Txinako internautek Sare 'garbia' izango dabe
Gotzon Plaza,
informatikoa
Gauza jakina da Txinako gobernuak kontrol gogorra eta zehatza ezarri dauela Sarean. Baten baino gehiagotan aitatu dogu zelan bertako gobernuak zentzurau dauzen bai ziberkafelekuak, bai web guneak be. Herrialde haretako ziberprotestagileak kartzelaratzeko aginduak be emon ditu sarritan gobernuak.
Orain, barriz, zentzura zabalagoa egin gura deutsie Sareko edukinei. Alde batetik, Txinako tradizinoa aitatuz eta bestetik, Sareko edukin biolentoak edo pornografikoak atxakiatzat hartuz, Sare 'garbi' bat antolatu gura dabe. Horretarako, Txinako atari nagusienakaz hartu-emonetan jarri eta edukin 'ez moralak' eta 'gusto txarrekoak' kenduko dabez euren loturetatik. Kontuak kontu, bertako ataririk nagusienak batu (Sina.com, Sohu.com, Baidu.com eta Txinako Yahoo! Bilatzailearen bertsinoa) eta agiri bateratu bat plazaratu dabe.
Txinako gizartearen moraltasuna eta tradizinoari eutsiz, moralaren kontrako orrialdeak, mezuak, edukinak, argazkiak eta blogak be Saretik garbituko dabez eta bardin on-line joko biolentoak edota sexuagaz zerikusia dabenak be.
Mundu mailan, Estadu Batuetan dago internauta kopururik handiena (159 miloe) eta bigarren postuan Txina dago (111 miloe internauta, urtero Sarean 12.000 miloe dolar gastetan dabezanak) baina apartekotasun bategaz: oraindino Txinako zenbakiak hazteko bide luzea dauka, ez daigun ahaztu bertako biztanleak 1.400 miloe dirala eta laster, urte pare bat barru edo, Txina izango dala munduko internauta gehien izango dauen herrialdea.
Azken lau urteotan, Txinako gobernua bide horretatik buru belarri saiatu da eta betiko moduan beste asmo batzuetarako be aprobetxauko da 'moralen kontrako' kanpaina hau, jakina. Gobernuaren zentzurea hor egongo da (eta ez daigun ahaztu, zentzura honen laguntzaile teknikoak Google, Yahoo! eta Microsoft enpresak be badirala) eta Sarea erabilten daben blogariek kontuz ibili beharko dabe, euren eretxiak gobernuaren kontrakoak izan ezkero, kartzelan sartuko dabezalako.