteko faboritoetako bat dala erakutsita. Elizondokoa lehen finalaurrea zan eta Sustraik lortu dau finalerako zuzeneko txartela. Baigorrin 2. finalaurrea jokatu zan martiaren 16an eta Amets Arzallus zuzenean sailkatu da finalerako; hirugarren eta azken finalaurrea Goizuetan jokatu da eta Xabier Silveira izan da jaun eta jabe. Martiaren 30ean, Lesakako Zambra aretoan jokatuko dabe finala ondoko bertsolariek: Xabier Silveira, Amest Arzallus, Sustrai Colina, Miren Artetxe, Xabier Legarreta, Bittor Elizagoien, Estitxu Arzozena eta Julen Zelaietak.