Antxina-barri  IV. urtea // 159. zenbakia

Ardaoaren eta arrainaren bidea


Bidearen azkena

Baina garaiak aldatzen joan ziran eta beste bide batzuetan egindako hobekuntzek bide honen amaierea edo behintzat joan-etorrien murriztea eragin eben. Egindako aldaketak Errege eta agintarien interesen babeserako izan ziran eta, horren ondorioz, Bilbokoa edo Santanderrekoa bihurtu ziran bide nagusiak 1800. urtearen inguruan.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

Gaurko artikuluan sasoi batean benetan garrantzitsua izandako merkatari beharra eta ondorioz sortutako bidea aztertuko doguz. Bide honek hain zuzen be Bermeo, Lekeitio edo Ondarroako herriak Araba aldeagaz lotzen ebazan.

Merkataritzea Bizkaian

Araba eta Bizkaiaren arteko merkataritza loturen sorrerea noiz izan zan ez dakigu. Baina argi dagoena da, alde batetik bizkaitarrek zerealak eta ardaoa behar ebezala eta horren truke arraina eta burdina bialtzen ebezala Araba aldera.

Gainera, XIII. mendean zehar kostaldeko uri bakarra Bermeokoa zan Bizkaia osoan. Beraz, uri horrek zeresan eta zerikusi handia izan eban merkataritza lan horreetan. 1300an egoerea erabat aldatu zan Bilbok be 'uri' izakerea lortu ebanean.

Dana dala, baegozan Bilbo inguruan beste merkataritza ohitura batzuk, askoz be garrantzitsuagoak. Hain zuzen be barrualdetik, Burgoseko uritik, artilea ekarten ebana Bilbora, gero artile hau Bizkaiko portu honetatik Europara bideratzeko. Ordainean Europatik, eta batez be gaur eguneko Belgika edo Holandatik Bilbora jantziak egiteko telak ekarten ziran. Merkataritza honek 1511an Bilboko Kontsulatuaren sorrerea ekarri eban.

Are eta gehiago, gorago Arabatik ekarritako produktuen artean, ardaoa aitatzen bagenduan be, Bilbon ez zan bakarrik ardao arabar edo errioxarra topetan eta bertoko taberna eta portuetan hogei ardao mota desbardin egozan, besteak beste, Castilla, Toro, Burgos, Galizia, Portugal edo Andaluziakoak.

Ardaoaren eta arrainaren bidea

Araba eta Bizkaiaren arteko merkataritza kontuei jagokenez, esan beharra daukagu bigarren mailako bide modura erabili zala, eta horregaitik ez dago gaur egun horren erabilerearen aztarna edo proba askorik.

Horrek ez dau esan gura erabilia izan ez zanik. Alderantziz, badakigu hainbat mendeetan zehar bide honen inguruan ziran herrientzako zerikusi eta onura asko ekarri ebazela bidean egiten zan merkataritza lana. Bidea gehienbat XV. mendetik aurrera hasi ziran erabilten. Orduan baketu ziralako Bizkaiko lurrak, sasoi batean Ahaide Nagusien arteko aurrez aurrekoetan ibili ostean. Bakealdiak merkataritzarako ohiturea berreskuratzea eta bideak gero eta seguruagoak izakeran, gehiago erabiliak izatea ekarri eban. Ondorioz, Errioxako ardaoak Bilbora segurtasunez heltzen hasi ziran.

XVI. mendean txakolin eta sagardaoaren produkzinoak gitxitu egin ziran, eta Errioxako ardaoarena indartu. Jazoera honek ekarri eban protagonista doguzan merkataritzea eta bideak sendotzea. Bide honetan joan-etorriko produktuak be ugaldu egin ziran: kostaldetik barrualdera: makailaoa, bisigua edo legatza eta baleen produktuak eroaten ziran eta alderantziz barrualdetik kostaldera batez be ardaoa eta zerealak.

XVII. mendean sendotu zan Bizkaiko Kostaldea eta Arabako barrualdearen arteko merkataritzea.

Asto eta mandoak erabilita egiten zan garraio lana eta makina bat kilometroko ibilaldiak egiten ziran. Ardaoa eroateko gehien bat ardi larruetan sartzen zan, berton edateko, hau da inguruko herrietarako edota Bilbo aldean edateko bazan. Europara zein Ameriketara eroateko ardaoa, barriz, kupeletan sartzen zan eta gero itsasontzietan eroaten zan.