Euskal-venezuelar komunidadeak Galdakaon ospatuko dau bere XI. Urteroko Topaketea
Bizkaie!
Gaur egun Venezuelan bizi diran euskal diasporako kideak eta herrialde horretan euskaldunen ondorengo legez jaio baina Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diran euskal-venezuelar guztiek aukerea izango dabe apirilaren 22an barriro batzeko eta adiskidetasun hartu-emonak sendotzeko Galdakaon egingo dan Euskal-Venezuelar Komunidadearen XI. Urteroko Topaketan.
Ekimen hau Simon Bolivar alkarteak antolatu dau eta ehun persona inguru batzea espero da, diasporatik eta EAE osotik erakarri nahi baitira euskal-venezuelar ugari. Topaketearen helburua Euskal Herria eta Venezuelaren arteko urruntasunari aurre egitea eta bi komunidadeen arteko hartu-emonak estutzea da.
Aurten topaketeak Aste Santuko oporren amaiereagaz bat egingo dau, eta beraz, beste urte batzuetan baino jente gitxiago espero dabela adierazo dau Simon Bolivar alkarteko kide eta topaketen arduraduna dan Amaia Zenarrutzabeitiak. Caracasen jaiotako euskal-venezuelar honen arabera, 50 persona inguruk daborduko izena emon dabe eta beste hainbat erakarri nahi dira. Datu legez baino ez bada be, igazko topaketan, danetara, 150 lagun batu ziran, nagusi eta txikien artean.
Azken urteetan bezela, Venezuelako euskaldunen eta EAEko venezuelarren arteko alkartze hau Galdakaon egingo da barriro be, antolakuntzeak emondako erraztasunen poderioz. Hasierako edizinoetan jaiegun honek hainbat herrialde ezagutu ditu, Arrieta (Bizkaia), Alegia (Gipuzkoa), Altsasu (Nafarroa), Lierni (Gipuzkoa) eta Olazti-Olazagutia (Nafarroa) lako herrietan egin baita.
Hilaren 22an egingo dan euskal-venezuelarren topaketa hau arratsaldeko 14:00etan hasiko da Elexaldeko Andra Mari Eleizan, aurten hildako komunidadeko kideei eskainiko jaken oroimenezko meza bategaz. Geroago ostera lasai bat izango da Elexaldeko sagardotegiraino bertan bazkaltzeko asmoz.
Jateko orduan bi aukera eukiko dabez topaketara hurreratzen diranek: batetik sagardotegietako ohiko jatekoak aukeratu ahal izango dira, hau da, makailao-nahaskia, makailaoa piperrakaz eta idi-txuletea, postrea be aukeran izanik; eta bestetik, dastatze-menu bat: odolosteak piperrakaz, txorizoa sagardaotan egosita, makailao-nahaskia, idi-txuletea eta postrea postrea izango dira aukeran.
Persona bakotxeko 30 euro pagau beharko da, kafea eta BEZ barruan dauen prezioa izanik. Urtero bezela, bazkarian ezusteko-omenaldi bat egingo jako komunidadeko kide bati, bere ekarpenak kontuan izanda.