Euskerea berbagai  IV. urtea // 158. zenbakia

Bizkaie! Telebista


Xabier Paia

Imajinetan dozue euskera hutsezko telebista kate bat? 'Telebarri', “Ikusgelea” edo 'Berbatik Haginera' programak imajinetan dozuez? Euskalki berean berba egiten daben Goenkaleko familiak? Hori dana eta gehiago posible ei da tokiko telebistakaz, baina ez dau emoten kontua hain erraza izango danik.

Tokiko telebistek jente askoren hizkerea indartzeko bidea ekarri leikie. Inoren aititak edo amamak ez leuke esango urlia aurkezlearen berbakerea ulertzen ez dauenik, edota bere euskerea benetako euskerea ez danik. Bizkaieraz ikasi gura leuken jenteak informazino-iturri bizi eta eguneratua izango leuke sofaren parean, eta leku batzuetan aitita-amamei egozten jaken hizkerea gazteen ezpanetan ikusiko litzateke. Duda barik, hizkuntzearen izakera tradizionalak eta telebistearen euskarri modernoak ondare linguistiko-kulturala barrizteko klabea izan leikie.

(Badakit amesa ohi baino luzeagoa egiten nabilela, baina badago puntutxu bat neure aldarrikapenetan sartu gurako neukeena bizkaiereari jagokonez:)

Hala eta guztiz be, telebista horri giza-baliabideak emoteko beharrezkoa izango litzateke ikusentzunezko komunikazinoak, informazino-zientziak, kazetaritzeak eta abarrek euskalkien lanketea gehitzea euren programa akademikoetan. Eta ez daitela izan bizkaieraz dakienentzako klaseak sortzeko, ez bada horretaz ganera, bizkaieraz ez dakienei bizkaieraz ikasi, bizi eta behar egiteko aukerea emoteko. Holan, aukera bardintasuna bermatuko da bizkaieraz jarduteko lanpostuetan, inoren gurasoen hizkerea ez daiten izan inork lana lortzeko arrazoia.

Tokiko telebisten proiektuak, ostera, ez dakigu euskereari zenbat tarte ixten deutson. Igual ez geunke bizkaierari buruz itaunak egiten hasi beharko be, euskera batu legalaren parte hartzea pantaila ez nazional eta autonomikoetan zenbatekoa izango dan ondo ez dakigunean.

Dakigun apurraren arabera, Kultura Sailaren dekretu zirriborroak ez deutse aterik ixten euskera hutsezko telebistei; ateak gaztelania hutsezko telebistei ixten ei jakoz, ez ei dalako euskerarik bako gaztelania hutsezko toki telebista digitalik egongo.

Telebista danei euskera minimo bat exijiduko jake: kanalak udalek kudeatzen dabezan kasuetan gitxienekoa programazinoaren erdia izango da eta hortik gora udalerriko euskera portzentajearen arabera igoko da programazinoaren euskal bolumena. Jakina, horren arabera, herri nahiko erdaldun batean euskeraz bizi dan euskaldunak ezingo dau bere bizi-jarduera euskalduna normaltasunez zabaldu, eta bere herriaren egoera diglosiko tristea errealidadearen egia absolutu lez ikusi beharko dau bere etxeko telebistan ustez bere ekosistemara gehien parajetu beharko litzatekeen kanalean be.

Akabuan ETB1 eta ETB2ren batuketa logiko-komodoenak izango dira tokiko telebistak: marrazki bizidunak eta kirolak euskeraz eta ganerakoak ez. Oker ibiltea espero dot.

Eze, ganera, dekretuak dino lehiaketako puntu-banaketea egiterakoan kontuan hartuko dala gitxienekotik goragoko euskerearen presentzia, bereziki eta modu erabagigarrian baloratzeraino osorik euskeraz jardungo leukien telebista-proiektuak. Horregatik esperantzea baino ez dala dinot.

Bien bitartean, Bizkaie! Telebistearen formatu idatzi digitalagaz segidu beharko dogu!