Alkarrizketen alde ezezaguna
Korapiloa askatzea
Hortik aurrera, Taiwaneko ‘espioiak’ beharrean ibili dira buru-belarri nire bizitzaren ganeko gorabehera guztiak jakin guran. Hogeita bost urteko gaztea naz, tokiko komunikabideetan nabilena eta hasiera batean zerbitzu sekretuek ukatu egin eustien alkarrizketarako eskabidea ‘Gara' eta ‘Berria’ egunkarietan kolaboretan dodalako. Euren esanetan, egunkari horreei holako alkarrizketa bat eskainiz arazoak sortu daitekez Espainiako gobernuagazko hartu-emonetan.
Halan da guztiz be, zeozelako konpentsazino moduan edo Taiwaneko giza eskubideen eta demokraziaren aldeko erakunde batzuetako lagunen kontaktua emon eustien eta, horren ondorioz, ‘Gara’ egunkariko ‘Zazpika’ astekarian eta ‘Bizkaie!’-n lehen orrialdeetan argitaratu neban erreportaje bat.
Abentura hau erreportaje horregaz amaitu eitekean baina Kanpo Gaietarako Ministerioko nire kontaktuak inteligentzia zerbitzua gorrotatzen dau eta, beraz, alkarrizketea lortzearena gogo biziz hartu eta gai personala balitz legez, buru-belarri hasi zan beharrean, haren ustez, ‘gazte ausart batek holako alkarrizketea merezidu dauelako’. Hortik aurrera, inteligentzia zerbitzuaren gomendioei jaramonik egin barik eta, era berean, beharra eta ibilbide profesionala arriskuan jarrita, Lehen Ministroagaz alkarrizketea lortzeko pausuak emoten hasi zan eta bai lortu be. 2005eko zemendia zan.
Madrileko taiwandar inteligentzia zerbitzua eta ni neu harrituta gelditu ginan, Txinako presidentea, Hu Jintao Madrilera bisita ofizialean etorri eta berehala erreportajea El Paiseko Nazinoartea atalean (orduantxe hasi nintzan El Paisegaz kolaboretan) argitaratuta ikusi genduanean. Txinako Enbaxadearen hasarrea sortarazo eban alkarrizketa horrek baina, beste alde batetik, Taiwaneko inteligentzia zerbitzuak nire lana aintzat hartu eta ordura arte, bidean traba egiten ibili ziran ‘espioiek’ be parkamena eskatu eta jarrera edegiagoa erakutsi eustien.
2006an barriro hasi ginan goi mailako alkarrizketa bat lortzeko pausuak emoten. Birritan joan nintzan Madrilera Taiwaneko enbaxadoreari guztiaren barri emotera, alkarrizketearena eta, besteak beste, El Pais, TVEgaz eta tokiko komunikabideakaz kolaboretan dodala, hain zuzen; ezustean, handik gitxira Bilbora etorri zan ni ezagutzera eta nor nazan egiaztatzera. Asko kostata, azkenean, inteligentzia zerbitzuaren oneretxiagaz, errazagoa izan zan prozesuaren azken zatia.
Gonbidapen ofiziala emon eustien herrialdea bisitetako, limusinea eta lepozaina, era guztietako instalazinoetara sarbidea eta, niretzat garrantzitsuena, Europa mailako esklusibea Taiwaneko presidenteordea alkarrizketatzeko. Urtebeteko prozesua izan da eta tartean, tensino momentuak, ehunka posta elektronikoren joan-etorria egon da eta ez dakit zenbat batzar eta telefono dei gobernuko ordezkariakaz. Nigan kondidantza osoa izan dauen lagun taiwandarra ministrorde izentau dabe eta guzurra emoten dauen arren, aurrez aurre lehenengoz orain egun batzuk egon gara.
Kronika labur honi esker, testu, alkarrizketa eta kroniken atzealdean zer dagoan ezagutarazotea izan da asmoa; zeozelan, nazinoarte mailako kazetari ogibide estresagarri baina, era berean, zoragarriaren barri emotea Bizkaie!-ren irakurleei.
Nire kazetari ibilbide laburreko momentu ederrena eta erabagigarriena izan da alkarrizketearena eta osorik irakurri zeinkie ‘Barriketan’ atalean.
Zigor Aldama
Komunikabide handietan munduko goi agintariei (ministroak, presidenteak, idazkari nagusiak...) egindako alkarrizketak irakurtea ohitura bihurtu da herritar arruntontzat eta, akaso, alkarrizketa horreek lortzeko zelako gorabeherak izaten diran ez dakigu. Persona horreekaz bat egitea sano gatxa izaten da eta gatxagoa oraindino euren alderdi edo gobernuek zehaztutako barriketaldi ofizialetatik kanpoko zeozer ataratea.
Kontuak kontu, orain bete-betean sartuta gagozan bidaia honetako erronka nagusiena Taiwaneko presidenteordeagaz lortu dogun alkarrizketea da, duda barik. Herrialde berezia da Taiwan, beharbada, munduko ganerako harrialdeakaz hartu-emon bereziak ditualako. Pentsaizue, munduko hogei bat estaduk baino ez deutsie autortzen autodeterminazinoa Taiwani, 23 miloe biztanleko ugarteari, Asiako Txina erraldoiaren etenik bako mehatxu militarra sufriduten dauen herrialdeari.
Horregaitik guztiagaitik, Taiwaneko gobernuko goi agintariakaz alkarrizketea lortzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Bidaiarion ikuspegitik, arazo bat baino gehiago euki geinkez Txinan zeharreko osteratan eta, beste alde batetik, alkarrizketa hori argitaratuko daben komunikabideen ikuspegitik arazo diplomatiko larriak sortu daitekez Pekineko agintariakazko hartu-emonetan.
Arazoak arazo, alkarrizketarako eskabidea orain urtebete inguru egin neban arren, oraintsu jazo neban baiztapena Madril eta Taipeiko bulegoetatik: presidenteordeagaz ordubeteko barriketaldirako hitzordua apirilaren 19an, goizeko 10:00etan. Gu hara heldu eta biharamunean. Edozelan be, alkarrizketea lortzeko prozesua luzea ez eze, nekosoa eta boladaka bitxia be izan da.
Igazko bagilean ekin neutson beharrari. Bidaiotan kolaboretan dodan Amnesty International erakundearen bitartez, Taiwaneko Kanpo Gaietarako Ministerioko goi kargu bategaz hartu-emonetan jarri nintzan. Goi agintari bategaz alkarrizketea gura nebala azaldu neutson eta, beste barik, ohiko prozedureari jarraipena emonaz, gaiaren barri inteligentzia zerbitzuari emongo eutsola adierazo eustan.