Hamabi pelikula lehiatuko dira Gasteizeko II. Zinema Europar Barriko Jaialdian
Bizkaie!
Danetara, 12 pelikula ikusi ahal izango dira maiatzaren 5etik 13ra bitartean egingo dan Gasteizko Zinema Europar Barriko Jaialdiaren bigarren edizinoan. Aurtengo edizinoa Belgikari dedikauta egongo da eta, danetara, 44 film aurkeztu ziran.
Eusko Jaurlaritzeak, Arabako Foru Aldundiak, Vital Kutxak eta Gasteizko Udalak kolaboretan dabe jaialdiaren antolakuntzan. Aurtengo aurrekontua 250.000 eurokoa da.
Umorea, musikea, dramea, dokumentala edo animazinoa dira jaialdiaren hamaika ataletan ikusi ahal izango diran generoetako batzuk. Gainera, Kepa Sojo zinemagile arabarrak 'El sindrome de Svensson' bere lehenengo pelikulea estreinauko dau lehiaketaz kanpo.
Atal ofizialean ikusi ahal izango diran 12 pelikulakaz batera, 'Bitxiak' sailean oinarriakaz bat ez datozen 'bitxi txikiak' ikus daitekez, eta 'Cortada' atalean, Estaduan eginiko 30 film labur musikal aurkeztuko dira.
Jaialdiko epaimahaikideen lanak, txikienentzako filmak, formato txikiko zinematografia alemanaren 19 pieza, 'Jasny & Lassally' topaketea eta zinema europarrak amerikarraz dauen ikuspegia eta alderantzizko ikuspuntua azaltzen dituan 'Europe from America' zikloa be izango dira ikusgai.
Aldi berean, Marlene Dietrich aktoreari buruzko erakusketa bat, soinu-bandei buruzko sormen-tailerrak, zinemako musikako kontzertuak edo pelikuletako ekipoetako kideakaz topaketak antolatuko dira.