Musikea  IV. urtea // 158. zenbakia

Kokein taldearen DVDa


1999ko urrian, beste hainbat taldetan ibilitako musikariakaz (Luther, Kukka, Kafha, Ehun Kilo) eratutako taldea da Kokein. Eibarko lokaletan dagoan estudioan gaur egun topauezina dan maketa bat grabau eben. Musikea bere osotasunean ulertzen dabe, estilo jakin batetik baino askotatik edaten dabela ohartarazoz. Rock-aren ikuspegi barri batean mobiduten dira lokalean kantak sortzerako orduan. 2002. urtea lanez eta ilusinoz beterikoa izan zan taldearentzat, eta horren ordainsari legez, taldearen diskografia estreinauko eban 6 abestiz osotutako aurkezpen diskoa etorri zan. Horren ondoren, 2004. urtearen amaieran, ‘Lotuta egon arren’ disko luzea kaleratu eben eta gaur arte emonaldi ugari eskaini dabez mueta guztietako eszenatokietan taldea ederto sendotuz.

Gotzon Uribe

Eibarko Kokein taldea albiste da egunotan. Joan dan apirilaren 8an Elgetako Kafe Antzokian kontzertu akustikoa eskaini eban helburu zehatz bategaz: euren lehenengo DVDa grabetea. Kokein taldeak aurreko bi lanetan plazaraturiko abestiak batu ditu Gaztelupeko Hotsak zigiluagaz plazaratuko dauen DVDan.

Azken hilebeteotan hainbat kontzertu akustiko eskaintzen dabil taldea Euskal Herri osoan zehar euren abestiak irakurteko eta interpretetako modu desbardinak dagozala erakutsiz. Hori dala eta, kontzertu honeen testigantzea oroimenean bakarrik gelditu ez daiten, irudi eta soinuz hornidutako lana laster izango da kalean.

Kokein taldeak rock eta pop estiloak buztartzen ditu bere abestietan. Gainera, taldea oraingoan seikote moduan agertu da taulagainean, izan be, Maite Arroitajauregi (Anari, Lisabö…) txelojotzailea be izan da ohiko boskoteagaz batera.