Zinea  IV. urtea // 158. zenbakia

Bienvenido a casa


‘Bienvenido a casa’ filma komedia gazi-gozoa da, komikotasunaren alderdira larregi makurtukeran pelikuleari hasikeran aurreikusten jakon indarra galtzen dauena. Ganera, istorio honetako umorea larregikoa, parodikoegia da, bikote eta lagunarteen benetako eta ohiko pasadizoetan oinarritzen dala igarri arren. Edozelan be, istorioko egoera absurdo horreetariko batzuek barre algarak eragiten dabez eta, beraz, ez dago alderdi negatibotzat hartzerik.

Hutsuneak hutsune, honako hau aktoreen filma da; antzezleen zerrendea ikaragarri ona da eta David Truebak horretan bete-betean asmau dauela esan daiteke. Jorge Sanzek lan ona egiten dau eta aspaldion ez dogu izan Echanove handia komedia batean ikusteko aukerarik. Alejo Sauras-ek be maila onari eusten deutso eta Pilar López de Ayalak zoragarri dihardu film osoan.

Hala eta guztiz be, gorago esan dogun lez, istorioaren momentu triste eta larriak ez dira gauzatzen, erdibidean geratzen dira, noraezean; beharbada, ez dabe irribarreari aurre egiteko beste kemenik. Honaino ailegatuta, film hau hankamotz azaltzen jaku, txinparta eta orekea galduta, seguru antzean barre egiteko pasarteak hainbeste ez diralako eta negar egitekoak benetako zirrararik sortu eragiten ez dabelako.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoilaria: David Trueba.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 118 minutu.
- Antzezleak: Alejo Sauras (Samuel), Pilar López de Ayala (Eva), Ariadna Gil (Sandra), Juan Echanove (Félix), Jorge Sanz (Lucas), Concha Velasco (Madre de Samuel), Vicente Haro (Don Vicente), Javivi Gil Valle (Mariano), Julián Villagrán (Contra), Juana Acosta (Nieves), Carlos Larrañaga (Andrés).
- Argazkia: Juan Molina.
- Muntaia: Manuel Huete.