Barriketan  I. urtea // 0 zenbakia - 2002ko apirilaren 8a - Hamaboskaria

Ana Madariaga, Kultura Diputadua

Ana Madariaga, Kultura Diputadu andrea, saltsa guztietako perejila; alkarbide foroa edo bestelako proiektuak aurkeztuten, sariak banatzen eta beste hamaikatxu ekitalditan topau geinke. Politika munduan aspaldian dabil, eta orain Kultura Diputadu Tomas Uribeetxebarria jaunak itxitako lekuan dihardu beharrean. Inoiz nekatzen ez dan emakumea emoten dau eta goizez, arratsaldez, gauez, astegunez zein astegoienean, lanean atrapauko dogu.

1. Erritmo bildurgarri horri eusteko eta atzera ez egiteko zein da zure errezeta magikoa?

Gaur egun danok gabilz erritmo bildurgarrian sartuta. Oso aldakorrak dira gaur aroko gizarteak eta egintzak, eta jarduerak bata bestearen atzetik doaz sekulako abiadan. Abiadura hori moteldu ezinik gabilz erakundeotan erantzukizuneko zereginak daukaguzanok be, beharbada abiadurearen zurrunbiloan gehiago sartuta, geure lanaren betekizunei aurre egin ahal izateko. Ni neu, jakina, kulturearen munduan nabil eta arlo honetan be ez dago iges egiterik; ez da ahaztu behar, kulturea dala gure ekonomiaren eragileetako bat eta, horregaitik, kultur proiektu eta azpiegiturak dira nagusi egunotan; horreek guztiak aurrera eroateko aparteko ahaleginak egin behar dira. Esangura horretan, eguneroko beharrari eta erritmoari eusteko ez dago errezeta magikorik, nik neuk behintzat ez dot ezagutzen; sekretua, konstantzian eta eguneroko lanean baino ez dago eta, duda barik, lanean gustora ibili ezkero eta eskuartean darabilguzan proiektuak aurrera atarateko gogo bizia izan ezkero, helburuak betetea errazagoa izaten da. Zorionez, beharragaz gustora dabilzan lankideak daukadaz alboan eta hori be garrantzitsua da. Horrezaz ganera, gauzak zehatz antolatzea be nahitaezkoa begitantzen jat eta hori emakumeok ondo dakigu, batez be, etxean beteten dogun funtzinoaren ondorioz. Antolaketa onagaz arlo gehiagotara ailegauko gara.

2. Astegunetan, geratzen al jatzu denpora librerik zure afizinoetarako eta erantzuna baiezkoa bada, zelan beteten dozuz egunean geratzen jatzuzan minutu edo ordu libre horreek?

Egia esan behar badeutsut, eguneko lansaioa amaitu ondoren, ez dot denpora larregirik izaten bestelako kontuetarako. Kulturearen arloa oso zabala da eta gizarte ekitaldi eta konpromisoak ia-ia eguneroko kontua izaten dira eta, sarritan, gauez oso berandu amaitzen dira. Dana dala, denpora apurren bat ataraten dodanean, senitartekoakaz egoten naz eta laneko kontuak ahaztuteko ahaleginak egiten dodaz, nahiz eta lortu ez askotan. Irakurle amorratua be banaz eta liburu onakaz asko gozetan dot, baina dinodan lez, ez dot denpora larregi izaten horretarako; ganera, egunaren azken ordu edo minutuak, proiektu barriak, bilerak, bidaiak edo bestelakoak preparetan emoten dodaz.

3. Zure ibilbide politikoaren zertzelada batzuk emon doguz lehen, baina gehiago jakin gura geunke; kontaiguzu bide luze horretan zelako momentuak bizi izan dozuzan: momentu gozoak, gogoangarriak, ahaztuteko modukoak?

Oso gogoan daukadaz, Portugaleteko Udalean Gizarte Ongizate zinegotzia izan nintzaneko urteak, izan be, bertan jaiotakoa naz eta bertan bizi naz gaur egun. Zinegotzi lanetan ibili nintzanean, herritarrak hurreratzen jatazan eta euren arazo eta bizipozen barri zuzena jasoten neban. Zeregin horretan ikasi neban politikea zer dan, kale gorrian herritarrakaz egotea zer dan, euren arazoak bizi eta aparteko ahaleginak egitea zer dan arazoei konponbideak emoteko. Ez dot inoiz ahaztuko esperientzia hori. Geroago, Bizkaiko Batzar Nagusietan, bizkaitarren parlamentuan be egon nintzan eta ibilbide horrezaz be oroitzapen ederrak daukadaz. Erakunde berezia dala uste dot eta sano garrantzitsua Bizkaiko historian. Gogoratu, foro horretan eztabaidatzen eta erabagiten dirala gure lurraldeko aurrekontuak, herrilanak, gizarte politikak, kultura alorrekoak eta bestelako batzuk bideratu ahal izateko. Batzar Nagusietan ahalduna izan ondoren, Tomas Uribeetxebarriak Kultura Sailean itxitako lekua betetea ohore handia izan da niretzat, besteak beste, eregiten gagozan gizarte honetan, kulturea eragile nagusienetakoa dalako eta, beraz, karguaz jaubetu nintzanean, sekulako erronkea izan zan niretzat. Kultura Diputadu karguari zin egin neutsan eguna nire ibilbide politikoko momenturik bereziena izan zan, eta ez dot inoiz ahaztuko.

Beste alde batetik, momentu txarrak, zoritxarrez atentatuak izaten diranean bizi doguz, errubakoen hilketa zentzunik bakoak izaten diranean, herriaren berbeari jaramonik egiten ez deutson talde paranoiko batek bizia kentzen dauenean. Segundu, minutu eta, zoritxarrez, urte mingarriak izan dira eta momentu horreek ahaztu, gainditu gura neukez. Herri jatorra eta burrukalaria da gurea eta ez gara geldi egongo bakea lortu arte; gainera, badakit noizbait bakea lortuko doguna. Horrezaz ez daukat ezelako dudarik.

4. Kultura Sailean, zu zeu zara buru baina zelako lantaldea dozue, ardurak zelan banatzen dozuez?

Dakizunez, Kultura Sailaren jarduera eremua oso zabala da; gitxi asko, edozeinek kultureagaz lotzen dauzen gaiez ganera, hau da, museoak, orkestrak, liburutegia, antzokiak eta abar, sail honen ardurak eta bizkaitarren kultur gaiak diran bestelako gizarte esparru batzuk be badagoz egon, besteak beste, kirola, gazteria eta, zelan ez, beren beregi jagon gura dogun altxorra, euskerea. Jarduera horreek guztiak hiru alorretan bideratu doguz: Kulturearen Zuzendaritza Nagusia, Euskararen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusia eta Gazteria eta Kirolak Zuzendaritza Nagusia. Zuzendaritza horreetan zuzendaria eta teknikari taldea dagoz eta Diputadu andreagaz batera, Kultura Saila osotzen dogu. Azken erabagia neurea izaten bada be, plangintza eta proiektuen gertuerea alkarlanaren emoitzea izaten da. Plangintzea diseinau ondorik, zereginak banatzeko ordua dator; guztia ondo egiturauta dago eta beste modurik ez dago plangintzak aurrera atarateko.

5. Ana Madariaga, Kultura Diputaduak bulego dotorea dauka baina bulegotik kanpo be makina bat ordu egingo ditu, ezta?

Jakina, bulegotik kanpo ordu asko egin behar izaten doguz; hasieran zuk zeuk esan dozu, inaugurazinoak, aurkezpenak edo bilerak mordoa izaten dirala, izan be, Kultura Diputaduaren zereginak dira. Globalizazinoaren mundu honetan, politikearen eta erantzukizun instituzionalen ondorioz, nahitaezkotzat joten dogu arlo askotan egotea. Bizkaitarrontzat eragina daben erabagi asko eta asko gure lurraldetik kanpo hartzen dira: Bruselan, Madrilen edo Gasteizen eta, atzera egin gura ez badogu, derrigor egon behar dogu erabagiak hartzen diran lekuetan. Horrezaz ganera, gure mugetatik kanpo egiten dabena ezagutzea be gure lana da eta, jakina, gure Euskal Herria kanpoan ezagutuarazotea be lan garrantzitsua da, inbertsinoak erakarteko eta abar. Argi dago bulegoetatik kanpo be lan handia dagoana egiteko, herritarren arazoak hurretik ezagutzeko. Hori ona izango da guztiontzat.

6. Euskera batuagaz konparauta, orain urte batzuk bizkaierea bazterrean baegoan be, gauzak asko aldatu dira eta onerako ganera; halan da be, oraindino bide luzea geratzen da; arlo horretan, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzearen lana ezin ukatu...

Benetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren erronka nagusienetakoa gura daben bizkaitarrei euskeraz bizi izateko aukerea ahalbidetzea izango litzateke; helburu nagusi horregaz, Kultura Sailaren barruan, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia sortu zan 1999an. Lehen helburu hori finkatu eta abiapuntu lez hartuta, argi izan dogu beti bizkaierea Batua lez euskerea dana eta, beraz, sustatu beharrekoa; badakigu jakin, hizkuntza estandarra aberasteko eta osotzeko beharrezko osogaia dana bizkaierea, nahiz eta urte askotan baztertuta egon. Zorionez, gaur egun ez dau inork ukatzen bizkaierearen balioa eta azken urteotan galdutako ospea berreskuratzen doa geldiro-geldiro. Aldundiak hartutako neurriei eta gure babes osoa daben bizkaierea aztertzen, ikertzen eta sustatzen ibili diran alkarte batzuen lanari eta bizkaierea erabilten daben komunikabideei esker, gure euskalki hau hizkuntza politiketan merezidu dauen tokia hartzen joango da.

Bizkaiko Foru Aldundiko agintariok pozik gagoz eta harro sentiduten gara bizkai euskereagaz eta lurralde honetako herritar guztiak be harro egotea nahi dogu. Batua ezagutu eta erabilteko bizkaierea ezagutu eta erabiltearen alde gagoz; Mikel Zarate euskalzaleak be esaten eban: Dakigunetik ez dakigunera.

6. Proiektua aspaldikoa bada be, Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoa aurten jaio dala esan daiteke; Sarean eskaintza zabala dago baina bizkaiera hutsean, era honetako lehenengo aldizkari elektronikoa da. Zelan ikusten dozu proiektua?

Ez dago ukatzerik teknologia barrietan dagoana etorkizuna eta, esangura horretan, euskereari ganerako hizkuntzei emoten deutseguzan aukerak emon gura izan ezkero, ziberespazioan be euskerea agertzea derrigorra da. Internet Sareak ate asko zabaldu deuskuz eta ukaezinezko aukerak daukaguz eskura. Beraz, euskerea bizitzako arlo guztietan egon daiten, teknologia barriek emoten deuskuezan aukerak aprobetxau behar doguz. Kultura Sailaren apustu garbia da hori eta, legegintzaldiaren hasikeran, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzeak 'Euskera eta Teknologia Barriak' izeneko Plangintzea jarri eban abian; urte bi geroago, oso aurreratuta dago. Plangintzearen helburuak hiru dira: informazinoa unibersal bihurtzea, hau da, Sarearen bidez, mundu guztiaren eskura jartea Foru Aldundiak euskerearen ganean sortzen dauen informazino eta material guztia. Aldundiko langileria euskalduntzea eta bizkaitar guztiei sarbide publiko eta dobanekoa bermatzea lurraldean garatzen diran proiektuetara. Gaur egun, kultura eta irakaskuntza erakunde batzuekaz, Euskal Herriko Unibersidadea, Euskaltzaindia edo Udako Euskal Unibersidadeagaz kolaboretan gagoz, batez be, leku horreetan egiten diran lan zientifikoak Kultura Sailaren web orrian ezagutzera emoteko.

Hori guztia aintzat hartuta, Bizkaie! Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoa, Sarean eta bizkaiera hutsean argitaratutako lehenengoa, goitik behera bat dator gure planteamentu eta erronkakaz eta, beraz, ekarpen ezin hobea da gure hizkuntzearen estandarizazino prozesuan; proiektua txalotzea eta gure babes osoa eskaintzea baino ez jaku geratzen.

7. Duda barik, gure herri honetan, Kulturearen barruan kirolak berebiziko lekua dauka eta, jakina, herri kirolak eta berton jaiotakoak izan ez arren, bestelako kirol modalidade batzuk bultzatzen be aparteko ahalegina egiten dau Aldundiak. Kultura Sailaren arduren artean, zenbateko portzentajea hartzen dau kirolak, gitxi gora-behera?

Holantxik da, kirolak berebiziko lekua dauka gure gizartean eta gizarte modernoaren kontzeptuan, ezinbesteko kontzeptutzat be hartu geinke, izan be, herritarren ongizate mailea neurtzeko parametroetako bat izango litzateke. Kirola kulturearen atal garrantzitsua da, personen prestakuntza osoaren tresnea eta, jakina, aisialdiaz eta denpora libreaz gozetako bidea. Datu horreek kontuan hartuta, kirola lehenespenezko gaia da Bizkaiko Foru Aldundian. Arlo honetan, gure asmoa herritar guztiei kirola ahalik eta baldintzarik onenetan praktiketako baliabideak eskaintzea da. Horretarako, Kultura Sailak programa bi bultzatzen ditu: Eskola Kirola eta Kirola guztiontzat.

Beste alde batetik, federazinoak eta klubak be ez doguz ahaztu behar, Bizkaian kirol ondare aberatsa daukagu, talde askogaz, kirol modalidade desbardinetan eta, kasu batzuetan, elite mailan lehian; egoera horri eusteko eta daukaguna hobetzeko ahaleginak egin behar doguz eta, asmo horregaz, ekinbide pribatuaren kolaborazinoagaz, Bizkaia Bizkaialde Fundazinoa sortu dogu eta dagoeneko hasi da frutuak emoten. Horrezaz ganera, kirola egiteko hain beharrezkoak diran azpiegiturei jagokenez, Aldundiak behar handia egin dau gure udalerrietan kirol instalazino egokiak egon daitezan.

8. Mundu mailan punta-puntan dabilzan kirolari batzuk, bizkaitarrak dira: Joane Somarriba txirrindularia eta Eneko Acero surflaria, pare bat aitatzearren. Ana Madariaga, kirolzalea al da? Athletic taldea ikusiko al dogu Europan datorren denporaldian?

Kirola egiteko denporea behar izaten da eta ni neu horretan oso eskas nabilen arren, kirolzalea banaz eta, azken urteotan, sekulako egitadak egin dabezan Bizkaiko kirolari eta taldeen jarraipen zehatza egiten nabil. Pelotea eta txirrindularitzea maite dodaz; nire ustez, aparteko egoera fisikoa eta kontzentrazinoa behar dira modalidade horreetan; edozelan be, ganerako kirol modalidadeen edertasuna eta meritua ukatzerik ez dago. Surfa eta piraguismoa aitatu gura neukez eta punta-puntan dabilzan Eneko Acero eta Rafa Quevedo. Athletic taldearen eta beronen historiaren ganean, munduan bakarra dala esan behar dot, klub edo talde bat baino zeozer gehiago da eta. Aurten, ganera, denporaldi bikaina egiten dagoz eta, etxetik kanpo, talderik gogorrenen kontra, Bartzelona eta Deportivoren kontra esaterako partiduak irabazi dabez. Orain artekoak ikusita, sailkapenean non kokatuta dagozan ikusita, Europa hur dagoala esan daiteke. Bihotzez, horixe da gura dodana, ze zurigorria da nire bihotza.

9. Oraintsu ezagutu doguz Alkarbide foroaren eta Kirolbide proiektuaren ganeko zehetasun guztiak; orain, ostera, zertan dabil Kultura Saila? Zeintzuk dira eskuartean daukazuezan proiektuak?

Egia esan, proiektu mordoa daukagu; orain urte batzuk apustu sendoa egin genduan kultur azpiegitura barriak sortzeko eta gaur egun ondo sustraituta dagoz. Orain, ostera, maileari eutsi behar jako azpiegitura horreek kalidade handiko ikuskizun, erakusketa, opera, kontzertu, kongresu eta bestelakoakaz horniduz. Beste proiektu batzuk be azpimarratu gura neukez: El Pobaleko Burdinolea; Euskal Museoko sarbidearen lanak eta multzo arkeologiko osoa toki egokiago batera eroatea; Foru Liburutegia zabaltzea eta modernizetea edota Bilboko Orkestra Sinfonikoa bultzatzea.

Kirolari jagokonez, hondar eta lurreko futbol zelaiak bedar artifizialez hornidutea eta frontoien proiektua azpimarratu behar dodaz. Era berean, kirol instalazinoetako zerbitzuak eta erabiltzaileakanako arreta zerbitzuen kalidadea hobetzeko asmoagaz, teknologia barrien ezarpenaren kontuan be buru-belarri sartuta gagoz; gaiaren harian, kirol instalazino publikoetan, era honetako esperientziarik ezagutzen ez badogu be, kirol instalazinoak erabilteko txartel bakarraren ezarpena be aztertzen gabilz, ze, gure aburuz, Bizkaian abian jartea oso onuragarria izango litzateke.

Euskara Sustatzeko Zuzendaritzea 1999an hasi zan lanean eta, honezkero, gure lurraldean, euskerearen normalizazinoaren alde lanean dabilen gizarte sare zabalari babesa emoteko egitura egonkorra dogu; une honetan, gure hizkuntzea erabilera esparru guztietan lekua hartzen joatea gura dogu eta, horretarako, beste erakunde eta alkarte batzuekaz alkarlanean gabilz zenbait proiektutan, besteak beste, Sarean sartzeko tresna barriak sortze lanetan: dagoeneko Interneten eskuragai dagoen Toponimia Hiztegia eta laster aurkeztuko dogun administrazino erabilerarako Terminologia Hiztegia.

10. Lehen esan dogun lez, Kultura Sailak arlo asko hartzen ditu eta laguntzinoa behar daben talde, alkarte, erakunde eta bestelakoak gero eta gehiago dira; aurrekontuak be gero eta handiagoak dira urtetik urtera, baina non dago Kultura Sailaren mugea?

Mugak, sail guztietan, aurrekontuetan egoten dira. Kultura Sailari jagokonez, nire Sailak urtero-urtero gehiago jasoten badau be, inoiz be ez jat nahikoa begitantzen, izan be, gauza asko dagoz egiteko. Dana dala, aurrekontuak unean-unean dagozanak baino ez dira eta, jakina, banaketarako eta lehenespenak ezarteko zorrotz jokatu behar da. Ez daigun ahaztu, Bizkaian proiektu handiak daukaguzala martxan, eta proiektu horreei guztiei aurre egin behar jakela.

11. Kultura Diputadu zarenetik behar asko egin dozu, baina ba al dago proiekturik, ekinbiderik, arrazoi bategaitik edo beste bategaitik, orain arte aurrera atara ezin izan dozunik?

Orain arte behintzat, planteautako proiektu guztiak aurrera atara doguz; lehen be esan deutsut, fikzinozko politikea ez dogula maite eta, beraz, mahai ganean jarritako proiektu guztiak gauzatzeko modukoak izan dira. Bidean zailtasunak izan doguz, baina ilusinoagaz eta beharragaz, proiektuak aurrera doaz. Gure herriak, adore bereziagaz aurre egin deutse beti arazoei. Herri lez, gauza asko lortu doguz, baina ez daukat ezelako dudarik, eguneroko lanagaz eta gogo biziagaz, gure helburu guztiak beteko doguzana.

Kultura Diputadu, bizkaitar eta euskaldun lez, nire ilusinorik handiena da epe ertainean euskerea Bizkaiko herritarrentzako komunikazino tresna erakargarria izatea, era horretara, gure hizkuntzearen normalizazinoa bide onetik joango litzatekelako; euskerea altxor handia da eta, beraz, derrigorra da jagotea eta sustatzea.


Argi izan dogu beti bizkaierea Batua lez euskerea dala eta, beraz, sustatu beharrekoa; badakigu jakin, hizkuntza estandarra aberastuteko eta osotzeko beharrezko osagaia dala bizkaierea, nahiz eta urte askotan baztertuta egon. Zorionez, gaur egun ez dau inork ukatzen bizkaierearen balioa, eta azken urteotan galdutako ospea berreskuratzen doa geldiro-geldiro.

Bizkaie! Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoa, Sarean eta bizkaiera hutsean argitaratutako lehenengoa, goitik behera bat dator gure planteamentu eta erronkakaz eta, beraz, ekarpen ezin hobea da gure hizkuntzearen estandarizazino prozesuan; proiektua txalotzea eta gure babes osoa eskaintzea baino ez jaku geratzen.