Kulturea  IV. urtea // 159. zenbakia

Gerra Zibilean fusilautako zortzi gorpu atara dabez hobitik Burgosen


Aranzadik indusketa kanpainea hasi dau Zarautzeko Santa Maria La Realeko aztarnategian

Aranzadi alkarteko arkeologoek indusketa kanpaina barri bat hasi dabe, daborduko laugarrena, Zarauzko Udalak Arte eta Historia Museoaren bitartez sustatutako ekimenaren barruan, herri gipuzkoarreko Santa Maria La Realeko aztarnategiaren iparraldeko eremuan. Orain arte, aztarnategiak aparteko emoitzak eskaini ditu, izan be, ondasun museistiko legez erregistrauak izan dira, eleizearen barruan nahiz kanpandorrean, Urola Kostako historia erromatarraren eta Erdi Aroaren ikerketarako eta ulerkuntzarako hondar arkeologiko bakarrakaz.

Indusketea Santa Maria La Real aztarnategiaren ikerketa planaren eta Zarauzko Udalak Aranzadigaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiagaz sinatutako hitzarmenenaren barruan jasoten da. Egunotan hasi dan indusketa kanpaineak 35.000 euroko aurrekontua dauka, eta horregaz indusketea nahiz beharrezkoa dan logistikea pagetea aurreikusten da, Zarauzko Udaleko iturriek jakinarazo dabenez.

Laneko lehenengo egunak gunearen preparazino lanetan oinarritzen dira, ondoren arkeologoen eskutik indusketa lanak hasi daitezan. Bigarren fasean, aztarnategira bisita gidatuak antolatuko dira, eta ikerketearen emoitzak bertatik bertara ikusteko aukerea izango da.

Bizkaie!

Udako Euskal Unibersidadeko Arkeologia ikasleek eta Aranzadi Zientzien Elkarteak Gerra Zibilean fusilautako zortzi personen gorpuak atara dabez hobitik. Hildakoak errioxarrak ziran eta Altable herriko hobi komun batean egozan lurperatuta. Lurpetik atara ondoren laborategiko lanei ekingo deutse gorpuzkiak identifiketako.

Zortzi lagun horreek, CNTko sei kide, sozialista bat eta errepublikano bat, Errioxakoak ziran, Sajazarran (Errioxa) atxilotu ebezan 1936ko abuztuaren 18an eta Altablera eroan ebezan egunean bertan; hurrengo egunean hil ebezan. Gazteena 24 urtekoa zan eta nagusiena 60 ingurukoa eta hargin bat eta errementari bat egozan arren, gehienak nekazariak ziran.